Colorado Ameriketako Estatu Batuetako estatua da, Estatu menditsuen gunean kokatua dagoena.
1876az geroztik du estatu izaera. Iparraldean Wyomingekin, hegoaldean Mexiko Berriarekin, hegomendebaldean Arizonarekin, ekialdean Nebraska, Kansas eta Oklahomarekin, eta mendebaldean Utahrekin egiten du muga.
Mendi, ibai eta lautadetan ugaria delako da ezaguna. 2008an 4.939.456 biztanle zituen, 2000. urtean baino %14 gehiago. Hiriburua Denver du, baita hiri garrantzitsuena ere.
Coloradoko estatua menditsua da (2.500 m-koa da bertako mendien batez besteko altuera). Arkansas ibaiak zeharkatzen dituen ordokiak daude ekialdean. Erdialdea menditsua da: Mendi Harritsuek zeharkatzen dute estatu guztia ekialdetik mendebalera: Longs Peak (4.350 m), Pikes Peak (4.308 m), Blanca Peak (4.405 m), Harvard (4.384 m) dira bertako mendi nagusiak. Coloradoko Rocky Mountains National Park Estatu Batuetako parke natural ederrenetakoa da. Mendebalean, arroila ugari dituzten goi-ordokiak daude, Utahko eta Mexiko Berriko ingurunearen ezaugarri direnak (Mesa Verde National Park).
Garrantzi handiko ibaiak jaiotzen dira Coloradoko estatuan: Missourira doan Platte eta Mississippira doan Arkansas ibaiak sortaldean, eta Rio Grande, Colorado eta Green ibaiak sartaldean.
Klima kontinental lehorra da. Eguzkitsua. Tenperaturak gorabehera handiak izaten ditu, Colorado estatuko lurraldeen altueraren arabera.
XVI. mendean sartu ziren espainiar konkistatzaileak Coloradoko lurraldean; haiek izan ziren Coloradora iritsi ziren lehen europarrak. 1706. urtean, Juan de Ulibarri jabetu zen lur haiez Espainiako koroaren izenean. Estatu Batuek bere egin zuten Coloradoko iparraldea 1803. urtean; gainerakoa, Mexikorena zen aldea, 1848-1850. urteetan lotu zitzaion Estatu Batuen zatiari eta 1876. urtean Estatu Batuetako 38. estatu bihurtu zen.
Ibarrak ureztatzeko bide artifizialak erabiltzeak aurreramendu handia ekarri dio nekazaritzari eta hainbat gai berri landu ahal izan dira bertan: laboreak, azukre erremolatxa, patata. Fruituak lantzen dira mendebalean. Abere hazkuntza mendialdean (behi eta ardi aziendak). Argi indarra sortzeko eta landak ureztatzeko ura duten dituzten urtegi handiak daude. Lurpea oso aberatsa da: urrea eta zilarra (meatze hauek erabat ustiatu eta hustu ziren 1880-1920 urteetan), molibdenoa (Climax, 3.000 m-an dagoena, munduko mobdileno hobi handiena da), ikatza, petrolioa eta uranioa ateratzen dira. Janari industria, metalurgia, inprimategiak eta elektronika ere garrantzi handikoak dira.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Colorado, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.