Neguko Olinpiar Jokoak

Neguko Olinpiar Jokoak, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak antolatu eta kudeatzen duen mundu mailako garrantzi handiko gertaera da.

Ekitaldi honetan izotzezko eta elurreko kirol anitz praktikatzen dira. Eski nordikoa, izotz gaineko abiadura-patinajea eta patinaje artistikoa, izotz hockeya, bobsleigha, konbinatu nordikoa eta eski jauziak izan dira lehenengo ediziotik jardun duten kirolak. Beste kirol batzuk, hala nola, lugea, curlinga eta akrobaziazko eskia urteak pasa ahala sartuz joan dira Neguko Olinpiar Jokoetan.

Neguko Olinpiar Jokoak
Bost eraztunak, Olinpiar Jokoen ikurra.

Lehen Neguko Olinpiar Jokoak Chamonixen ospatu ziren 1924. urtean. Lehenago hockeya eta irristaketa artistikoak Udako Jokoen parte ziren, eta hortik aurrera Neguko Olinpiar Jokoen parte izatera pasa ziren. Jokoak lau urtean behin ospatzen hasi ziren, 1940ra arte. Urte horretan, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz bertan behera gelditu ziren eta 1948an berriro ospatu ziren Saint-Moritzen. Lau urtean behin ospatzen jarraitu ziren, Udako Olinpiar Jokoekin batera, Albertvilleko Neguko Olinpiar Jokoak arte. Urte horretatik aurrea NOBk erabaki zuen Neguko eta Udako Olinpiar Jokoak bi urteko tartearekin ospatuko zirela. Horrela, Lillehammerren ospatu ziren jokoetatik aurrera, Neguko eta Udako Jokoak bi urteko ezberdintasunarekin ospatzen dira. Jokatutako azken jokoak 2022ko Pekingo Jokoak izan ziren.

Historia

Neguko Olinpiar Jokoak 
Viktor Gustaf Balck, Joko Nordikoen sortzailea. Neguko Olinpiar Jokoen aurrekariak izan ziren.

Lehen edizioak

Negu kirolez osaturiko lehen multi-kirol ekitaldia Joko nordikoak izan ziren, 1901ean Suedian ospatu zirenak lehen aldiz. Viktor Gustaf Balck jeneralak antolatu zituen Joko Nordikoak. Bigarren edizioa 1903an ospatu zuen eta hirugarrena 1905an, eta hortik aurrera lau urtero ospatzen hasi ziren 1926raino. Balck Nazioarteko Olinpiar Batzordearen kidea izan zen hasieratik eta Olinpiar Jokoen sortzailearen, Pierre de Coubertin baroiaren, laguna ere bazen. Balck negu-kirolak Olinpiar Jokoen programan sartzen saiatu zen, batez ere irristaketa artistikoa. 1908ko Londreseko Olinpiar Jokoetan lau irristaketa proba ospatu ziren. Ulrich Salchow (munduko 10 txapelduna aldiz) eta Madge Syers izan ziren garaileak.

Hiru urte beranduago Eugenio Brunetta D’Usseaux konde italiarrak NOBri proposatu zion neguko kirolei aste bat eskaintzea 1912ko Estokolmoko Olinpiar Jokoen programan baina antolatzaileek bi arrazoi emanez bota zuten atzera: Joko Nordikoen integritatea babestea eta neguko kirolak udako kirol batzuekin batera antolatzeko zailtasuna.​ Eugenio Brunettaren ideiak indarra hartu zuen berriro ere Berlingo 1916ko Olinpiar Jokoen prestaketan. Hainbat proba (abiadura patinajea, patinaje artistikoa, izotz hockeya eta eski nordia) barnebilduko zituen neguko aste bat programatzera iritsi ziren, baina Lehen Mundu Gerra zela eta jokoak bertan behera geratu zirenez, ez zen burutu.

Gerraren osteko lehen Jokoetan, Anberesen 1920ean jokatutakoak, patinaje artistikoa programa olinpiarrean berriz sartu zen, oraingoan izotz hockeyarekin batera. 1921eko NOBren kongresuan Pariseko 1924ko jokoen antolatzaileek “Neguko Kirolen Aste Internazionala” ospatzea erabaki zen, NOBk babestuta. Aste hau, azkenean hamaika egunez ospatu zena, Chamonixen egin zen eta arrakasta handia izan zuen. 16 herrialdetako 200 kirolari baino gehiago 16 probatan lehiatu ziren. Soilik 15 emakumek parte hartu zuten, irristaketa artistiko lehiaketan guztiak. Finlandiako eta Norvegiako ordezkariek menderatu zituzten proba guztiak. 1925ean NOBk Neguko Olinpiar Joko batzuk sortzea erabaki zuen, Chamonixen ospatutako astea lehen ediziotzat hartuz.

Neguko Olinpiar Jokoak 
Sonja Henie, ordura arteko txapeldun olinpiar gazteena bihurtu zen 1928an patinaje artistikoan irabazi zuenean.

Saint Moritz aukeratu zuen NOBk 1928ko Neguko Olinpiar Jokoei ostatu emateko. Baldintza meteorologiko aldakorrek Jokoen garapena baldintzatu zuten. Irekitze zeremonia bisuts gogor baten azpian ospatu zen, eta 10.000 metrotako abiadura patinaje proba bertan behera geratu behar izan zen eta irabazlerik gabe indargabe geratu zen. Era berean, eski nordikoko 50 kilometrotako proba 25 gradutako tenperaturarekin ospatu zen. Dena den, eguraldia ez zen nabarmentzeko gauza bakarra izan: Sonja Henie norvegiar irristalaria txapeldun olinpiar gazteena bilakatu zen irristaketa artistikoko proban urrea 15 urterekin eskuratu ostean. Goiztiartasun errekor hau ez zen 74 urtez gaindituko.

1932ko Jokoak lehen aldiz Europatik kanpo ospatu ziren, Lake Placiden zehazki. Aurreko edizioan baino atleta gutxiagok parte hartu zuten, bidai luze eta garestia eta garaiko krisi ekonomikoa zela eta. Joko hauetan berriz ere baldintza meteorologikoek zeresan handia eman zuten, urtarril erdialdera arte ez baitzuen elur nahikorik egin proba guztiak egin ahal izateko. Sonja Heniek bere titulu olinpiarra defendatu zuen. Eddie Eaganek, zeinak 1920ko Jokoetan urrea lortu zuen boxeoan, bobsleigh proban urrea irabazi zuen. Era honetan, udako zein neguko kirol olinpiarretan urrea lortzen zuen lehen pertsona bihurtu zen, eta momentuz bakarra da.

Garmisch-Partenkirchen hiri bavariarra izan zen 1936ko Jokoen antolatzailea, otsailaren 6 eta 16 artean ospatu zirelarik. 1936a izan zen Uda eta Neguko Jokoak herrialde berean ospatu ziren azken urtea. Eski alpetarraren debut urtea izan zen. Suitzar eta austriar eskiatzaileek ez zuten parte hartu, NOBk eski irakasleei parte hartzeko jarritako debekuaren aurkako protesta gisa.

Bigarren mundu gerra

Hasiera batean Sapporo hiri japoniarra izan zen aukeratua 1940ko edizioa ospatzeko baina Bigarren Txina-Japonia Gerraren hasierak NOB Jokoak Saint Moritzera lekualdatzera behartu zuen. Hiru hilabete ondoren, NOBren eta Batzorde antolatzailearen artean sorturiko liskarren ondorioz aurreko edizioa ospatu zen Garmisch-Partenkircheni eman zitzaizkion Jokoak berriz. Baina azkenean, Bigarren Mundu Gerraren hasiera eta Poloniaren inbasioagatik 1939ko azaroan Udako zein Neguko Olinpiar Jokoak bertan behera gelditu ziren. 1944ean Cortina d’Ampezzon, Italian, ospatu behar ziren Jokoak, bertan behera gelditu ziren baita ere gerrak jarraitzen zuelako.

1948tik 1960ra

NOBk Saint Moritz aukeratu zuen 1948ko Jokoen ospakizunetarako, gerran zehar Suitzak izandako neutraltasunaren eraginez hiria ez baitzen kaltetua izan. Gainera, erabili ziren instalazio gehienak jadanik 1928ko Jokoentzat eraikiak zeuden. 28 herrialdetako kirolariak lehiatu ziren Suitzan, nahiz eta Alemaniako zein Japoniako kirolariak ez ziren gonbidatuak izan. Lehen aldiz Anbereseko 1920ko Olinpiar Jokoetan erabili zen bandera olinpiarra lapurtu zuten joko hauetan zehar. Kirol mailan ordura arteko Jokorik lehiatuenak izan ziren, 10 herrialdeek urrezko domina bat lortu baitzuten.

Neguko Olinpiar Jokoak 
1952ko Olinpiar Jokoetako slalom proba

Norvegiako Oslo hiria izan zen aukeratua 1952ko edizioa antolatzeko. Su olinpiarra Sondre Nordheim eskiaren aitzindariaren jaioterrian piztu zuten. Zuziaren txandak 94 pertsonek egin zituzten, guztiek eskien gainean. Bandya, herrialde eskandinaviarretan oso herrikoia zen hockeyaren antzeko kirol bat, erakusketa kirol bezala txertatu zen.

Gerraren ondorioz 1944ko Olinpiar Jokoak ezin antolatu ostean, Cortina d’Ampezzo, Italia, izan zen aukeratua 1956ko Olinpiar Jokoak antolatzeko. Inaugurazio zeremonian azken errelebularia, Guido Caroli, erori egin zen, eta zuzia itzaltzear egon zen. Telebistaz eman ziren lehen Neguko Olinpiar Jokoak izan ziren. Nahiz eta telebistako eskubideen salmenta Erromako 1960ko Udako Olinpiar Jokoetaraino ez zen eman, edizio hau eskala handiko kiroletako emankizunen fidagarritasuna aztertzeko erabili zen. Joko hauetan eman zen Sobietar Batasunaren debuta Neguko Olinpiar Jokoetan. Talde sobietarra domina-zerrendaren liderra izan zen.

NOBk 1960ko Neguko Olinpiar Jokoak antolatzeko Amerikako Estatu Batuetako Squaw Valley hiria aukeratu zuen. Azpiegitura eskasia zela eta, hiriak itxuraldaketa handi bat jasan zuen errepideak, hotelak, jatetxeak eta zubiak eraiki zirelako. Era berean, kirol instalazioak ere eraiki ziren: izotz jauregia, abiadurazko izotz patinaje pista eta jauzien tranpolina. Irekiera eta itxiera ekitaldiak Walt Disneyk produzitu zituen. Joko hauetan kirolariek hiri olinpiko bat izan zuten lehenak izan ziren, baita emaitzak kontrolatzeko ordenagailuak erabili ziren lehenak ere (IBMri esker). Lehen eta momentuz azken aldiz bobsleigh proba ez zen ospatu, batzorde antolatzaileak proba honetarako instalazioak eraikitzea garestia zela pentsatu zutelako. Emakumeek debuta egin zuten abiadurazko patinaje probetan.

1964tik 1980ra

Innsbruck hiri tiroldarrak 1964ko Olinpiar Jokoak hartu zituen. Eski estazio tradizional bat zen arren, elur eskasia gertatu zen eman ziren baldintza klimatiko beroengatik. Horregatik, austriar armada mobilizatu behar izan zuten elurra beste toki batzuetatik ekartzeko. Lidia Skoblikova patinatzaile sobietarrak historia egin zuen proba guztietan urrezko domina lortuz. Bere kirol bizitzan zehar sei urrezko domina olinpiar lortu zituen guztira, Neguko Olinpiar Jokoetan urrezko domina gehien lortu dituen kirolaria delarik. Lehen aldiz ospatu zen luge lehiaketa, nahiz eta kirolak publizitate ezkorra izan zuen Jokoen aurretiko lasterketa batean kirolari bat hil zela eta.

Neguko Olinpiar Jokoak 
Sapporoko eski jauzietarako instalazioa. Bertan ospatu ziren 1972an Neguko Olinpiar Jokoak.

Grenobleko 1968ko Jokoak izan ziren lehenak mundu osoan kolorez transmititu zirenak. Jean-Claude Killy frantsesa alpetar eskiko diziplina guztietan urrezko domina lortzen zuen bigarren eskiatzailea bihurtu zen. Batzorde antolatzaileak telebistako eskubideak 2 milioi dolarrengatik saldu zituen, Innsbruckeko Jokoetan jasotako 936,667 dolarretatik gehikuntza nabarmena suposatuz. Probak egoitza ezberdinetan egin ziren, eta haien arteko distantzia handia zela eta hiru hiri olinpiko desberdin eraiki behar izan ziren.

1972an Neguko Olinpiar Jokoak lehen aldiz Asian ospatu ziren. Japoniako Sapporo hiria izan zen hautatua. Kirolarien profesionalismoak liskar desberdinak eragin zituen NOBren eta batzorde olinpiar nazionalen artean. Jokoak hasi baino hiru aste lehenago Avery Brundage NOBko lehendakariak Mammoth Mountainen egin zen proba batean parte hartu zuten eskiatzaile guztiak lehiaketatik kanpo uzteko mehatxua egin zuen, Estatu Batuetako froga horretan jaso zuten sari ekonomikoak haien amateur kirolari izaerarekin talka egiten zuelakoan. Azkenean, eskiatzaile bakarrari galarazi zitzaion parte-hartzea, Karl Schranz austriarrari, diru gehien jaso zuena izan baitzen. Kanadak ez zuen izotz hockey talderik bidali 1972ko eta 1976ko Olinpiar Jokoetara, liga profesionaletako jokalariak lerrokatzeko debekuagatik.

Hasiera batean 1976ko Olinpiar Jokoak Amerikako Estatu Batuetako Denver hiriari eman zizkioten, baina 1972an Coloradoko hautesleek Jokoen ospakizunarekin haien desadostasuna azaldu zuten erreferendum baten bitartez. 1973an Innsbruck, zeinak instalazioak eraikiak mantentzen zituen 1964ko Jokoetatik, aukeratu zuten Denver ordezteko. Kasu honetan ere bi su olinpiar piztu ziren, hiriak Olinpiar Joko batzuk ospatzen zituen bigarren aldia zelako. Lehen aldiz, boblseigh eta lugearentzako pista konbinatua erabili zen, Iglsen kokatua zegoena. Sobietar Batasunak laugarren urrezko domina lortu zuen jarraian izotz hockeyean.

1980ko Olinpiar Jokoak jadanik 1932an antolatu ziren Lake Placidera itzuli ziren. Boikotaren mehatxua joko guztietan zehar presente egon zen, Moskuko Jokoei egin ahal zitzaien boikot posiblearen gaineko eztabaida pil-pilean egon baitzen. Eric Heiden patinatzaile estatubatuarra jokoetako garaile handia izan zen, bost probetan urrea lortu baitzuen. Hanni Wenzelek alpetar eskiko eslalom eta erraldoi probak irabazi zituen, bere herrialde Liechtenstein txapeldun olinpiarra zuen herrialderik txikiena bihurtuz. Amerikako Estatu Batuek Sobietar Batasuna irabazi zuten izotz hockeyean ezusteko handia emanez, “Elur gaineko miraria” deituriko partidan. Urrea lortu zuen AEBtako taldeak bukaeran.

1984tik 1998ra

Neguko Olinpiar Jokoak 
Calgaryko Obalo Olinpikoa. Bertan ospatu ziren 1988ko patinaje frogak

Sapporo eta Goteborg ziruditen 1984ko Olinpiar Jokoak ospatzeko gogokoenak, horregatik ezuste bat izan zen Sarajevoren aukeraketa. Jokoak oso ondo antolatuak izan ziren eta ezerk ez zuen laster herrialdea hondatuko zuen gerra iragartzen. Jugoslaviak Neguko Olinpiar Jokoetako lehen medaila lortu zuen Jure Franko eskiatzailea eslalom erraldoiaren proban bigarren geldituta. Jokoetako beste momentu esanguratsu bat Jayne Torvill eta Christopher Dean britainiarrek irristaketa artistikoko frogan epaile guztien aldetik kalifikazio perfektuak lortu zituztenean eman zen, Ravelen Boleroaren musikarekin dantzatu ostean. Txina jokoetara itzuli zen, boikotagatik 1980koetan parte hartu ez zuelako. Akordio batera iritsi ziren atletek bandera berezi batekin eta ereserki nazional desberdin batekin desfila zezaten.

1988an, Calgary hiri kanadarra izan zen egoitza. Lehen aldiz 16 eguneko iraupena izan zuten Joko batzuk ospatu ziren. Bai jauzietan zein abiadurazko patinajean proba berriak sartu ziren, eta curlinga, abiadurazko patinajea pista laburrean eta akrobaziazko eskia erakusketa kirol gisa estreinatu ziren.

Lehen aldiz Olinpiar Joko batzuetan, abiadurazko irristaketa estalitako estadio batean ospatu zen, Obalo olinpiarrean. Holandar irristalari Yvonne van Gennipek hiru urrezko domina irabazi eta munduko bi errekor hautsi zituen, faboritoak ziren Ekialdeko Alemaniako irristalariak gaindituz. Gizonezkoetan, Matti Nykänen jauzilari finlandiarrak ere hiru urre lortu zituen, jokatu ziren jauzien hiru probak irabaziz. Alberto Tomba eskiatzaileak Olinpiar Jokoetan debuta egin zuen, urrezko dominak lortuz eslalomean eta eslalom erraldoian. Christa Rothenburger alemaniarrak 10.000 metroko irristaketa frogan urrea lortu zuen. Zazpi hilabete beranduago, Seuleko Jokoetan zilarra lortu zuen pistako txirrindularitza. Lehen eta momentuz kirolari bakarra da urte bereko Jokoetan bi domina lortzen dituena.

Neguko Olinpiar Jokoak 
1994ko Lillehammerreko Neguko Olinpiar Jokoak izan ziren lehenak Udakoen urte berean ez ospatzen.

1992ko Olinpiar Jokoak Udakoen urte berean ospatzen ziren azkenak izan ziren. Albertville hirian antolatu ziren, Frantziako Savoia eskualdean. Berlingo harresiaren erorketaren osteko lehen jokoak izan ziren. Alemaniak nazio bakar bat bezala parte hartu zuen 1964tik lehen aldiz, eta Kroazia eta Eslovenia Jugoslaviako errepublika zaharrek haien debuta egin zuten. Sobietar Batasuna osatzen zuten errepublika gehienek “Talde Batua” izenpean parte hartu zuten, jadanik independenteki aurkeztu ziren hiru errepublika baltikoak izan ezik, Bigarren Mundu Gerratik lehen aldiz. Toni Nieminen finlandiarra, 16 urterekin, Olinpiar Joko batzuetan urrezko domina lortzen zuen gizonezko kirolari gazteena bihurtu zen. Zeelanda Berriko eskiatzaile Annelise Cobergerrek Hego Hemisferioko herrialde baten lehen domina eskuratu zuen, eslalomeko proban bigarren geratuta.

1986an, NOBk Udako eta Neguko Olinpiar jokoak urte ezberdinetan ospatzea erabaki zuen 1994tik aurrera. Horregatik, Lillehammerreko Jokoak lehenak izan ziren Udako Olinpiar Jokoen urte berean ez ospatzen. 1993an Txekoslovakia disolbatu ostean, Txekiar Errepublikak eta Eslovakiak haien debuta egin zuten Lillehammerren. Emakumezkoen patinaje artistiko frogak ikusmin handia sortu zuen, urtarrilaren 6ean Nancy Kerrigan estatubatuarra lesionatu baitzen, haren herrikide eta arerio zen Tonya Hardingen senar ohiak erasotu ostean. Bi patinatzaileak lehiatu baziren ere, urrea Oksana Baiulen ukrainiarrak irabazi zuen. Lehen aldia izan zen Ukrainak Neguko Olinpiar Jokoetan urrezko domina bat eskuratzen zuena.

Naganon 1998an ospatu ziren Olinpiar Jokoak lehenak izan ziren 2000 kirolari baino gehiagoren parte hartzea izaten. Lehen aldiz, izotz hockeyaren jokalari profesionalak txapelketan parte har zezaten baimendu zen. Kanada eta Estatu Batuetako taldeak ziren itxuraz irabazle suertatuko zirenak, NHLko jokalari asko baitzeuden haien taldeetan. Baina azkenean urrea Txekiar Errepublikarentzat izan zen. Emakumezkoen izotz hockeyak debut olinpiarra egin zuen baita ere, Estatu Batuen garaipenarekin. Bjørn Dæhlie eskiatzaile norvegiarrak hiru urrezko domina irabazi zituen eski nordikoaren probetan, eta aurreko Jokoetan irabazitako dominak gehituta, historian Neguko Olinpiar Jokoetan domina gehien irabazi dituen kirolaria da (12 domina, haietako 8 urrezkoak). Hermann Maier eskiatzaile australiarrak erorketa gogor bat sufritu zuen jaitsiera proban, baina errekuperatzea lortu zuen eta beste bi probatan urrezko domina lortu zuen.

2002tik 2010era

Neguko Olinpiar Jokoak 
Su olinpikoa, 2002ko Neguko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldian, Salt Lake Cityn.

2002ko Neguko Olinpiar Jokoak Salt Lake Cityn, Estatu Batuetan, antolatu ziren eta 77 nazio eta 2339 kirolariek hartu zuten parte 7 kiroletako 78 probetan. 2011ko irailaren 11ko atentatuen osteko lehen Olinpiar Jokoak izan ziren, eta segurtasun maila igotzeaz gain, irekiera ekitaldian hainbat omenaldi egin ziren.

Georg Hackl alemaniarrak zilarrezko domina bat irabazi zuen bakarkako lugean, eta banakako proba berdinean bost aldiz jarraian olinpiar domina bat eskuratzen zuen lehen kirolaria bihurtu zen. Kanadak aurrekaririk gabeko marka lortu zuen baita ere, gizonezkoen eta emakumezkoen izotz hockeyaren urrezko dominak irabaziz. Kanada eta Errusiaren artean polemika bat piztu zen, bikotekako patinaje artistikoaren puntuazioa zela eta. Yelena Berezhnaya eta Anton Sikharulidze bikote errusiarrak Jamie Salé eta David Pelletier kanadarren aurka lehiatu ziren urrezko domina lortzeko. Bazirudien kanadarrek egindako saioak urrea lortuko zuela, bikote errusiarrak akats larri bat egin baitzuen, baina hasiera batean errusiarrek urrea irabazi zuten. Epaileen puntuazioak Gerra Hotzaren inguruko bandoetan lerratu ziren, komunista izandako herrialdeak errusiar bikotearen alde eginez eta mendebaldeko nazioak bikote kanadarraren alde. Salbuespen bakarra Marie-Reine Le Gougne epaile frantsesa izan zen, zeinak urrea errusiarrei eman zien. Ikerketa bat abiatu zen, eta agerian utzi zuen urrea errusiar bikoteari emateko presioak jasan zituela. Honen ordainetan, errusiar epaileak izotz-dantza lehiaketan frantsesen parte hartzea altuago puntuatuko zuten. NOBk bi bikoteei urrezko domina ematea erabaki zuen, Jokoetan beranduago ospatu zen bigarren domina emate ekitaldi batean. Steven Bradbury australiarrak hego hemisferioko herrialde baten lehen urrezko domina lortu zuen, 1.000 metroko pista motzeko abiadurazko patinaje froga irabazi zuenean.

Italiako Turin hiriak 2006ko Neguko Olinpiar Jokoak antolatu zituen. Italiak Neguko Olinpiar Jokoak ostatu hartu zituen bigarren aldia izan zen. Hego Koreako atletek hamar domina lortu zituzten, horietatik 6 urrezkoak, pista motzeko abiadurazko patinaje probetan. Sun-Yu Jinek hiru urrezko domina lortu zituen eta bere taldekide Hyun-Soo Ahnek hiru urrezko domina eta brontzezko bat. Emakumezkoen [[eski nordiko]ko taldekako proba batean, Kanadako Sara Rennerrek bere makiletako bat hautsi zuen eta, bere arazoa ikusi zuenean, norvegiar entrenatzaile Bjørnar Håkensmoenek makil bat uztea erabaki zuen. Horrela, talde kanadarrak zilarrezko domina irabazi ahal izan zuen norvegiarren kontura, azkenean laugarren gelditu zirelarik. Alemaniako Claudia Pechstein bederatzi domina irabazi zituen lehen abiadurazko patinatzailea bihurtu zen. Duff Gibson kanadarra urrezko domina lortzen zuen kirolari zaharrena bihurtu zen, 39 urterekin skeletoneko proba irabazi ostean. Alemania izan zen domina gehien lortu zituen herrialdea.

Neguko Olinpiar Jokoak 
Marit Bjorgen izan zen 2010ko Jokoetan domina gehien lortu zituen kirolaria

2003an, NOBk 2010eko Neguko Olinpiar Jokoak Vancouverri eman zizkion, Kanadan ospatzen ziren bigarrenak. 2,5 milioi biztanlerekin, Neguko Olinpiar Jokoak antolatu dituen hiririk handiena bihurtu zen. 82 herrialdetako 2.500 atleta baino gehiagok parte hartu zuten 86 probetan. Nodar Kumaritashvili georgiar luge kirolaria irekiera egunean egin ziren entrenamenduetan hil egin zen eta pistaren diseinua aldatu zen segurtasun arrazoiengatik. Norvegiako iraupen eskiko eskiatzaile Marit Bjørgenek bost domina irabazi zituen emakumezkoen sei probetan, hiru urre eta zilar eta brontze bana. Vancouverreko Jokoak errusiar kirolarien emaitza txarrengatik nabarmendu ziren. 1956tik lehen aldiz, errusiar ordezkariak ez ziren domina gehien irabazitako lehen bost herrialdeen artean egon. Domina kopuruan seigarren eta urrezko domina kopuruan hamaikagarren gelditu ziren. Dmitry Medvedev presidenteak kirol ordezkari nagusien berehalako dimisioa eskatu zuen Jokoen ondoren. Errusiak Vancouverren izandako errendimendu eskasa aipatzen da dopina erabiltzeko programa bat martxan jartzearen arrazoi gisa, 2014ko Jokoetan polemika eragin zuena. Asiako herrialdeen arrakasta handia ere nabarmena izan zen. 1992ko Jokoetan Asiako herrialdeek hamabost domina irabazi zituzten, horietako hiru urreak. Vancouverren aldiz, 31 domina, horietako hamaika urrezkoak. Asiako herrialdeen gorakada hau Hego Korea, Japonia eta Txinako herrialdeetan Neguko Olinpiar Jokoen eta kirol programen ondorio da.

2014tik aurrera

Sotxin, Errusian, antolatu ziren 2014ko Neguko Olinpiar Jokoak. Errusiak Neguko Olinpiar Jokoak antolatu zituen lehen aldia izan zen. 88 herrialdetako 2800 kirolari baino gehiagok parte hartu zuten 98 probetan. Olinpiar hiria eta Olinpiar Estadioa Itsaso Beltzeko kostaldean zeuden eta mendiko proba guztiak 50 kilometrotara dagoen Krasnaya Polyana eskualdean egin ziren.

Neguko Olinpiar Jokoak 
2014ko Jokoetan eski artistikoko bi proba berri gehitu ziren: Slopestyle eta Halfpipe

Aurreko Jokoetan izandako emaitza kaskarren ostean, eta eliteko kirolean 600 milioiko inbertsioa egin ostean, hasiera batean Errusia izan zen domina taulan garaile, 33 domina (13 urre) irabaziz. Hala eta guztiz ere, Grigory Rodchenkovek, dopinaren aurkako Errusiako laborategi nazionaleko buru ohiak, Jokoetarako hainbat kirolarien dopinean parte hartu zuela azaldu zuen. Richard McLarenek gidatutako Munduko Dopingaren Aurkako Agentzia egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen estatuak bultzatutako dopin programa bat martxan egon zela Errusian "gutxienez 2011tik 2015era bitarte" Udako eta Neguko Olinpiar Joko “gehiengo zabalen” inguruan. 2017ko abenduaren 23an, NOBren Diziplina Batzordeak 43 kirolari errusiar deskalifikatu eta 13 domina kendu zizkien, Errusia domina taulako lehen postutik kenduz. Norvegia izan zen azkenean domina gehien lortu zituen herrialdea.

Elurretan, Ole Einar Bjørndalen Norvegiako biatletak bi urre irabazi zituen, bere karrerako hamahirugarrenak. Horrela, bere herrialde kide Bjørn Dæhlie gainditu eta Neguko Jokoetan domina gehien irabazi dituen kirolaria da. Marit Bjørgen eskiatzaile norvegiarrak ere beste hiru urre irabazi zituen: hamar dominarekin, Neguko Olinpiar Jokoetan domina gehien irabazi dituen emakumeetako bat da, Raisa Smetanina eta Stefania Belmondorekin batera. Ayumu Hirano snowborderra Neguko Olinpiar Jokoetako domina irabazle gazteena bihurtu zen, halfpipeko proban zilarra irabazi zuenean 15 urterekin. Izotzean, Holanda abiadurazko patinaje frogetako garaile nagusia izan zen, 23 domina lortuz.

2011ko uztailaren 6an, NOBk Hego Koreako Pyeongchang hiria hautatu zuen, 2018ko Neguko Olinpiar Jokoak antolatzeko. 2017ko abenduaren 5ean, NOBk iragarri zuen Errusiak parte hartzea debekatuta zuela estatuak bultzatutako dopin eskandalua dela-eta.

Etorkizuna

2022ko Neguko Olinpiar Jokoak Beijingen ospatuko dira. Beijing Udako eta Neguko Olinpiar Jokoak antolatzen dituen lehen hiria izango da. 2026ko Neguko Olinpiar Jokoak Milan eta Cortina d'Ampezzon ospatuko dira.

Polemikak

Neguko Olinpiar Jokoak 
Juan Antonio Samaranch, NOBko lehendakari ohia, 2002ko Neguko Olinpiar Jokoetarako eskandaluan inplikatua egon zen.

Olinpiar Jokoak ospatuko diren hiria hautatzeko prozesuak miatze zorrotz bat pasatu zuen Salt Lake City 2002. urteko Olinpiar Jokoak ospatzeko aukeratu ondoren. Jokoak ostatu hartuko zituen hiria ezagutarazi eta handik gutxira, antolatzaileek eroskeria sistema konplexu bat martxan jarri zutela jakin zen, NOBko partaideen aldeko botoa lortzeko. Opariak eta beste finantza laguntzak eman zizkieten Salt Lake Cityren apustua ebaluatu eta bozkatuko zutenei. Opariak hauek familiakoentzako tratamendu medikoa, batzordeko kide baten semearentzako unibertsitate beka bat eta Utahko lurren akordio bat barne hartu zituzten. Juan Antonio Samaranch NOBko presidenteak 2000 dolarretan baloratutako bi fusil jaso zituen baita ere. Samaranchek oparia ondoriorik gabekoa izateagatik defendatu zuen, izan ere, lehendakari gisa, ez zuen boto eskubiderik. Ondorengo ikerketek 1988tik aurrerako Joko guztietan (bai Udako zein Negukoetan) praktika ezegokiak azaleratu zituzten. Adibidez, 1998ko Neguko Olinpiar Jokoetako Naganoren hautagaitzaren aldeko Japoniako Batzorde Antolatzaileak NOBko kideei egindako opariak "astronomiko" gisa definitu zituen ikerketa batzordeak. Nahiz eta hertsiki ez zen ilegaltasunik izan, NOB beldur zen babesle korporatiboek prozesuaren zintzotasunean fedea galduko zutela eta marka olinpiarra zikinduko litzatekeela, babesleak galtzeko punturaino. Ikerketaren ondorioz NOBko 10 kide kanporatuak eta beste 10 zigortuak izan ziren. NOBko kideentzako baldintza eta adin muga berriak ezarri ziren, eta 15 atleta olinpiar ohi batzordera gehitu ziren. Etorkizuneko eskaintzei arau zorrotzagoak ezarri zitzaizkien, NOBko kideek jaso ahal zituzten oparien balioak mugatuz.

Ostatu hiriaren ondarea

NOBren arabera, ostalariaren erantzukizuna da "… Jokoen alor guztientzako funtzio eta zerbitzuak antolatzea, hala nola kirol plangintza, aretoak, finantzak, teknologia, ostatua, catering, komunikabideen zerbitzuak, etab." Olinpiar Jokoak ostatu hartzearen kostua dela eta, hiri gehienek ez dituzte inbertsioaren irabaziak eskuratzen. Esate baterako, 1998ko Naganoko Neguko Olinpiar Jokoek 12.500 milioi dolarreko kostua izan zuten. Alderatuz, 2006ko Turineko Jokoetan 3.600 milioi dolar gastatu ziren. Antolatzaileek adierazi zuten Tokyo eta Nagano arteko abiadura handiko trena eraikitzea izan zela kostu altuaren erantzule. Antolatzaile batzordeak espero zuen Olinpiar Jokoen esposizioak eta Tokyotik Naganorako sarbidea bizkortzeak hurrengo urteetan bertako ekonomiaren gorakada ekarriko zuela. Naganoko ekonomiak Olinpiar Jokoen osteko bi urteetan gorakada izan zuen, baina epe luzeko ondorioak ez ziren gauzatu aurreikusitako moduan. Zor handiaren aukera, erabilerarik gabeko kirol-guneekin eta tokiko komunitatearen gain erortzen diren azpiegituren mantentze kostuekin batera, ostalari izan nahi duten hiriak uxatzen ditu.

Kezka hauek arintzeko, NOBk hainbat ekimen jarri ditu martxan. Lehenik eta behin, ostatu hiriaren aurrekontuaren zati bat finantzatzea adostu du. Bigarren, NOBk Olinpiar Joko batzuk hartu ditzaketen herrialdeak mugatzen ditu, soilik haien ekonomia kaltetu gabe Joko batzuk antolatzeko errekurtso eta azpiegiturak dituztenetara mugatuz aukera posibleak. Honek garapen bidean dauden herrialdeen zati handi bat ezabatzen du. Azkenik, Jokoak antolatu nahi dituzten hiriek “oinordetza plan” bat aurkeztu behar dute haien proposamenarekin batera. Honek bai hiri posibleak zein NOB epe luzeko ikuspegiarekin planifikatzera behartzen ditu, ekonomia zein ingurumenean izango duen eraginaren arabera.

Dopina

Neguko Olinpiar Jokoak 
Eritropoietina molekula, dopin kasuetan erabilia

1967an NOB droga test protokoloak martxan jartzen hasi zen. 1968ko Neguko Olinpiar Jokoetan kirolariei ausaz frogak egiten hasi ziren. Neguko Jokoetan positiboa eman zuen lehen atleta Alois Schloder hockey jokalaria izan zen 1972an, Mendebaldeko Alemaniakoa, baina bere taldeak lehiatzen jarraitzeko baimena izan zuen. 1970eko hamarkadan lehiaketatik kanpoko frogak ugaritu egin ziren, atletek errendimenduaren hobekuntzarako drogak erabiltzeko asmoa kentzen zuela ikusi baitzen. Froga prozeduren estandarizazio falta izan zen garai hauetako frogen arazoa, hauen sinesgarritasuna ahuldu baitzuen. 80ko hamarkadaren amaierara arte ez ziren nazioarteko kirol federazioak drogak aztertzeko protokoloak estandarizatzeko ahalegina koordinatzen hasi. NOBk esteroideen aurkako borrokaren aitzindaritza hartu zuen 1999ko azaroan, Munduko Dopinaren Aurkako Agentzia (WADA) independentea ezarri zuenean.

Turineko 2006ko Neguko Olinpiar Jokoak azaleratzen ari zen tendentzia berriagatik nabarmendu ziren: odol-dopatzeak, odol-transfusioak eta hormona sintetikoak, hala nola, eritropoietina (EPO); oxigeno-fluxua hobetzeko eta, horrela, nekea murrizteko erabiltzen hasiak ziren. Italiako poliziak Austriako eski nordikoko taldearen egoitza miatu zuen, eta odol-dopatze laginak eta ekipamenduak konfiskatu zituzten. Ekimen hau Olinpiar Jokoen aurretiko beste baten jarraipena izan zen, non eski nordikoko 12 eskiatzaile bertan behera utzi zituzten, hemoglobina maila oso altuengatik, odola-dopatze froga bezala hartzen dena.

2014ko Sotxiko Jokoetan Errusiaren dopin eskandaluaren eraginez, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak Joko horietan lehiatutako 46 kirolarien aurkako prozedura abiatu zuen. McLaren informean oinarriturik, NOBren Diziplina Batzordeak 43 kirolari errusiar deskalifikatu eta 13 domina kendu zizkien. Gainera, 2018ko Jokoetan Errusiak, herrialde bezala, ezin izan zuen parte hartu.

Politika

Gerra Hotza

Neguko Olinpiar Jokoak, Udakoak bezala, Gerra Hotzaren fronte ideologikoa izan ziren Sobietar Batasunak 1956ko Neguko Jokoetan lehen aldiz parte hartu zuenetik. Laster konturatu ziren Gerra Hotzean parte hartzen zuten herrialdeak Olinpiar Jokoak propaganda tresna indartsua zirela. Horrela, kirolari irabazleak omenduak eta sarituak izaten ziren euren herrialdeetan. Irina Rodninak, urrezko hiru dominen irabazleak, Leninen Ordena kondekorazioa jaso zuen, 1976ean Innsbrucken irabazi ostean. Sobietar Batasunean, domina lortzeagatik 4000 eta 8000 dolar inguruko saria jasotzen zen eta Amerikako Estatu Batuetan, urreagatik 25000 dolar, 15000 zilarragatik eta 10000 brontzeagatik.

NOBrentzat gai arantzatsu bat Ekialdeko zein Mendebaldeko Alemaniaren aitortza izan zen. Bigarren Mundu Gerran izandako rolagatik, Alemaniak ezin izan zuen 1948ko Neguko Olinpiar Jokoetan lehiatu. 1950ean NOBk Mendebaldeko Alemaniako Olinpiar Batzordea onartu zuen, eta Ekialdeko eta Mendebaldeko Alemania gonbidatu zituen 1952ko Neguko Jokoetan talde bateratu gisa lehiatzeko. Ekialdeko Alemaniak gonbidapena ukatu zuen eta Mendebaldeko Alemaniatik banatuta nazioarteko legitimitatea bilatu zuen. 1955. urtean, Sobietar Batasunak Alemaniako Errepublika Demokratikoa onartu zuen estatu subirano gisa. Horrela, Ekialdeko Alemania Olinpiar Jokoetako parte-hartzaile independentea bihurtzeko aldarriak indarra hartu zuen. NOBk behin-behinean Ekialdeko Alemaniako Olinpiar Batzordea onartzea adostu zuen, Ekialdeko eta Mendebaldeko alemaniarrek talde berean lehiatzeko baldintzarekin. Egoera okertu zen Berlinen 1962an harresia eraiki zenean, eta mendebaldeko nazioek Ekialdeko Alemaniako kirolariei bisak galarazten hasi zirenean. Talde bateratuaren ideiak 1968ko Grenoble Jokoak arte iraun zuen. Orduan NOBk bi herrialdeetako taldeak ofizialki banatu zituen eta Ekialdeko Alemaniako kirolariei bisa ukatzen zieten herrialdeei Neguko Olinpiar Jokoak ostatu ez hartzeko mehatxua egin zien.

Boikota

Udako Olinpiar Jokoek hainbat boikot jasan dituzten bitartean, Neguko Jokoek soilik olinpiar batzorde nazional baten boikota jasan dute bakarrik. Taiwanen kasua izan zen, zeinak 1980ko Lake Placideko Jokoetan ez lehiatzea erabaki zuen. Boikotaren arrazoia NOBk 1952tik lehen aldiz Txinaren parte-hartzea baimentzea izan zen. Txinak “Txinako Herri Errepublika”ren izenpean lehiatuko zuen, Txinako ereserki eta banderarekin. Ordura arte, Taiwanek erabiltzen zituen izen zein ikur horiek. NOBk Taiwanek izen hori ez erabiltzea erabaki zuen, Taipei Txinatarra izena ezarriz eta beste bandera eta ereserki bat erabiltzera behartuz. Taiwanek ez zuen NOBren erabakia onartu eta bere kirolariak Txinako Herri Errepublika izenarekin agertu ziren olinpiar hirira. Haien identifikazio txartelak ez zituzten onartu eta protesta gisa, ordezkaritzak jJkoak uztea erabaki zuen hasiera ekitaldiaren aurretik. 1984ko jokoetan itzuli zein Taiwan, Taipei Txinatarra izena erabiliz.

Kirolak

2007ko Karta Olinpikoan "elurretan edo izotzetan praktikatzen diren horiek" definitzen dira neguko kirol gisa. 1992tik hainbat kirol gehitu dira programa olinpikora, haien artean snowboarda, eski akrobatikoa edota pista laburreko abiadurazko izotz patinajea. Kirol hauen gehikuntzak Neguko Olinpiar Jokoekiko interesa Europa eta Ipar Amerikatik kanpoko hainbat herrialdeetara zabaldu du. Norvegia edo Alemania bezalako botere europarrak neguko olinpiar kirol klasikoetan gailentzen badira ere, Hego Korea, Australia edo Kanada bezalako herrialdeak kirol berri hauetan arrakasta izaten ari dira.

Gaur egungo kirolak

Kirola Urteak Proba kopurua Gaur egungo frogak
Abiadurazko irristaketa izotzean 1924tik aurrera 14
  • 500 metro (E/G), 1000 metro (E/G)
  • 1500 metro (E/G), 5000 metro (E/G)
  • Talde jazarpena (E/G), masa irteera (E/G)
  • 3.000 metro (E)
  • 10.000 metro (G)
Biatloia 1960tik aurrera 10
  • Esprinta (E/G)
  • Banakakoa (E/G)
  • Banakako Jazarpena (E/G)
  • Erreleboak (E/G)
  • Masa irteera (E/G)
Bobsleigh 1924–1956
1964tik aurrera
3 Binaka (E/G) eta launaka (G)
Curlinga 1924ean eta 1998tik aurrera 3 Gizonen eta emakumen probak, proba mistoa
Eski akrobatikoa 1992tik aurrera 10 Moguls (E/G), aerials (E/G), skicross (E/G), halfpipe (E/G) eta slopestyle (E/G)
Eski alpino 1936tik aurrera 10
  • Jaitsiera (E/G)
  • Eslalom erraldoia (E/G)
  • Eslalom oso handia (E/G)
  • Eslalom (E/G)
  • Alpetar konbinatua (E/G)
Eski jauziak 1924tik aurrera 4
  • Tranpolin normala banaka (E/G)
  • Tranpolin luzea (G)
  • Tranpolin luzea taldeka
Eski nordikoa 1924tik aurrera 12
  • Esprinta (E/G)
  • Talde esprinta (E/G)
  • Jazarpena (E/G)
  • Erreleboak (E/G)
  • 15 km eta 50 km (G)
  • 10 km eta 30 km (E)
Izotz hockeya 1920tik aurrera 2 Gizonen eta emakumeen probak
Konbinatu nordikoa 1924tik aurrera 3
  • 10 km eta tranpolin normala (G)
  • 10 km eta tranpolin luzea (G)
  • Taldeka (G)
Luge 1964tik aurrera 4 Banakakoa (E/G), binakakoa (G) eta erreleboak
Izotz gaineko patinaje artistikoa 1924tik aurrera 5 Banakakoa (E/G), binakakoa, dantza eta taldekoa
Pista laburreko abiadurazko

izotz irristaketa

1992tik aurrera 8
  • 500 metro (E/G)
  • 1000 metro (E/G)
  • 1500 metro (E/G)
  • Erreleboak (E/G)
Skeleton 1928, 1948, 2002tik aurrera 2 Gizonen eta emakumen probak
Snowboard 1998tik aurrera 8
  • Eslalom paralelo (E/G)
  • Snowboard cross (E/G)
  • Halfpipe (E/G)
  • Slopestyle (E/G)

Neguko olinpiar kirol izandakoak

Neguko Olinpiar Jokoak 
Skijoringa 1932ko Neguko Olinpiar Jokoetan erakusketa kirola izan zen.

Erakusketa kirolak

Domina gehien dituzten 10 herrialdeak

Nazioarteko Olinpiar Batzordearen emaitza ofizialen arabera.      Estatu ohia

Postua Estatua Jokoak Urrea Zilarra Brontzea Guztira
1 Neguko Olinpiar Jokoak  Norvegia 23 132 125 111 368
2 Neguko Olinpiar Jokoak  AEB 23 105 110 90 305
3 Neguko Olinpiar Jokoak  Alemania 12 92 86 60 238
4 Neguko Olinpiar Jokoak  Austria 23 64 81 87 232
5 Neguko Olinpiar Jokoak  Kanada 23 73 64 62 199
6 Neguko Olinpiar Jokoak  Sobietar Batasuna 9 78 57 59 194
7 Neguko Olinpiar Jokoak  Finlandia 23 43 63 61 167
8 Neguko Olinpiar Jokoak  Suedia 23 57 46 55 158
9 Neguko Olinpiar Jokoak  Suitza 23 55 46 52 153
10 Neguko Olinpiar Jokoak  Herbehereak 21 45 44 41 130

Neguko Olinpiar Jokoen zerrenda

Jokoak Urtea Hiria Nork irekia Datak Herrialdeak Parte hartzaileak Kirolak Diziplinak Probak Herrialde irabazlea Eref
Guztira Gizonak Emakumeak
I 1924 Neguko Olinpiar Jokoak  Chamonix (Frantzia) Gaston Vidal Urtarrilak 25 – Otsailak 5 16 258 247 11 6 9 16 Neguko Olinpiar Jokoak  Norvegia [1]
II 1928 Neguko Olinpiar Jokoak  Saint-Moritz (Suitza) Edmund Schulthess Otsailak 11-19 25 464 438 26 4 8 14 Neguko Olinpiar Jokoak  Norvegia [2]
III 1932 Neguko Olinpiar Jokoak  Lake Placid (AEB) Franklin Delano Roosevelt Otsailak 4-15 17 252 231 21 4 7 14 Neguko Olinpiar Jokoak  AEB [3]
IV 1936 Neguko Olinpiar Jokoak  Garmisch-Partenkirchen (Alemania) Adolf Hitler Otsailak 6-16 28 646 566 80 4 8 17 Neguko Olinpiar Jokoak  Norvegia [4]
1940 Sapporon, Japonian ospatzekoak; Bigarren Mundu Gerra zela eta bertan behera utziak
1944 Cortina d'Ampezzo, Italian ospatzekoak; Bigarren Mundu Gerra zela eta bertan behera utziak
V 1948 Neguko Olinpiar Jokoak  Saint-Moritz (Suitza) Enrico Celio Urtarrilak 30 – Otsailak 8 28 669 592 77 4 9 22 Neguko Olinpiar Jokoak  Norvegia
Neguko Olinpiar Jokoak  Suedia
[5]
VI 1952 Neguko Olinpiar Jokoak  Oslo (Norvegia) Ragnhild printzesa Otsailak 14–25 30 694 585 109 4 8 22 Neguko Olinpiar Jokoak  Norvegia [6]
VII 1956 Neguko Olinpiar Jokoak  Cortina d'Ampezzo (Italia) Giovanni Gronchi Urtarrilak 26 – Otsailak 5 32 821 687 134 4 8 24 Neguko Olinpiar Jokoak  Sobietar Batasuna [7]
VIII 1960 Neguko Olinpiar Jokoak  Squaw Valley (AEB) Richard Nixon Otsailak 18-28 30 665 521 144 4 8 27 Neguko Olinpiar Jokoak  Sobietar Batasuna [8]
IX 1964 Neguko Olinpiar Jokoak  Innsbruck (Austria) Adolf Schärf Urtarrilak 29 – Otsailak 9 36 1091 892 199 6 10 34 Neguko Olinpiar Jokoak  Sobietar Batasuna [9]
X 1968 Neguko Olinpiar Jokoak  Grenoble (Frantzia) Charles de Gaulle Otsailak 6–18 37 1158 947 211 6 10 35 Neguko Olinpiar Jokoak  Norvegia [10]
XI 1972 Neguko Olinpiar Jokoak  Sapporo (Japonia) Hirohito Otsailak 3–13 35 1006 801 205 6 10 35 Neguko Olinpiar Jokoak  Sobietar Batasuna [11]
XII 1976 Neguko Olinpiar Jokoak  Innsbruck (Austria) Rudolf Kirchschläger Otsailak 4–15 37 1123 892 231 6 10 37 Neguko Olinpiar Jokoak  Sobietar Batasuna [12]
XIII 1980 Neguko Olinpiar Jokoak  Lake Placid (AEB) Walter Mondale Otsailak 13–24 37 1072 840 232 6 10 38 Neguko Olinpiar Jokoak  Sobietar Batasuna [13]
XIV 1984 Neguko Olinpiar Jokoak  Sarajevo (Jugoslavia) Mika Špiljak Otsailak 8–19 49 1272 998 274 6 10 39 Neguko Olinpiar Jokoak  Alemaniako Errepublika Demokratikoa [14]
XV 1988 Neguko Olinpiar Jokoak  Calgary (Kanada) Jeanne Sauvé Otsailak 13–28 57 1423 1122 301 6 10 46 Neguko Olinpiar Jokoak  Sobietar Batasuna [15]
XVI 1992 Neguko Olinpiar Jokoak  Albertville (Frantzia) François Mitterrand Otsailak 8–23 64 1801 1313 488 6 12 57 Neguko Olinpiar Jokoak  Alemania [16]
XVII 1994 Neguko Olinpiar Jokoak  Lillehammer (Norvegia) Harald V.a Norvegiakoa Otsailak 12–27 67 1737 1215 522 6 12 61 Neguko Olinpiar Jokoak  Errusia [17]
XVIII 1998 Neguko Olinpiar Jokoak  Nagano (Japonia) Akihito Otsailak 7–22 72 2176 1389 787 7 14 68 Neguko Olinpiar Jokoak  Alemania [18]
XIX 2002 Neguko Olinpiar Jokoak  Salt Lake City (AEB) George W. Bush Otsailak 8–24 78 2399 1513 886 7 15 78 Neguko Olinpiar Jokoak  Norvegia [19]
XX 2006 Neguko Olinpiar Jokoak  Turin (Italia) Carlo Azeglio Ciampi Otsailak 10–26 80 2508 1548 960 7 15 84 Neguko Olinpiar Jokoak  Alemania [20]
XXI 2010 Neguko Olinpiar Jokoak  Vancouver (Kanada) Michaëlle Jean Otsailak 12–28 82 2566 1522 1044 7 15 86 Neguko Olinpiar Jokoak  Kanada [21]
XXII 2014 Neguko Olinpiar Jokoak  Sochi (Errusia) Vladimir Putin Otsailak 7-23 88 2873 1714 1159 7 15 98 Neguko Olinpiar Jokoak  Norvegia [22]
XXIII 2018 Neguko Olinpiar Jokoak  Pyeongchang (Hego Korea) Moon Jae-in Otsailak 9–25 92 2922 1680 1242 7 15 102 Neguko Olinpiar Jokoak  Norvegia [23]
XXIV 2022 Neguko Olinpiar Jokoak  Beijing (Txina) Xi Jinping Otsailak 4–20 91 2861 TBA TBA 7 15 109 [24]
XXV 2026 Neguko Olinpiar Jokoak  Milan eta Cortina d'Ampezzo (Italia) Otsailak 6–22 Etorkizuneko gertakaria Etorkizuneko gertakaria Etorkizuneko gertakaria Etorkizuneko gertakaria [25]

Udako Olinpiar Jokoetan ez bezala, bertan behera utzitako 1940ko Neguko Olinpiar Jokoak eta 1944ko Neguko Olinpiar Jokoak “ez” dira kontuan hartzen Neguko Jokoen zenbaki erromatarren numeraziorako.

Neguko Olinpiar Jokoak 
Neguko Olinpiar Jokoak ospatu diren lekuen mapa. Jokoak behin bakarrik hartu dituzten herrialdeak berdez daude margotuak, eta bi edo gehiagotan hartu dituztenak urdinez

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak


Tags:

Neguko Olinpiar Jokoak HistoriaNeguko Olinpiar Jokoak PolemikakNeguko Olinpiar Jokoak PolitikaNeguko Olinpiar Jokoak KirolakNeguko Olinpiar Jokoak Domina gehien dituzten 10 herrialdeakNeguko Olinpiar Jokoak Neguko Olinpiar Jokoen zerrendaNeguko Olinpiar Jokoak ErreferentziakNeguko Olinpiar Jokoak Ikus, gaineraNeguko Olinpiar Jokoak Kanpo estekakNeguko Olinpiar Jokoak

🔥 Trending searches on Wiki Euskara:

Kuleto faltsuAntzinaroaPaduraErromatar InperioaIñaki SalvadorCollageHizkuntzaEuskaldunon EgunkariaClarendonWolfgang Amadeus MozartHezkuntzaAminoazidoEreinotzRaichur barrutiaGalaxia irregularAndy WarholErrobi (taldea)Gazte TopaguneaAngkor WatJokin AltunaPeziza ammophilaKareharriLatinIrunHinduismoMaria ArrillagaAsunGante-WevelgemJaponiaNafarroa BehereaKongoko Errepublika DemokratikoaBarbudaZuntz optikoKristautasunWiki CommonsEskolaJose Antonio GisasolaEuskal Herriko naturagune babestuakKutsaduraSainte-JalleBertsolaritzaXabier TolosaUreterJane AustenFrantziaProtozooEukaliptoKoliseoaM-15 mugimenduaMaria UrcelayArteEuskararen historiaGalaxiaJose Maria IparragirreXX. mendeaEuskal Herriko mendiak71. Oscar SariakSorginFrantziako IraultzaMoldaviaLeBron JamesMikel LaboaXabier LeteArthur BarclayAzalaAnimaliaTrikuharriErrusiaNerbio-sistemaFutbolTaula periodikoaIlargiaren aldiUraren zikloaPierre Topet🡆 More