Richard Milhous Nixon (Yorba Linda, Kalifornia, 1913ko urtarrilaren 9a - New York, 1994ko apirilaren 22a) estatubatuar politikaria izan zen.
Estatu Batuetako 37. presidentea izan zen 1969–1974 bitartean. Dimisioa eman behar izan zuen Watergate eskandaluagatik.
1945ean Alderdi Errepublikanoko kide egin zen, eta 1951n senatari hautatu zuten. Gogor jardun zuen komunistatzat salatzen zituen funtzionarioen aurka. 1952tik 1960 arte presidenteorde izan zen, eta presidente gisa jardun zuen Eisenhower gaixorik egon zen bitartean ere. 1960an, Alderdi Errepublikanoaren hautagaia izan zen presidentetzarako hauteskundeetan, baina John F. Kennedy demokrata gailendu zitzaion.
1968an presidente hautatu zuten. Barne-politikan, gogor zapaldu zituen Vietnamgo Gerrak eragin zituen protesta eta iskanbila larriak, eta arrazakeriaren aurka borrokatzen ziren beltzen erakundeak. Kanpo-politikan, Vietnamgo Gerra izan zuen arazo nagusia; konponbide gisa Estatu Batuetako gudarostea pixkanaka handik ateratzen saiatu zen baina, aitzitik, vietnamizazio-politika horrek Indotxina osora hedatu zuen gerra; 1972an, bonbardaketa latzak agindu zituen Hanoin eta Hai Phongen, baina, Estatu Batuek gerra galdua zutela ikusirik, azkenean bake-hitzarmen bat negoziatu behar izan zuten vietnamdarrekin. Txinako Herri Errepublikarekin hitzarmenak egin zituen Estatu Batuetako lehen presidentea izan zen. Bestalde, arma estrategikoen kopurua mugatzeko hitzarmenak egin zituen Sobietar Batasunarekin.
1972an berriro izendatu zuten presidente. Israeldarrei lagundu zien Yom Kippur Gerran, eta 1973ko Txileko estatu kolpean Augusto Pinocheten alde esku hartzeko agindu zuen. Henry Kissinger estatu-idazkariak eragin handia izan zuen haren kanpo-politikan. 1974ko abuztuaren 9an, kargua utzi behar izan zuen Watergate auziagatik.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Richard Nixon, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.