Diktadura (latinezko dictatura hitzetik) gobernu modu bat da, boterea gizabanako bakar baten (hau da, diktadore baten) eskuetan biltzen duena, gehienetan de facto ezarritako gobernu baten bidez.
Diktadura baten ezaugarri dira botere banaketarik ez egotea; agintea arbitrarioki gauzatzea, hura babesten duen gutxiengoaren mesedetan; herritarrek inolako adostasunik ez izatea; eta ezinezkoa izatea oposizioa boterera iristea prozedura instituzional baten bidez.
Historikoki, diktadura terminoak antzinako Erromatar Errepublikaren magistratura bereziari ere egiten dio erreferentzia, eta hortik dator haren jatorria. Gerra kasuetan edo larrialdi egoeretan, erromatar senatuak botere absolutuak ematen zizkion gizon bati aldi jakin batean, nahiz eta horregatik ez zen indargabetzen antolamendu politiko eta juridikoa. Hala, gaur egun, ohiz kanpoko egoera bat jartzen da argudiotzat diktadura baten iraupena, eskuarki biziartekoa, legitimatzeko (gerra, gatazka armatua, arriskua, krisia...). Era berean, diktadorea goretsi egin ohi da, herria askatzeko bere bizitza emateko gai den pertsona sakrifikatu gisa, eta, askotan, izaera militarreko eta erlijiosoko naturaz gaindiko izaera batez inguratzen da; eta, bereziki kasu horietan, beste diktadore baten ondorengotza bilatu nahi izaten da. Ezaugarrien arabera, diktadura autoritario edo totalitario bat izan daiteke.
Aro garaikidean, zenbait konstituzio demokratikok, hala nola Weimarko Errepublikarena Alemanian, salbuespenezko egoerak aurreikusi izan dituzte diktadura arrazoitzeko, termino hori demokraziari kontrajarritako gobernu modua ez balitz bezala. Beste muturrean, itxurazko demokrazia jantziz estalitako diktadurak daude, horretarako plebiszituak, eufemismoak eta beste erabilita.
Erromatar diktadura zen pertsona bati, diktadoreari alegia, une zailetan, bereziki gerra kasuetan, aginte gorena ematen zion gobernu berezia; diktadura, antza denez, Tito Lartzio kontsulak proposatuta sortu zen, eta hura izan zuen, gainera, kargua betetzen lehena. Diktadorea kontsuletako batek izendatzen zuen, Erromako Senatuaren agindu batez, hark baitzuen izendapenaren beharra aztertu eta kargua nork beteko zuen erabakitzeko ahalmena. Hasieran, patrizioak bakarrik izenda zitezkeen diktadore, baina K.a. 356. urtean eskubide hori bera onartu zen plebekoentzat ere.
Magistratu gorenak «diktadore» (dictator) eta «herriaren senatari» (magister populi) izenak jasotzen zituen eta bere agintea gehienez ere sei hilabeterako erabil zezakeen. Aldi horretan, ohiko prozedura guztiak, bertan behera gelditzen ziren, eta magistratuek, baita plebeko tribunoek ere, ez zuten beren jurisdikzioko ahalmenik erabiltzen. Inork ezin zituen diktadorearen aginduak kritikatu, gaitzetsi edo eztabaidatu. Bere goi mailako agintea frogatzeko, diktadorearen aurretik 24 liktor joaten ziren, kontsulekin batera 12 joan ohi ziren bitartean.
Magister populi kargua «infanteriako kapitain» gisa itzuli daitekeenez ―diktadoreak zalditeriaren buru izateko izendatzen zuen magister equitum karguaren analogiaz―, badirudi hasieran kargua krisi militarrei aurre egiteko zela, askoz ere neketsuago baitzen halako egoera bati aurre egitea urteko bi kontsulen agintearekin. Hala ere, geroago, ―Zizeronek eta Klaudiok diotenez― matxinada zibilen errepresiorako ere erabili izan ziren diktadurak, eta, nahiz eta jatorrian ez izan, karguaren funtzio izatera iritsi zen, adibidez, Liciniae-Sextiae legeek eragindako matxinadetan (K.a. 367) diktadore bat izendatu baitzen. Halaber, badirudi gai txikietarako diktadore izendatu izan zirela, adibidez, jokoak edo jaialdiak egiteko edo senatuan hauteskundeak antolatzeko.
Denboran zehar diktadorearen eskumenak zabaltzen joan ziren, horien artean bakea adostea eta gerra aldarrikatzea, eta inor heriotzara kondenatzea, apelaziorik gabe. Hala ere, ezin zuen Altxor Publikoa erabili herriaren aldez aurreko baimenik gabe, ezta Italiatik irten ere, eta bere agintaldia amaitu bezain laster eman behar zituen kontuak. Gainera, agintaldian, plebearen tribunoen zaintzapean zegoen, haiek aginteari eusten baitzioten eta, espero izatekoa zenez, kontu handiz eta zorroztasunez arduratuko baitziren tribunoen asmo eta nagusitasunari mugak jartzeaz, bereziki haietako batek botere guztiak bere eskuetan zituenean.
Diktadura Erromako agintari gorena zenez, monarkiak sortzeko mekanismo naturala zen. Hori saihesteko asmo nabarmenarekin, Marko Antoniok lege bat eman zuen gobernu modu hori indargabetuz.
Animalien munduan, boterearen adierazpenak nabariak dira. Esate baterako, gauza jakina da animalia batzuk pixa egiten dutela zenbait eremutan beren lurraldea zedarritzeko, eta beste batzuek ―arratoiek, esaterako― bikoteen gorputzen gainean egiten dutela, ziur aski, beren jabetzaren zati bat dela adierazi nahirik Menderakuntza prozesuak belaunaldiz belaunaldi iragaten diren konbentzioen bidez betikotzen dira, eta, boterea eskuratzeko borrokan, oso gutxitan iristen dira benetako erasoak egitera. Sarritan ―Carl Sagan eta Ann Druyan idazle eta ekintzaileek dioten eran―, animaliaren portaeran anbibalentzia bat ikus daiteke, oldartze mekanismoa erabili ala ez erabili arteko tentsioa. Oldarkortasuna, gizakiengan eta animaliengan boterearen agerbideetako bat den aldetik, naturak bizirauteko estrategia gisa erabiltzen du.
Naturaren ekintzetan ―Marko Aurelioren arabera― ez dago ondorio negatiborik. Animaliak ez dira oldarkorrak basatiak, piztiak edo gaiztoak direlako ―ez baitagokie halako hitzik―, baizik eta portaera horrek elikagaia ematen dielako eta harrapariengandik babesten, populazioa banatzen duelako eta pilaketa ekiditen duelako, eta egokitzapen balioa duelako. Erasoa bizirauteko estrategia bat da, bizitzarako eboluzionatu duena. Aldi berean dago, gainera, animaliengan, bereziki primateen artean, errukiarekin, altruismoarekin, heroismoarekin eta kumeenganako maitasun samur eta saiatuarekin batera. Izan ere, horiek ere bizirauteko estrategiak dira. Gizakiaren elementu sakona da erasoa. Eboluzio prozesuak egokitu egin du eraso maila —ez gehiegi, ez gutxiegi— inhibitzaile eta desinhibitzaile egokiekin. Joera kontraesankorren nahasketa zurrunbilotsu batean gertatzen da dena.
Menderatze hierarkia baten geometria orokortuena, bai animaliengan bai gizakiengan, lineala edo lerro zuzenekoa da. Hierarkia linealak nabarmenagoak dira korporazio handietan. Animaliengan, hierarkia mota hori errazago ikusten da etxeko hegaztietan eta animalia batzuen artean, hala nola ugaztunen artean, arren bizitza sozialaren zati garrantzitsu gisa. Giza eta animalia taldeetan, horrelako harremanak daude: kudeatzaile nagusiak kudeatzaile ertainen esku uzten ditu erabakiak, horiek talde buruen esku, eta horrela hurrenez hurren. Gauza bera gertatzen da animaliekin: batzuk agintzen dute, alfa animaliak dira; eta besteek obeditu egiten dute, beherago daude eta ez dute norengan agindu, omegak dira. Zaila da ikustea ar bat alfa gisa hastea, menderatze jokabidearen bidez irabazi behar baitu maila hori. Hierarkia linealeko animaliek eta gizakiek badakite beherago daudenak menderatzen eta gorago daudenen mende jartzen. Bi indar kontrajarri daude: inor menderatzerako joera eta inork menderatua izateko joera. Animalia batzuetan, emeak jakin dezake arra nor den; analogiaz, gizakiengan eme batzuek ar menderatzailea hobesten dute, ezer jakin gabe haren heziketaz, familiaz, finantza egoeraz edo asmo onez. Kimika bat dago, adibidez, hamsterren artean: boterearen usaina. Ar nagusiek jariakin bat sortzen dute, mendeko arrek ez duten feromona bat.. Henry Kissinger Estatu Batuetako estatu idazkari ohiak aktoresa eder batek berarengatik sentitzen zuen erakarpena azaltzen zuen: «boterea da afrodisiako handiena da».
Pentsalari batzuen aburuz, boterea ez da ez ona, ez txarra; egiten den erabileraren araberakoa da. Nietzscheren ustez, adibidez, boterea berez da ona.
Lausoa izan daiteke diktadura bat eta erregimen ez-diktatorial bereizten duen lerroa. Izan ere, demokrazia finkatuen jarrera jakin batzuek zalantzan jartzen dute zehazki zer ote den demokrazia eta zer diktadura. Hala ere, oro har, diktadura totalitarioek boterea kontzentratzen dute pertsona bakar batengan, edo talde txiki, trinko eta, ia beti, monolitiko batean. Halakoetan, botereak bere gain hartzen du herriaren edo nazioaren borondatearen interpretazio esklusiboa. Gehienetan gainera, botere kontzentrazio hori buruzagi gorenaren gurtza bihurtzen da, dimentsio ia erlijiosoekin.
Diktadura totalitarioen beste ezaugarri bat da beren jarduera politikoa doktrina global baten bidez justifikatzen dela, giza existentziaren adierazpen guztietan eragin nahirik: ekonomia, familia, kultura eta erlijioa. Diktaduretan ohikoa da izua erabiltzea edozein disidentzia edo aurkaritza ezabatzeko. Ildo horretan, kasurik larrienak izan dira nazien sarraski esparruak; sobietarren gulag edo lan behartuen esparruak estalinismoaren garaian; edo Kanbodiako exekuzio masiboak Khmer gorrien gobernuaren garaian.
Diktadura autoritarioek antzeko ezaugarriak dituzte, baina intentsitate apalagoz. Hala, boterea koalizio batean kontzentratuta egon ohi da (militarrak, enpresaburuak, erlijiosoak eta abar), eta legitimatu egiten da printzipio handien bidez: aberria, ordena, justizia, jainkoa eta abar, ideologia global bat aldarrikatu behar izanik gabe; frankismoa da horren adibide ona bat. Azkenik, errepresioa erabiltzen dute elementu arbitrario eta nahierakoak baliatuta, erregimen totalitarioen sarraskietara iritsi gabe. Alde horretatik begiratuta, frankismoa elementu totalitarioekin hasi zen, autoritarioa izaten amaitzeko.
Familia klanek eta lur jabe handiek kontrolatutako diktaduren artean, monarkia absolutuak nabarmentzen dira, hala nola Saudi Arabia edo Arabiar Emirerri Batuak. Talde horren barruan sar daitezke, halaber, Erdialdeko Amerikako errepubliketan (El Salvador edo Guatemala) 1990eko hamarkadaren amaiera arte agintzen zuten oligarkia handiak. Horiek guztiak diktadura kontserbadoreak dira.
Diktadura militarren artean, statu quoaren kontserbatzaile, nabarmentzen dira Argentina (1976-1983), Myanmar (diktadura izaten jarraitzen du), Indonesia (1965-1998), Txile (1973-1988) eta abar. Diktadura militar baina gizartearen eraldatzaileen artean nabarmentzen dira Turkia (1920-1960, Kemal Atatürk Turkia modernoaren sortzailearen garaian; Hego Korea (1970-1990), Libia Muammar al Kadafiren garaian eta abar.
Bestalde, badira diktadura batzuk aparatu burokratiko eta militarraren arteko nahasteak izan zirenak eta direnak. Sail horretan kokatzen dira, kontserbadoreen artean, Espainia (1939-1975), Francoren agindupean; Portugal (1926-1974), António de Oliveira Salazarren eta Marcello Caetanoren garaian; eta Taiwan (1950-1990), Kuomintangen denboran. Gizartea eraldatzeko asmoa zuten diktadura burokratiko-militarren artean dago, Irak (1968-2003), Saddam Husseinen garaian, eta, gaur egun, Txina, Kuba, Vietnam edo Siria.
Beste diktadura mota bat da diktadura zibil-burokratikoa, alderdi nagusi bakar baten bidez; eredu ezagunenetako bat da. Gaur egun, era horretako diktadura kontserbadoreak dira Azerbaijan, Bielorrusia, Kazakhstan eta Ekuatore Ginea. Statu quo sozioekonomikoa eraldatu nahi duten diktaduren artean daude, Mexiko (1929-2000), PRIren erabateko agindupean; Sobietar Batasuna (1917-1991), SBAKen mende eta satelite guztiak Ekialdeko Europan; Ipar Korea gaur egun, eta abar.
Azkenik, diktadura erlijiosoak nabarmentzen dira. Talde horretan kontserbadoretzat hartzen da Tibet 1950era arte, Txinak Dalai Lama erbestera bidali zuenean; eta Afganistan (1996-2001), talibanen mendean. Eraldatzaile gisa, Iran nabarmentzen da, gaur egun errepublika islamiar gisa jarraitzen baitu.
Batzuetan nahasi egiten dira, alde batetik, diktadura autoritarista eta totalitarista; eta, bestetik, diktadura faxista. Bi kontzeptuak elkarri estu lotuta badaude ere, alderdi bereizgarri batzuk daude. Nolanahi ere, gogoan izan behar da gobernu diktatorial batek bateko zein besteko.
Autoritarismo terminoa totalitarismoaren kontrakotzat sendotu zen ―azken hori aldarrikatzen zuen beretzat faxismoak― mundu gerren ondorengo azterketetan. Diktadura totalitarioen aldean, diktadura autoritarioak ezaugarri hauek ditu:
Aldiz, totalitarismoa bereizten da autoritarismoaren aldean trinkotasun handiagoz ezartzen dituelako, elkarrekin dituzten elementu batzuk:
Diktadura totalitarioek funtsezko elementu bat dute: estatu politika giza jardueraren eremu guztiak kontrolatzeko eta gizarte eremu osoa okupatzeko mekanismo bihurtzea.
Diktadura faxista erregimen politiko batzuei dagokie, bai totalitarioak edo autoritarioak gerra arteko Europan, bai Bigarren Mundu Gerran Ardatzaren potentziek inposatu zituzten ia guztiak. Modu nabarmenean eta lehenik dagokio termino hori Benito Mussoliniri, berak sortu baitzuen Italian (1922) eredua eta terminoa; ondoren, Adolf Hitlerrenk Alemanian (1933) azken ondorioak atera zituen; eta, zikloa itxiz, Francisco Francok Espainian ezarri zuen, askoz denbora luzeagoz eta garaitik kanpo eboluzionatuta (1936tik 1975era). Planteamendu ideologikoen eta ibilbide historikoen arteko desberdintasunak nabarmenak dira erregimen horien artean.
Ustelkeriaren kasu klasiko gisa, sarritan errepikatutako diktadore esplotatzailearen eredu izan zen Mobutu Sese Seko, Zaire gobernatu zuena 1965etik 1997ra. Beste kasu ezagun bat Ferdinand Marcosen diktadura izan zen, Filipinetan, 5-10 mila milioi dolar inguru lapurtu zuena.
Era berean, 400 mila miloi dolar baino gehiago lapurtu zituzten Nigeriako buruzagiek 1960-1999 bitartean.
Beti ez bada ere, militarrek ezarri izan dituzte sarritan diktadurak. XX. mendean horren adibide asko daude: Adolf Hitler, Alemanian nazionalsozialismoaren garaian; Benito Mussolini, Italian; Francisco Franco, Espainian; eta beste zenbait adibide Latinoamerikan, Afrikan eta Asian, XX. mendearen bigarren erdian.
Kolonbian, Latinoamerikako herrialde gehienetan ez bezala, diktadura bakar bat izan zuten, Gustavo Rojas Pinillaren kolpe militarraren ondorioz, 1953an. Boterean zegoela, Rojas Pinilla jeneralak Kongresua itxi zuen, eskubide konstituzional eta demokratiko guztiak bertan behera utzita. Dena dela, ez zuen asko iraun, lau urte geroago, 1957an, burgesiak bultzatutako estatu kolpe batez kendu baitzuten boteretik.
Marxek proletarioen diktadura deitzen zuena da proletarioek ezarritako gobernu mota bat, erregimen kapitalista amaitu eta estatu boterearen maila guztia haien eskutan dagoelarik. Helburua du iraultza sozialista sendotzea eta burgesiari bidea ixtea, boterea berreskuratu ez dezan. Proletarioen diktadura aldi iragankortzat hartzen da, herri osoaren diktadura bati bide emango diona, gizarte komunista bat lortzeko lehen urrats gisa.
Oro har, diktadoreak boterera iritsi ohi dira estatu kolpe baten ondorioz, koalizio zibiko-militar batek edo indar armatuek egina. Horrela, diktadurak aparatu militarraren boterearen sostengua izan ohi du.
Batzuetan, diktadoreak boterera irits daitezke herri bozketetan hautatuak izanik, alderdi bakar batek edo edozein zeinutako hierarkia nagusi batek izendatuak, edo boterea zeukan ahaidea hil ondoren herentzian jasota. Totalitarismoekiko lotura gordetzen du, boterea legitimatzeko sistema bat ezartzen baitu indarrezko eta hierarkiazko sistema politiko baten bidez, eta mugimenduaren edo alderdiaren ideologiaren bidez.
Diktadura konstituzionala da sistema politiko bat, non konstituzioa errespetatzeko itxuraren azpian, boterea erabat kontzentratzen baita diktadore baten eskuetan ―eta, ondorio bidez, haren konplizeen eskuetan―, botere legegilea, betearazlea eta judiziala zuzenean edo zeharka kontrolatuta. Konstituzioarekiko itxurazko errespetua iruzur konstituzional baten bidez gauzatzen da, adibidez hauteskunde iruzur baten bidez.
Diktadurek legez kanpoko metodoak erabiltzen dituzte, herritarren artean beldurra edo izua zabaltzeko, helburu jakin batzuk lortzeko asmoz edo berez gertatuko ez liratekeen portaerak sustatzeko asmoz. Halako metodoak estatu arrazoiaren izenean justifikatzen dira, oro har.
Hala, estatu terrorismoak forma hauetako bat edo gehiago hartu ohi ditu:
Filosofia politikoaren esparruan eztabaida dago, zer den eta zer ez den den estatu terrorismoa. Adibidez, argudiatu izan da Bigarren Mundu Gerran Britainia Handiko eta Estatu Batuetako hegazkinek Alemaniako eta Japoniako hirien aurka egindako bonbardaketa sistematikoak, edo naziek Londresen eta beste hiri batzuen aurka egindakoak, estatu terrorismotzat hartu behar ote diren.
Era berean, herritarren kontrol demokratikotik kanpo estatuak finantzatutako erakunde sekretuek ―hala nola, besteak beste, CIA, KGB, Mossad, SECED eta CESID erakundeak Espainian, Ingalaterrako MI5 eta MI6, Peruko DINI, Frantziako DGSE, Alemaniako BND, Portugalgo SIS, Italiako AISI― parte hartzen dute sabotajeak, hilketa estrajudizialak eta atentatuak antolatzen, edo halako ekintzetan aritzen diren taldeak finantzatzen eta trebatzen. Frogatu izan da era horretako laguntza jaso zutela Sobietar gerraren garaian talde islamiarrek ―Osama bin Laden barne― edo Nikaraguan iraultza sandinistaren aurka aritu ziren taldeek. Arrazoibide horren arabera, inteligentzia erakunde eta agentzia asko, beraz, dagokion estatuak gidatutako erakunde terroristak izango lirateke.
Hedabideetan ohikoa da ikustea albisteak zentsuraz eta informazioaren manipulazio mediatikoaz. Venezuelan, informazioa kontrolatzeko zentro bat sortu zen 2010ean, Centro de Estudio Situacional de la Nación izenaz, «interes nazionaleko» informazioa «bildu, prozesatu eta aztertzeko». Kasu honetan zentsuraren topikoa eztabaidatzen ari da. Diktadura batean ezinezkoa da, besterik ezean, eztabaida horiei buruzko iruzkin edo iritziren bat planteatzea.
Informazio distortsioa, manipulazioa, informazioaren aldaketa monopolistikoa eta antzeko terminoak erabiltzen dira, zentsura saihestearren errealitatearen mozketa edo hedabideen informazio hautu bakoitza gertatzen denean. Izan ere, errealitatearen mozketa oro xede batekin egiten da, nahitara eginda edo nahi gabe, argazkilariak lentea alde batera zuzentzen duenean eta bizkarra ematen dionean beste aldeari; edo kazetariak galdera jakin batzuk egiten dituenean, beste batzuk alboratuz; edo editoreak irudi nahiz erantzun batzuk hautatzen dituenean; edo hedabide batek aurreko guztiak argitaratzea edo baztertzea erabakitzen duenean. Onartu beharra dago herrialde demokratiko guztietako komunikabideak eta gobernuak, bakoitza bere erara eta bere baliabideekin eta etika erlatiboarekin, saiatzen direla informazioa nolabait manipulatzen. Alde horretatik begiratuta, zentsura diktadura erregimenen ezaugarria da: debekatu, moztu, liburuak erre, autozentsura sustatu bizirauteko modu bakar gisa, eta jazartzea tortura edo heriotzaraino.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Diktadura, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.