Ugaztun

Ugaztunen taldea (Mammalia) animalia ornodunen klase bat da.

Amniota endotermikoen kladoan sailkatzen dira; narrastiengandik (hegaztiak barne) desberdintzen dira neokortexa, ilea, belarrian hiru hezur txiki eta ugatzak dituztelako. Eme guztiek euren kumeak ugatzetako esnearekin elikatzen dituzte. Ugaztun lurtar gehienak koadrupedoak dira, baina batzuek moldaerak garatu dituzte ugaztun itsastar, hegalari edo bipedoak izanik.

Ugaztun
Goi Triasiko-gaur egun

Ugaztun
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaEumetazoa
FilumaChordata
SubfilumVertebrata
SuperklaseaTetrapoda
Klasea Mammalia
Linnaeus, 1758
Azpiklaseak
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakesne, haragi eta hide (en) Itzuli

Karenadun animalien taldea da ugaztun-talderik handiena (Placentalia), karenak umekia haurdunaldian zehar elikatzeko aukera emanez. Ugaztun gehienak erditzen dira, monotrematuen taldean sailkatzen diren bost espezie izan ezik, arrautzak erruten dituztenak. Bestalde, ugaztunen ordenarik handiena karraskariena da, eta hurrengo handienak saguzar eta Soricomorpha ordenak.

Taxoi monofiletiko bat da, hau da, taldean dauden guztiek arbaso komun bakarra dute. Arbaso hau Triasiko garaikotzat jotzen da, orain dela 200 milioi urte. Sinapsidoen kladoaren barruan sailkatuak dira, desagertutako pelikosaurio eta zinodontoekin batera. Sinapsidoen artean sailkatzen diren gaur egungo terapsidoak Mesozoikoaren hasieran banatu ziren. Ordena gehienak Paleogenoan eta Neogenoak sortu ziren, Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboaren ostean dinosauroak desagertu zirenean, eta Lurreko animalia dominanteak izan dira azken 66 milioi urtetan zehar.

Ugaztun gehienak inteligenteak dira, batzuek burmuin handia dute, autokontzientzia dute eta tresnak erabiltzen dituzte. Ugaztun asko komunikatzeko gai dira ultrasoinuen bidez, haien lurraldea markatuz, alarma mezuen bidez, abeste edo ekolokazio bidez. Hainbat ugaztun taldek antolaketa hierarkikoa dute, baina bakarti edo lurraldekoiak ere izan daitezke. Ugaztun gehienek poliginia praktikatzen dute, baina badira monogamo eta poliandrikoak ere.

Sailkapena

Ikus zerrenda: «Ugaztun familien zerrenda»
Ugaztun 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Karraskariak dira ugaztunen herena. Hemen zortzi datu.

Gaur egun 4.100 ugaztun espezie bizi direla jotzen da, hauetatik heren bat karraskariak izanik. Tamainari dagokienez, balea urdina da Lurreko animalia-talde handiena (30 m-ko luzera du) eta ugaztun txikiena Craseonycteris thonglongyai (30-40 mm-koa). Ugaztunak hurrengo hiru talde nagusitan sailkatzen dira:

Prototerioak (monotrematuak)

Prototerioek narrastien berezitasun batzuk atxiki dituzte, besteak beste obiparoak baitira eta kloaka baitute. Emeen esne-guruin tubularrek ez dute titirik eratzen, eta kumeek ez dute esnea edoskitzen, miazkatzen baizik. Australia eta Ginea Berrian banatuta dauden ekidna eta ornitorrinkoa dira gaur egun bizi diren monotrematu bakarrak.

Metaterioak (martsupialioak)

Kumeak garapenaren oso fase goiztiarrean jaiotzen dira, sabelaldia laburra baita, eta hazkundea amaren titietara atxikita amaitzen dute, martsupio izeneko poltsa dermikoaren barruan. 240 espezie inguru sailkatzen dira talde honetan Australian hedaturik, kangurua, walabia, wonbata eta koala, besteak beste.

Euterioak (plazentalioak)

Ugaztun talde honen sabelaldia erlatiboki luzea da, eta kumeak nahikoa osatuta jaiotzen dira. Euterioen taldea dibertsoa da ondoko ordenak bereizi direlarik: intsektiboroak (satitsua, satorra, trikua; 400 bat espezie), dermopteroak (2 espezie: lemur hegalariak), kiropteroak (1.200etik gora espezie: saguzarrak), primateak (350 espezie: lemurrak eta tximinoak), edentatuak (31 espezie: nagia, tatuna, hartz inurrijalea), folidotoak (8 espezie: pangolina), lagomorfoak (100 bat espezie: untxia eta erbia), karraskariak (2.300 espezie inguru: sagutxoa, sagua, urtxintxa, kastorea, marmota, arantzurdea), hirakoideoak (11 espezie: damana), proboszideoak (2 espezie: elefantea), sirenioak (5 espezie: manatia, dugonga), tubulidentatuak (espezie bakarra: urde inurrijalea), perisodaktiloak (16 espezie: zaldi-behorrak, zebra, tapirra, errinozeroa, astoa), artiodaktiloak (171 espezie: zerria, basurdea, gamelua, jirafa, antilopeak, oreina, behi-zezenak, ardi-ahariak, hipopotamoa), karniboroak (253 espezie: katua, zakurra, hartza, lehoia, azeria, erbinudea, panda), pinipedioak (31 espezie: mortsa, foka, otarioa), eta zetazeoak (84 espezie: izurdea, balea, kaxalotea).

Hala ere, lerro filogenetikoa bitan banatu dela pentsatzen denez, martsupialio eta plazentalioak elkarrekin sailkatzen dira terioen taldean.

Anatomia

Esan bezala, ugaztunen taldea monofiletikoa da eta bertan sailkatzen diren kide guztiek hurrengo moldaera ebolutiboak partekatzen dituzte (sinapomorfiak), taldean sailkatzen laguntzen dutenak:

Ugatzak

Esnea jariatzen duten guruinak dituzte, esnearekin kumeak elikatzeko.

Barailaren artikulazioa eta belarriko hezurrak

Ugaztun 
Ugaztun baten (goian) eta ugaztuna ez den beste Amniota baten barailaren artikulazio eta belarriko hezurren arteko erkaketa.

Ugaztunen ezaugarri berezigarrien artean erdiko belarriko hiru hezur txiki daude: mailua, estribua (hiomandibularra jatorrian) eta ingudea. Belarriaren barruan daude eta aurkitzen duten bibrazioa tinpanoaren aurka igarotzen dute, barne belarrira helaraziz. Hala ere, monotrematuek ez dute ezaugarri hau.

Ingudea eta mailua hezur karratutik eta hezur artikularretik datoz. Mintz tinpanikoa hezur tinpanikotik garatu da. Beste ornodunetan bi hezur hauek artikulazio tenporomandibularra osatzen dute. Ugaztunetan kumekiaren garapenean hezur dentario eta eskuamosaletik sortzen da artikulazio hau.

Bestalde, barailaren artikulazioa burezurrarekin dentario eta eskamosalaren artean egiten da. Baraila hezur bakarrez osatuta dago eta bertan haginak daude.

Ilea

Ugaztun 
Idi musketaduna, ugaztunek baino ez duten ilearen adibide.

Ilea duten animalia bakarrak dira, nahiz eta batzuek enbrioi garaian izan soilik (baleen kasuan adibidez), kanpo larrua osatuz. Ilea keratina proteinaz osatuagoa dago eta hurrengo funtzioak betetzen dituzte:

  • Ileak erregulazio termikoan laguntzen du, gehienetan gorputza hotzetik isolatuz edo hainbat kasutan berotik ere. Inguruarekiko isolamendua ezinbestekoa da gorputzaren tenperatua konstante mantentzeko (homeotermia) energia aldetik modu merkeena delarik (ugaztun batek narrasti ektotermiko batek baino 30 eta 50 aldiz elikagai gehiago behar ditu tamaina eta bizi-eredu antzekoarentzat).
  • Ilearen kolore eta banaketak kamuflajean laguntzen dute, bai ehiza egiteko garaian bai eta ehizatua ez izateko garaian. Horregatik ugaztun batzuek ilearen kolorea aldatzen dute urtearen sasoiaren arabera, Lepus timidusen kasuan adibidez. Batzuetan ohar gisa ere erabil daitezke, mofetek egiten duten bezala.
  • Ileak ere dimorfismo sexuala jasan dezakete eta beraz bi sexuen artean bereizteko balio izan. Adibidez gizaki eta lehoietan gertatzen da.
  • Ileak elkarrekin komunikatzeko ere balio dezake. Animalia batzuek ilea zutik jartzen dute ihes egin behar dutela edo eraso behar dutela adierazteko.
  • Ileak ukimenean ere erabil daitezke. Hau bereziki egia da biboteetan, adibidez katuek dituztenak. Hauek giharren bidez mugi daitezke eta zuntz nerbiosoak dituzte mugimendua antzemateko.
  • Ugaztun batzuetan, adibidez kirikiño eta ekidnetan ileak arantza bilakatu dira eta erasoen kontrako babesa dira.
  • Ileak ere iragazten du eta sistema sentsoriala babesten du, adibidez bekain eta belarrietan. Airean dauden hainbat gai ere hartzen dituzte sudurretik sar ez daitezen.

Hortzeria

Ugaztun 
Tigre baten hortzeria.

Ugaztun gehienak heterodontoak dira, hau da, hortz mota bat baino gehiago dituzte. Lau hortz mota dituzte: ebakortzak (aurrean egoten direnak), letaginak, haginaurrekoak eta haginak. Mota bakoitzetik dauden hortz kopuruak hortzeria-formulan zehazten dira. Hortzeria heterodonto hau garrantzitsua da homodontak diren narrastiengandik bereizteko eta fosilen sailkapenean ere garrantzitsua da. Ugaztun gehienak, gainera difiodontoak dira, hau da, txikitan duten hortzeria gero aldatzen da. Lehenengo esne-hortzak agertzen dira eta hauek galdu eta betiereko hortzeria agertzen da. Haginak, hala ere, ez dira aldatzen, hauek betiko hortzeriarekin batera agertzen baitira.

  • Monotrema (Prototheria) helduek ez dute hortzik, baina kumeek narrastiek arraultzak irekitzeko duten haginaren antzeko bat dute.
  • Martsupialen (Metatheria) hortzeria karedunekin alderatuta ezberdintasunak ditu.
     Hortzeri-formula    
5.1.3.4
4.1.3.4

Espezie askok goiko eta beheko hortz kopuru ezberdina dute. Antzinako martsupialek 5/4-1/1-3/3-4/4 hortzeria formula zuten, 50 bat hortzekin guztira. Gaur egun 40 eta 50 artean izaten dira gehienetan, karenadunetan baino askoz gehiago.

  • Karedunek (Eutheria) antzina 3/3-1/1-4/4-3/3 hortzeria formula zuten, guztira 44 hortzekin.
     Hortzeri-formula    
3.1.4.3
3.1.4.3

Horrelako formula oraindik orain aurki daiteke hainbat espezietan baina gehienek hau murriztu dute eta hortzeria espezializatu bat dute. Pangolina bezalako espezi batzuek ez dute hortz bat bera ere. Kontrako kasua, hau da, hortz gehiago edukitzea Priodontes maximus armadillo erraldoian baino ez da gertatu, 100 hortzekin. Odontozetoek kasu berezia dute, orain hagin guztiak berdinak dituztelako eta horietako batzuek, batez ere izurdeek 260 arte dituzte.

Sorrera eta eboluzioa

Jatorria

Kladograma honetan ugaztunak (letra beltzez) agertzen dira, euren arteko erlazioa erakutsiz. Gainera beste ornodun lurtar batzuekin duten harremana ere agertzen da (letra xehez).

Tetrapoda

Amphibia

Reptiliomorpha

Diadectomorpha

Amniota

Sauropsida (apoarmatu, krokodilo, dinosauro, hegaztiak)

Synapsida

Pelycosauria*

Therapsida

Dicynodontia

Theriodontia

Cynodontia

Mammalia

Triconodonta

Monotremata (ornitorrinko, ekidnak)

Multituberculata

Theria

Marsupialia (martsupialak)

Palaeoryctoides

Eutheria (karedunak)
Atlantogenata

Afrotheria (elefante, manatiak, damanak...)

Xenarthra (armadiloak...)

Boreoeutheria

Laurasiatheria (behiak, txakurrak, txerriak, baleak...)

Euarchontoglires (karraskariak, untxiak, gizakia...)

Sailkapen molekularra

Mammalia

Monotremata Ugaztun 

Theria

Marsupialia Ugaztun 

Placentalia
Atlantogenata

Afrotheria Ugaztun  Ugaztun 

Xenarthra Ugaztun  Ugaztun 

Boreoeutheria
Euarchontoglires

Euarchonta Ugaztun Ugaztun 

Glires Ugaztun Ugaztun 

Laurasiatheria

Eulipotyphla Ugaztun 

Scrotifera

Chiroptera Ugaztun 

Euungulata

Cetartiodactyla Ugaztun Ugaztun 

Perissodactyla Ugaztun Ugaztun 

Ferae

Pholidota Ugaztun 

Carnivora Ugaztun Ugaztun 

Jokabidea

Komunikazioa eta bokalizazioa

Ugaztun 
Vervet tximinoek lau alarma-dei ezberdin erabil ditzakete harrapari ezberdinen aurrean.

Ugaztun asko bokalizatuz komunikatzen dira. Ahozko komunikazioak hainbat helburutarako balio du: parekatze-erritualetarako, ohartarazpen-deietarako, elikagai-iturrien adierazpenerako, baita gizarte-helburuetarako ere. Arrek erditzeko erritualetan orro egin ohi dute, beste arrak urruntzeko eta emeak erakartzeko, lehoien eta orein gorrien zimurrean bezala. Balea konkordunaren abestiak emeentzako seinale izan daitezke; dialekto desberdinak dituzte ozeanoko eskualde desberdinetan. Bokalizazio sozialen artean daude gibbonen lurralde-deiak eta taldeak bereizteko abiadura handiagoko saguzarren frekuentzia. Vervet tximinoak alarma-dei bana dauka gutxienez lau harrapari mota ikustean, eta beste tximu batzuen erreakzioak aldatu egiten dira deiaren arabera. Adibidez, alarmak pitoi bat adierazten badu, tximinoak zuhaitzetara igotzen dira, aldiz, arrano-alarmaren ondorioz, tximinoek ezkutaleku bat bilatzen dute lurrean. Belardi-txakurrek ere dei konplexuak dituzte, dei horiek hurbiltzen ari den harrapari baten mota, tamaina eta abiadura adierazten dutelarik. Elefanteak soinu mota desberdinekin komunikatzen dira sozietatean, hala nola, zurrungak, garrasiak, tronpetak eta zurrumurruak barne. Dei batzuk infrasonikoak dira, gizakien entzumen-mailaren azpikoak, eta beste elefante batzuek 9,7 km-taraino entzun ditzakete egunsentitik eta ilunabarretik gertuko orduetan.

Ugaztunek hainbat bide erabiltzen dituzte seinaleen igorpenerako. Askok harrapakarien aurkako seinale nabariak ematen dituzte, hala nola oreinak eta gazelak beren egoera fisikoa eta ihes egiteko gaitasuna adieraziz, edo orein isats-zuridun eta harrapakin diren beste ugaztun batzuek buztan-marka nabariak erakusten dituzte alarma-egoeran daudenean, harrapakariari jakinaraziz detektatua izan dela. Ugaztun askok usain markak erabiltzen dituzte, batzuetan lurraldea babesten laguntzeko, baina segur aski beste funtzio anitzekin erlazionatuta egongo da espezie barruan nahiz kanpoan. Mikro saguzarrak eta balea horzdunak, izurde ozeanikoak barne, sozialki  eta ekolokalizazioan bokalizatzen dira.

Elikadura

Gorputz-tenperatura altua konstante mantentzeko, energia kontsumitu behar du animaliak; beraz, ugaztunek dieta elikagarria eta ugaria behar dute. Nahiz eta lehen ugaztunak harrapariak izan seguruenik, hainbat espezie egokitu dira elikadura-beharrak asetzeko. Batzuek beste animalia batzuk jaten dituzte: dieta haragijalea da hau (dieta intsektujalea barne). Beste ugaztun batzuei belarjale deritze; hauek karbohidrato konplexuak dituzten landareak jaten dituzte, hala nola zelulosa. Dieta belarjalea dibertsoa da: haziak, hostoak, frutak, nektarra edo onddoak jan ditzakete. Belarjale baten digestio-traktua bakterioen ostalaria da eta landarearen substantzia konplexu horiek hartzitzen dituzte, digestioan lagunduz. Ugaztun batzuk koprofagoak dira eta gorozkiak kontsumitzen dituzte elikagaiak lehen aldiz irenstean digeritu gabeko (eta kanporatutako) elikagaiak xurgatzeko. Ugaztunen artean omniboroak ere badaude eta hauek ehizakiak eta landareak jaten dituzte. Ugaztun haragijaleek digestio-bide sinplea dute, haragian dauden proteinek, lipidoek eta mineralek digestio espezializatua behar ez dutelako (landareko substantziek behar duten digestioan ez bezala). Salbuespen gisa, baleek bakterioak metatzen dituzte ganbera anitzeko urdailean, lurreko belarjaleek bezala.

Animalia baten tamaina ere faktore bat da dieta mota zehazteko (Allenen araua). Ugaztun txikiek azalak sortu baino galtzen duen azalera-proportzio handia dutenez beroa sortzen duen bolumenarekiko, energia-eskakizun handiak eta tasa metaboliko handia izaten dituzte. 18 ontza (510 g; 1,1 lb) baino gutxiago pisatzen duten ugaztunak intsektujaleak dira nagusiki, belarjale baten digestio-prozesu motel eta konplexua ezin dutelako jasan. Animaliarik handienek, bestalde, bero handiagoa sortzen dute eta bero hori baino gutxiago galtzen da. Beraz, bilketa-prozesu motelagoa (ornodun zaharragoz elikatzen diren haragijaleak) edo digestio-prozesu motelagoa (belarjaleak) egin dezakete. Gainera, 18 ontza (510 g; 1,1 lb) baino gehiago pisatzen duten ugaztunek, oro har, ezin dituzte behar adina intsektu bildu zainketa-orduetan. Ugaztun intsektiboro handi bakarrak intsektu-kolonia handiez elikatzen dira (inurriak edo termitak).

Ugaztun batzuk orojaleak dira eta haragijaleen eta belarjaleen maila desberdinak dituzte; gehienetan, karniboroagoak edo herbiboroagoak dira. Landareak eta haragia beste modu batera digeritzen direnez, batak bestearen gainetiko lehentasuna du; hartzen kasuan bezala, espezie batzuk nagusiki haragijaleak eta beste batzuk nagusiki belarjaleak dira. Hiru kategoriatan sailkatzen dira orojaleak: mesokarniboroa (% 50 - % 70 haragia), hiperkarniboroa (% 70 eta gehiago haragia) eta hipokarniboroa (% 50 edo gutxiago haragia). Hipokarniboroek hortz triangeluarrak dituzte, urre-kolorekoak eta elikagaiak ehotzeko erabiltzen direnak. Hiperkarniboroek, ordea, hortz koniko disdira gabeak dituzte bazka txikitzeko. Kasu batzuetan, masailezur sendoak dituzte harrapakinaren hezurra birrintzeko, hienek bezala, hezurrak kontsumitzeko aukera emanda; iraungitako talde batzuek, bereziki Machairodontinae taldeak, sable-itxurako kaninoak zituzten.

Haragijale fisiologiko batzuek landare-materia kontsumitzen dute eta belarjale fisiologiko batzuek haragia. Jokabidearen ikuspegitik orojaleen taldean sailkatuko genituzke, baina  ikuspuntu fisiologikotik zoofarmaknosiaren ondorio dela badakigu. Fisiologikoki, animaliek landare- eta animalia-materialetatik energia eta elikagaiak lortzeko aukera izan behar dute omniborotzat hartzeko. Beraz, animalia horiek haragijale eta belarjale gisa sailkatzen dira, itxuraz haien sailkapena osatzen ez duten iturrietatik datozen elikagaietatik soilik lortzen ari direnean. Adibidez, ondo dokumentatuta dago zenbait ungulatu, hala nola jirafak, gameluak eta behiak hezurrak koskatzen dituztela bertatik mineral eta mantenugai zehatzak lortzeko. Halaber, katuek, haragijale nahikotzat jotzen direnek, noizean behin belarra jaten dute digeritzen ez den materiala (ile-bolak, esaterako) hemoglobina ekoizten laguntzeko eta laxante gisa.

Ugaztun askok metabolismoa ezabatzen dute eta energia mantentzen dute hibernazio izeneko prozesu batean inguru batean behar adina elikagai ez dagoenean. Hibernazioaren aurreko aldian ugaztun handienak, hartzak esaterako, polifagiko bihurtzen dira gantz-erreserbak handitzeko; ugaztun txikiek, berriz, nahiago dute elikagaiak bildu eta xehatu. Metabolismoaren moteltzearekin batera, bihotzaren eta arnasketaren maiztasuna murriztu egiten da eta barne-tenperaturak ere gutxitu egiten dira, kasu batzuetan giro-tenperaturaren inguruan egon daiteke. Adibidez, artikoko katagorrien barruko tenperatura –2,9 °C-ra (26,8 °F) jaitsi daiteke, baina burua eta lepoa beti 0 °C-tik (32 °F) gora egoten dira. Ingurune beroetako ugaztun batzuk lehorte edo bero handiko garaietan estibazioa egiten dute, adibidez, isats lodiko lemur nanoa (Cheirogaleus medius).

Adimena

Ugaztun adimendunetan, primateetan esaterako, garuna handiagoa da burmuinaren gainontzeko atalekin alderatuta. Adimena bera definitzea ez da erraza, baina adimenak barne hartzen ditu ikasteko gaitasuna eta portaeraren malgutasuna. Arratoiak, adibidez, oso adimentsutzat jotzen dira, ikasi eta zeregin berriak egin baititzakete; trebetasun hori garrantzitsua izan daiteke habitat berri bat kolonizatzen dutenean. Ugaztun horietan badirudi elikagaien bilketa adimenarekin lotuta dagoela: landarez elikatutako orein batek katu batek baino garun txikiagoa du, harrapakariak harrapakina ehizatzeko moduetan pentsatu behar duelako.

Animaliek tresnak erabiltzeak ikaskuntza- eta kognizio-maila desberdinak iradokitzen ditu. Itsas igarabak harkaitzak erabiltzen ditu arroken zatiak hausteko edo maskorrak irekitzeko; portaera hori funtsezkoa zaie eta hainbat populazioek denboraren % 21 pasatzen dute erremintak egiten. Txinpantzeen kasuan, termitak arrantzeko adartxoen erabilera beste banako batzuengandik ikasia izan daiteke. Honek, animalien ikasteko gaitasuna erakusten du. Gainera, zenbait tresna erabil daitezke buru-hausgarriei aurre egiteko, animaliak "Eureka" une bat duela baitirudi. Tresnarik erabiltzen ez duten beste ugaztun batzuek ere (txakurrek, esaterako) Eureka momentua izan dezakete.

Garunaren tamaina animalia baten adimenaren adierazle garrantzitsutzat hartu zen aldez aurretik. Garunaren zatirik handiena gorputzaren funtzioei eusteko erabiltzen denez, zerebro-masaren proportzio handiagoek handitu egin dezakete funtzio kognitibo konplexuagoetarako eskuragarri dagoen garun-masa. Analisi alometrikoen arabera, ugaztunen garunaren tamaina, gutxi gorabehera, gorputz masaren ⅔ edo ¾ esponentea dela. Animalia baten garun-tamaina, zehazki, analisi alometriko horretatik abiatuta espero den garun-tamainarekin alderatuz gero, entzefalizazio-koziente bat lortzen da, eta hori animalia-adimenaren beste adierazpen gisa erabil daiteke. Kaxaloteek edozein animaliaren masa zerebralik handiena dute Lurrean, batez beste 8.000 zentimetro kubiko eta 7,8 kilogramo helduetan.

Badirudi autokontzientzia pentsamendu abstraktuaren ikurra dela. Uste da autokontzientzia, ondo definituta egon ez arren, prozesu aurreratuagoen aitzindari dela, hala nola arrazoibide metakognitiboena. Hori neurtzeko metodo tradizionala ispilu-proba da, animalia batek autoebaluaziorako gaitasuna duen ala ez zehazten duen proba, hain zuzen ere. Ispiluaren proba gainditu duten ugaztunak hurrengoak dira: Asiako elefanteak (batzuek gainditu dute eta beste batzuek ez), txinpantzeak, bonoboak, orangutanak, gizakiak (18 hilabetetik aurrera; ispilu-etapa), izurde mokodunak, balea hiltzaileak eta balea hiltzaile faltsuak.

Gizarte-egitura

Ugaztun 
Erleek jarrera eusoziala dute.

Eusozialitatea da sozietate-antolamenduaren mailarik altuena. Sozietate horiek belaunaldi helduen gainjarpena dute, ugalketa-lanaren banaketa eta gazteen zaintza kooperatiboa. Oro har, intsektuek, hala nola erleek, inurriek eta termitek, jarrera eusoziala dute, baina frogatuta dago ere bi karraskari espezietan: sator-arratoi biluzian eta Damaraland sator-arratoian.

Presozialitatea animaliek espezie bereko kideekin harreman sexualak baino zerbait gehiago erakusten dutenean gertatzen da, baina eusozial gisa sailkatzeko adina harreman ez dagoenean. Hau da, animalia horiek bizitza komunitarioa, gazteen edo ugaltze-lanaren banaketa primitiboaren zainketa kooperatiboa erakuts dezakete, baina ez dituzte animalia eusozialen funtsezko hiru ezaugarri guztiak. Gizakiak eta Callitrichidae espezieetako animalia batzuk (marmokak eta tamarinoak) bakarrak dira primateen artean, gazteak zaintzeko lankidetza-maila dutenak. Harry Harlowek esperimentu bat jarri zuen martxan rhesus tximinoekin, primate presozialekin, 1958an. Ikerketa horren emaitzek erakutsi zuten sozietate-topaketak beharrezkoak direla tximu gazteak mentalki nahiz sexualki gara daitezen.

Fisio-fusio sozietate bat “guraso-taldea” izeneko sozietate-talde batek osatzen du eta gizartearen tamaina eta osaera maiz aldatzen da. Sare sozial iraunkorrak komunitate bateko banakako kide guztiak dira eta askotan aldatu egiten dira inguruko aldaketak monitorizatzeko. Fisio- eta fusio-sozietate batean, guraso-talde nagusia talde egonkor txikiagoetan edo banakoetan hautsi daiteke, ingurumen- edo sozietate-ingurura egokitzeko. Adibidez, zenbait gizon talde nagusitik banandu daitezke ehizatzeko edo egunean zehar janaria bilatzeko, baina gauez talde nagusiarekin berriro elkartu elikagaiak partekatzeko eta beste jarduera batzuetan parte hartzeko. Ugaztun askok hau erakusten dute: primateek (adibidez, orangutanek eta tximu armiarmek), elefanteek, hienek, lehoiek eta izurdeek.

Animalia bakartiek lurralde bat babesten dute eta beren espezieko kideekin elkarreragin sozialak saihesten dituzte, ugalketa-denboraldian izan ezik. Baliabideen lehia saihesteko eta elikagaiak ez agortzeko da jokabide hau, espezie bereko bi indibiduok nitxo bera okupatuko bailukete.  Animali bakarti bat bazkaren bila dagoenean harrapari edo harrapakarientzat ez da hain deigarria izango.

Hierarkia batean, indibiduoak nagusi edo menpekoak dira. Hierarkia despotiko batean, indibiduo bat da nagusi; besteak, berriz, menpekoak dira, otsoetan eta lemureetan bezala. Eta hierarkia-ordena indibiduoen sailkapen lineala da, goi-indibiduo bat eta behe-indibiduo bat dagoelarik. Hierarkia sexuka ere sailka daiteke, non sexu bateko indibiduo baxuenak beste sexuko goiko indibiduoak baino sailkapen handiagoa duen, hienetan bezala. Indibiduo nagusiek, edo alfek, ugalketa-arrakasta izateko aukera handia dute, batez ere ar bakar batek edo batzuek (ar egoiliarrak) talde batean emeak ugaltzeko eskubide esklusiboak dituztenean. Bertan bizi ez diren arrak ere ugaldu daitezke, baina zenbait espezie, hala nola banpiro-saguzar arrunta (Desmodus rotundus), zorrotzagoak izan daitezke.

Ugaztun batzuk erabat monogamoak dira eta horrek esan nahi du bizitza osoan ez dutela beste bikoterik izaten (nahiz eta jatorrizko kidea hil ondoren); hala nola, otsoak, kastore eurasiarrak eta igarabak. Hiru poligamia-mota daude: ar batek edo gehiagok ugalketa-eskubideak dituzte (poliginia), ar askorekin emeak estaltzen dira (poliandria), edo hainbat arrek harreman esklusiboak dituzte eme askorekin (poliginandria). Askoz ohikoagoa da estalketa poligonikoa gertatzea, lek-ak kenduta, ugaztunen % 90ean baino gehiagotan agertzen delarik. Lek txoriaren estaltzea arrak emeen inguruan biltzen direnean gertatzen da, haiek emeak erakartzen saiatzen direlarik gorteiatze- eta bokalizazio-erakustaldi batzuekin; hala nola, portuko fokak.

Goi-mailako ugaztun guztiek (monotremak izan ezik) bi moldaera nagusi elkarbanatzen dituzte gazteak zaintzeko: jaiotza bizia eta edoskitzea. Gurasoek habiak eta gordelekuak egin ditzakete gazteak hor hazteko edo sarritan elikatu eta babesteko denbora luzean. Ugaztun askok K estrategiari jarraitzen diote, eta R estrategiadun animaliek baino denbora eta energia gehiago inbertitzen dute beren kumeetan. Bi animalia estaltzen direnean, biek interes bera dute ondorengoek arrakasta izan dezaten. Ugaztunen emeek nolabaiteko agresibitate-maila izaten dute, gurasoen zaintza horren beste adibide bat dena, espezieko beste eme batzuen edo beste eme batzuen gazteen aurka eginez. Hala ere, zenbait ugaztunek beste eme batzuen kumeen "izeba" izan daitezke eta kumeak zaindu. Ugaztunen arrek zeregin bat izan dezakete haurren hazkuntzan, tenrec-ekin gertatzen den bezala, baina hori espezietik espeziera aldatzen da, baita genero beraren barruan ere. Adibidez, hegoaldeko buztan beltzeko makakoaren arrek (Macaca nemestrina) ez dute haurren zainketan parte hartzen; makako japoniarraren arrek (M. fuscata), ordea, bai.

Lokomozioa

Lurrekoa

Ornodun gehienak platigradoak dira, eta oinaren behealde osoan ibiltzen dira —urlehortarrak, narrastiak eta ugaztun batzuk, hala nola gizakiak eta hartzak— . Ugaztun asko, katuak eta txakurrak bezala, digitigraduak dira eta hatzen gainean ibiltzen dira. Horrela, oinkada luzeak eman ditzakete, abiadura handian higitzea ahalbidetzen dietelarik. Ugaztun digitalizatuak, halaber, trebeak izaten dira sarritan mugimendu isilean. Zaldiak bezalako animalia batzuk ungulidoak dira, hau da, hatz-puntetan ibiltzen dira. Horrek are gehiago handitzen du oinkadaren luzera eta, beraz, abiadura.

Jakina da ugaztun batzuk, tximino handiak, beren ukabiletan ibiltzen direla, behintzat aurreko hanketan. Hartz inurrijaleak eta plaketak ere haien ukabiletan ibiltzen dira. Ugaztun batzuk bipedoak dira, eta bi gorputz-adar baino ez dituzte erabiltzen lokomoziorako; adibidez, gizakiak eta tximino handiak. Espezie bipedoek lauoinek baino ikus-eremu handiagoa dute, energia gehiago gordetzen dute eta beren eskuekin objektuak manipulatzeko gaitasuna dute; horrek, bazka bilatzen laguntzen du. Ibili beharrean, bipedo batzuk, hala nola kanguruak, saltoka mugitzen dira.

Animaliek mugitzeko modu desberdinak erabiliko dituzte abiadura, lur eta egoera desberdinetarako. Adibidez, zaldiek lau ibilkera dituzte: ibilaldia geldiena pausokakoa da, eta gero hiru martxa azkarragoak daude, motelenetik azkarrenera trosta, erdi galopa eta galopa. Animaliek noizbehinka erabiltzen diren ezohiko ibilkera ere izan ditzakete, alde edo atzerantz mugitzeko gaitasuna bezala. Adibidez, giza-ibilkera nagusiak bi hankan ibiltzea eta korrika egitea dira, baina beste asko erabiltzen dituzte, espazio estuetan narrasa barne.

Ugaztunek mugitzeko era ugari dituzte lokomozioan beren gorputz-adarrak kokatzen eta altxatzen dituzten moduaren arabera. Martxak kategoriatan multzoka daitezke, euskarri-sekuentziako patroien arabera. Kuadropedoen kasuan, hiru kategoria nagusi daude: oinez ibiltzea, korrika egitea eta jauzi-martxa. Oinez ibiltzea da ibilkerarik arruntena, non oin batzuk lurrean dauden edozein unetan, eta ia animalia hankadun guztiek daukate. Korrika, aldiz, martxaren puntu batzuetan oin guztiak airean daudenean gertatzen da.

Arboreoa

Askotan, zuhaitz-animaliek gorputz-adar luzeak izaten dituzte, arrailak gurutzatzen, frutak edo beste baliabide batzuk lortzen, euskarriaren sendotasuna aurretik probatzen eta, batzuetan, zuhaitzen artean kulunkatzen laguntzen dietenak. Zuhaitz-espezie askok, hala nola zuhaitz-arantzurdeek, hartz inurrijale batzuk, armiarma-tximinoek eta zarigueiek, buztan oratzaileak erabiltzen dituzte adarrei heltzeko. Armiarma-tximinoen, isats-puntak adabaki biluzi bat edo kuxin itsaskor bat du, marruskadura handiagoa ematen duena. Atzaparrak substratu latzekin moldatzeko eta animaliak aplikatzen dituen indarren norabidea birbideratzeko erabil daitezke.

Ugaztun 
Lokomozio arboreoaren adibide bat.

Horri esker, katagorriek, haiek bezalako animali txikien ikuspuntutik funtsean lauak diren zuhatz enborrak igotzen dituzte. Hala ere, atzaparrek animaliak adar oso txikiak heltzeko duen gaitasuna oztopa dezakete, urrunegi bildu eta animaliaren zango bera zulatu baitezake. Primateek frikzio-heltzea erabiltzen dute, ilerik gabeko hatz-mamietan konfiantza izanez. Adarra hatz-mamien artean estutzeak marruskadura-indarra sortzen du, animaliaren eskua adarretan mantentzen duena.

Hala ere, euste-mota hau marruskadura-indarraren angeluaren araberakoa da, eta, beraz, adarraren diametroaren araberakoa, eta horrek adar handiagoaetara eusteko ahalmena ahultzen du. Jaitsiera kontrolatzeko, batez ere diametro handiko adarretan, zuhaitz-animalia batzuek, hala nola katagorriek, orkatila-artikulazio oso mugikorrak eboluzionatu dituzte, eta, horiei esker, oina biratu egin daiteke "alderantzizko" jarreran. Horri esker, atzaparrak enbor azal latzetan eusten dira, grabitate-indarraren aurka.

Tamaina txikiak abantaila ugari ematen dizkie zuhaitz-espezieei: adibidez, animaliarekiko adarren tamaina erlatiboa handitu, masa-zentroa beheko beheratu, egonkortasuna handitu, masa murriztu (adar txikiagoetan mugitzeko aukera emanez) eta habitat desordenatuago batean zehar mugitzeko gaitasuna. Pisu-tamaina erlazioak azukre-planeagailuari (Petaurus breviceps) bezalako animalia irristariei eragiten die. Primate, saguzar eta nagi espezie guztiek egonkortasun pasiboa lortzen dute adarraren azpian zintzilik daudelarik.

Aire-lokomozioa

Saguzarrak dira benetan hegan egin dezaketen ugaztun bakarrak. Hegoak gorantz eta beherantz mugituz (normalean aurre-aldeko mugimenduren batekin) airean zehar abiadura konstantean hegan egiten dute. Animalia mugitzen ari denean, bere gorputzak aire fluxu bat sortzen du. Hegalen abiadurarekin konbinatuta, hegalean zehar mugitzen den aire-fluxu azkarragoa sortzen du. Horrek bulkada-indar bektore bat eta arraste-indar bektore bat sortzen ditu, aurrerantz eta gorantz eta atzerantz eta gorantz, hurrenez hurren. Goranzko indar hauek grabitatea kontrajartzen dute, gorputza airean mantenduta. Eta aurreranzko indarrak haizearen indarrari eta gorputzaren pisuak sortzen duen indarrari aurre egiten laguntzen du.

Saguzarren hegoak hegaztienak baino meheagoak dira eta hezur gehiago dituzte. Horri esker, saguzarrek zehaztasun handiagoz maniobratu dezakete hegaldian, bultzada gehiagorekin eta arraste gutxiagorekin. Goraldian hegoak barrurantz okertuz gero, hegaztiek baino % 35 energia gutxiago xahutzen dute hegaldian. Hegoetako mintza delikatua da eta erraz apurtzen da, baina saguzarren mintzaren ehunak hazteko gaitasuna du eta urradura txikiak berehala sendatzen dira.

Hegalen gainazalak ukimenarekiko sentikorrak diren errezeptoreak ditu. Hauek Merkelen zelula izeneko protuberantzia txikietan kokatzen dira.. Zelula hauek gizakietan agertzen dira ere, baina saguzarretan ezberdinak dira; protuberantzia bakoitzak ile txiki bat du erdian are sentikorragoa bihurtuta. Hala, saguzarrak hegoetan dabilen aireari buruzko informazio hauteman eta biltzen du, honen arabera hegalen forma aldatuz eta hegaldia eraginkortuz.

Lokomozio fosoriala eta lurpekoa

Animalia fosorialak indusketara egokitutako animaliak dira, lur azpian bizi da, baina ez bakarrik. Animalia hauen adibideak etxeko teiloi eta sagu biluziak dira. Karraskari espezie asko fosorialtzat jotzen dira gordelekuetan bizi baitira gehienak, nahiz eta egun osoan zehar ez izan. Lurpean soilik bizi diren espezieak lurpekoak dira eta lur azpian bizi diren fosorialen bizi-estilo berdinak mugatutako moldapenak dituzte. Organismo batzuk fosorialak dira barne tenperatura erregulatzeko eta beste batzuk harrapakarietatik babestu edo elikagaiak biltegiratzeko.

Ugaztun fosorialek gorputz fusiformea dute. Gordeleku ilunetan bizi direnez ez dira ikusteko gai, eta gehienek ikusmena galdu dute, nahiz eta galtze hau aldatu espezie batetik bestera, adibidez: geomedioak erdi-fosorialak dira eta begi txiki baina funtzionalak dituzte; satorrek, ordea, ikusmena erabat galdu dute begiak alferrekoak baitira.

Belarriak dituzten animalien kasuan, hauek txikiak izaten dira. Benetako fosorialek hanka motz, baina sendoak dituzte hondeatzaile direnentzat sendotasuna abiadura baino garrantzitsuagoa baita. Aurreko hankak zabalak dira eta atzapar sendoak dituzte atzeko hanketako atzaparrekin batera gordelekuak hondeatzean lurra kentzen laguntzeko. Gehienek ebakortz handiak dituzte lurra ahoan sartzea ekiditeko.

Fosorial asko, hala nola satitsuak, trikuak eta satorrak Intsektiboroen ordenan sailkatu ziren.

Uretako lokomozioa

Ugaztun 
Zetazeoek isats-hegats bat dute uretan zehar propultsatzeko.

Erabat urtarrak diren ugaztunek, zetazeoek eta sirenioek, hankak galdu dituzte eta isats-hegats bat dute gorputza uretan zehar bultzatzeko. Hegatsaren mugimendua jarraitua da. Baleek isats-hegala eta behe-gorputza gora eta behera mugituz egiten dute igeri gorputzak mugimendu bertikala eginez. Hegatsak norabidea doitzeko erabiltzen dituzte batez ere. Baleek duten anatomia eskeletikoak igerilari azkar izateko gaitasuna ematen die. Espezie gehienek bizkar-hegats bat dute uretan behera ez itzultzeko. Sirenioen hegatsak igo eta jaisten dira mugimendu luzeen bidez aurrerantz mugitzeko eta haiei esker gorputza bira dezakete. Aurreko gorputz-adarrak paleta itxurako hegatsak dira biratzen eta abiadura murrizten laguntzen dutenak.

Ugaztun erdiurtarrek, pinipedoen antzekoek, bi hegats-pare dituzte aurreko eta atzeko aldean, aurre-hegatsak eta atze-hegatsak. Ukondo eta orkatilak gorputzaren barruan daude. Arrastea murrizteko, pinipedoek hainbat moldapen dituzte. Gorputz sinplifikatuez gain, larruazalean muskulu-sorten sare lauak dituzte, fluxu laminarra handitu dezaketenak eta uretan zehar irristatzea erraz dezaketenak. Pili arrektotetik ere ez dutenez, haien azala igeri egin ahala liraindu daiteke.

Aurre-hegatsen menpe dago lokomozioa, hegatsen itxura pinguino eta itsas dortoken antzekoa da. Hegatsen mugimendua ez da jarraitua eta animalia kolpe bakoitzean irristatzen da. Lurreko haragijaleekin alderatuta, aurreko gorputz-atalek hegatsek luzera txikia dute eta horrek sorbaldako lokomozio-muskuluei eta ukondoaren artikulazioei abantaila mekaniko handiagoa ematen die; atze-hegatsak egonkortzaile gisa erabiltzen dira. Ugaztun erdiurtarren taldean kastoreak, hipopotamoak, igarabak eta ornitorrinkoak sailkatzen dira.

Hipopotamoak ugaztun erdiurtar oso handiak dira. Hauen gorputzek upel itxura hartzen dute, egitura eskeletiko grabiportalak dituzte, pisu handiak zamatzeko egokituak. Animaliak duen grabitate espezifikoari esker, hondoratu eta ibaien hondoan mugitzeko gaitasuna dute.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Tags:

Ugaztun SailkapenaUgaztun AnatomiaUgaztun Sorrera eta eboluzioaUgaztun JokabideaUgaztun LokomozioaUgaztun ErreferentziakUgaztun Ikus, gaineraUgaztun Kanpo estekakUgaztun

🔥 Trending searches on Wiki Euskara:

Unai ElorriagaMateriaEusko LegebiltzarraEuri azidoKontxu OdriozolaLauburuAntonio de MontesinosAustria-Hungariako InperioaGeologiaBalletJava (programazio-lengoaia)Gonzalo BoyeMetal AroaOrioko baleariAndoni AizpuruEpelde eta LarrañagaEspainiako Gerra Zibila Euskal HerrianKoebaluazioPaleolitoaTximeletaGaltzagorri1974Bilbao ArenaMasturbazioPastoralEuskal abeslariDeustuko UnibertsitateaMesopotamiaNazionalitatearen auzia eta sozialdemokraziaMusikaArte erromanikoaPaulo AzpiazuKutsaduraArrainBizkaiko Foru Aldundia1992UztarriaIlargiaren aldiTiraniaPoliedroBasajaunJoanes OtsaldeIma GarrastatxuEustakio MendizabalPornhubKloroplastoAtenasko agoraIbon MartínOndarroaAsia Hego Ekialdeko Tratatuaren ErakundeaZuberoako maskaradakGalicia (L-51)AngulaTomateFrancisco FrancoEuskal Herriko historiaProletarioBai mundu berriaOlentzeroLehen Mundu GerraLaboral KutxaEskusoinu txikiBigarren Mundu GerraKolonizazioJeanne DeroinReal SociedadIosif StalinMargo Oberg🡆 More