Jokin Altuna Altuna, pilota arloan Altuna III.a deituraz ezaguna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996ko martxoaren 27a) esku huskako pilotari profesionala da.
Altuna III.a | ||||
---|---|---|---|---|
Jokin Altuna, 2018ko abuztuan | ||||
Izen osoa: | Jokin Altuna Altuna | |||
Jaiotza data: | 1996ko martxoaren 27a (28 urte) | |||
Jaioterria: | Amezketa (Gipuzkoa) | |||
Pilotaria | ||||
Modalitatea: | esku huskako pilota | |||
Egungo enpresa: | Aspe | |||
Postua: | aurrelaria | |||
Altuera: | 1,80 m | |||
Pisua: | 71 kg | |||
Debutatze data: | 2014ko ekainaren 24a | |||
Debutatze pilotalekua: | Astelena (Eibar) |
Aurrelari aritzen da, Aspe enpresarekin. Txikitatik nabarmendu izan da, erasoko joko ikusgarria baitu, oldarkorra, irudimentsua, intuiziozkoa; ez du oso kolpe bortitza, baina kolpe mota guztiak teknika apartaz egiten ditu, eta eskuinez jotzen duenean bizi ateratzen zaio pilota. Trebetasun berezia du errematea norantz egingo duen ezkutatzeko, eskumuturrarekin azken unean aldatu egiten baitu pilotari ematen dion noranzkoa. Profesionaletan 2014ko ekainaren 24an debutatu zuen, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan, Titin III.a handiaren aurka. Lehen Hezkuntza ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean.
Profesionaletan debutatu zuenetik bost hilabete betetzerako, lehen finala jokatu zuen: Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa, Iñaki Artolaren aurka. Artola gailendu zitzaion, 22-8. Profesionaletan egindako lehen urtebetean asko hobetu zuen defentsan (bereziki ezkerrez, debutatu berritan hutsunerik handiena zuen hartan), eta gorputzez indarra eta eusmena hartu zituen (debutatu berritan laster nekatzen zen, urtebete lehenago pneumotoraxa izan baitzuen, 2013ko uztailaren 17an egin zioten ebakuntzaz sendatua); horri esker, 2015eko uda bikaina izan zen Altunarentzat, eta aurretik udako torneoetako bi finaletara iritsi eta galdu eta gero, irailean San Mateokoa irabazi zuen, Merino II.a lagun zuela, Olaizola II.a eta Urrutikoetxea 22-21 mendean hartuta.
2016ko udan aurrelaririk hoberena izan zen, eta 2016ko lau eta erdiko txapeldunordea. Finalerdietan Aimar Olaizola (lau eta erdiko txapelketa nagusi gehien irabazi duena) kanporatu eta gero, finalean 22-21 galdu zuen Oinatz Bengoetxearen aurka. 2017ko lau eta erdiko txapelketa nagusian, ordea, txapelduna izan zen, finala Mikel Urrutikoetxeari 22-21 irabazita.
2018an eskuratu zuen orain arteko bere garaipenik handiena: Buruz Buruko Txapelketa Nagusia irabazi zuen, finalean 22-14 Olaizola II.a mendean hartuta. Ustekabea izan zen Altuna hain gazterik finalera iristea. 2019an, kale egin zuen gero txapelduna izango zen Irribarriaren aurka (Irribarria Altuna baino gazteagoa da), eta 2020. urtean, faboritoa izanik ere, finala galdu zuen Erik Jakaren kontra. Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusian, aldiz, bosgarren urtez jarraian, finalera iritsi zen, bai eta txapela irabazi ere.
2020an, Mariezkurrena II.a atzelaria lagun, Binakako Txapelketa Nagusiko finalerdietara heldu zen; finalerako sailkatzeko garaipen bakarrera geratu ziren. Gero, Buruz Buruko Txapelketa Nagusian, Altuna txapeldun izan zen, finalean Rezusta 22-5 mendean hartuta.
Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Tantoak | Pilotalekua |
---|---|---|---|---|
2018 | Altuna III.a | Olaizola II.a | 22-14 | Bizkaia |
2020 | Jaka | Altuna III.a | 22-20 | Bizkaia |
2021 | Altuna III.a | Rezusta | 22-05 | Bizkaia |
2023 | Elordi | Altuna III.a | 22-18 | Bizkaia |
Urtea | Txapelduna | Txapeldunordea | Tantoak | Pilotalekua |
---|---|---|---|---|
2016 | Bengoetxea VI.a | Altuna III.a | 22-21 | Ogeta |
2017 | Altuna III.a | Urrutikoetxea | 22-21 | Bizkaia |
2018 | Ezkurdia | Altuna III.a | 22-17 | Nafarroa Arena |
2019 | Ezkurdia | Altuna III.a | 22-16 | Nafarroa Arena |
2020 | Altuna III.a | Jaka | 22-09 | Bizkaia |
2021 | Altuna III.a | Laso | 22-20 | Bizkaia |
2022 | Ezkurdia | Altuna III.a | 22-21 | Bizkaia |
Urtea | Txapeldunak | Txapeldunordeak | Tantoak | Pilotalekua |
---|---|---|---|---|
2022 | Altuna III.a - Martija | Laso - Imaz | 22-20 | Bizkaia |
Eugeni Alzibarrek Jokin izeneko abestia sortu zuen, Altuna III.ari idatzia.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Jokin Altuna, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.