Zelula mintza, mintz plasmatikoa edo plasma mintza zelula inguratzen duen lipido geruza bikoitza da.
Proteinak eta gluzidoak ere agertzen dira mintzean. Zelula mota guztietan agertzen da eta zelula eukariotoen kasuan organuluen mintzak ere egitura berekoak dira. Zelula prokariotoetan eta landare eta onddoen zeluletan zelula hormaren azpian kokatzen da.
Zelula mintzaren ezaugarri nabarmenena iragazkortasun selektiboa da, hau da, zelula barnera sartu behar diren edota zelulatik atera behar diren molekulak hautatzeko gaitasuna da. Bestalde kanpotik datozen seinaleak hartzeko errezeptore espezifikoak ditu eta zelularen jarduera zehatzak aktibatu edo desaktibatzen ditu.
Mikroskopio elektronikoz bakarrik ikus daiteke, izan ere 7'4 nm-ko (74 Å) lodiera baitu. Mikroskopioz begiratzerakoan bi geruza ilun ikusten dira eta bien artean geruza argi bat. Mintza osatzen duten molekulen artean lipidoak dira nagusi. 50 lipido molekula bakoitzeko proteina bat aurkitzen dela kalkulatzen da, baina proteinak askoz handiagoak direnez mintzaren pisuaren %50a inguru hartzen dute.
Gaur egun onartzen den egitura mosaiko jariakorraren eredua da. S.J. Singer eta G.L. Nicolsonek proposatu zuten 1972. urtean. Zelula mintza lipidoz (fosfolipidoz eta kolesterolez), proteinaz eta gluzidoz osatua dago.
Molekulak etengabe mugitzen direnez bere forma ere aldakorra da. Asimetrikoa da, hau da, barruko eta kanpoko aldeetan egitura ezberdina du eta beraz funtzio desberdinak betetzen ditu. Kanpoaldean glikokaliza eratzen da eta barnealdean aktinazko mikrofiruak itsasten zaizkio mintzari.
Zelula mintza bi lipido geruzaz osaturik dago eta lipido hauek dira mintz plasmatikoaren egonkortasunaz arduratzen direnak. Mintzean agertzen diren molekula lipidiko guztien %98a anfipatikoak dira, hau da, mutur hidrofiloa (kanporantza begira, urarekin harremantzen dena) eta mutur hidrofoboa (barrurantza begira) dituzte.
Lipidoen artean gehienak fosfolipidoak dira eta buru polarra kanpoalderantz kokatzen dute, buztan hidrofoboak aldiz barnealderantz. Mintzaren kanpoko geruzan glukolipidoak ere ager daitezke, neuronatan bereziki, eta glikokaliza eratzen dute. Azkenik kolesterola aipatu behar da. Hau ere anfipatikoa da, izan ere lau eraztunetako molekula hidrofoboaren mutur batean hidroxilo talde bat baitauka.
Singer eta Nicolsonek aipatu zuten geruza jariakorra dela, eta beraz ez da estatikoa. Honako mugimendu hauek agertzen ditu:
1997. urtean Simons eta Ikonen ikerlariek lipido baltsen (lipid rafts ingelesez) ideia aurkeztu zuten. 50 nm inguruko lipido domeinu txikiak dira, inguruko mintza baino trinkoagoak, kolesterolez, fosfolipido saturatuz eta proteinaz osaturik baitaude. Trinkoak izanik gainerako mintzean baltsa gisa flotatzen dute. Hainbat funtzio esleitu zaizkie, batez ere patogenoen aurkako babesa eta kolesterolaren homeostasia.
Zelularen arabera mintzeko proteinen proportzioa aldatu egiten da. Neuronen mielinatan mintzeko molekulen arteko proteina kopurua %20koa da baina mitokondrioaren barneko mintzean %70era iristen da. Mintzeko proteinak bi multzo handitan sailkatzen dira:
Funtzioaren arabera ere sailkatzen dira proteinak:
Lotura kobalenteen bidez kanpoko geruzan dauden lipido eta proteinei lotzen zaizkie eta glikokaliza eratzen dute. Zelula mintza babesten dute eta immunitate-sistemarentzako beharrezkoak dira zelulen izaera identifikatzeko.
Zelula mintzak hainbat funztio betetzen ditu:
Zelulek substantzien trukea egin behar dute kanpoaldearekin, hori mintz plasmatikoaren bidez egiten da. Kanpotik beharrezko molekula guztiak hartu eta aldi berean, ez diete sartzen utzi behar komenigarriak ez direnei. Horretarako mintz plasmatikoa modu selektiboan jarduten da.
Molekula txikiek zeharkatzen dute mintza. Hainbat eratara gertatzen da, molekularen izaeraren arabera eta gradientearen alde edo aurka egiten denaren arabera:
Tamaina handiko molekulek eta partikula solidoek ezin dute mintza zeharkatu eta orduan mintza inbajinatu egiten da, hau da, forma aldatzen du.
Prozesu honen bidez, tamaina handiko molekulak eta partikula solidoak zelulan sartzen dira. Mintzaren kanpoko azalera zurgatu eta gero, mintz horren zati batera inguratzen dira. Endozitaturiko mintz zatiak azalerara itzultzen dira. Hiru endozitosi mota daude:
Zelulan ekoizturiko sustantziak kanporatu behar direnean besikularen mintzak bat egiten du zelula mintzarekin. Golgi aparatuan sortzen diren xixkuen kasua da.
Odol kapilaretako endotelio zeluletan eta epitelioko zeluletan gertatzen den prozesua da. Zelulak pinozitosi bidez odoletik ehuneko zelulek behar dituzten sustantziak hartzen ditu eta zitoplasma zeharkatu ondoren alboan duen zelulari ematen dizkio exozitosi bidez.
Zelulek euren artean komunikatuta egon behar dute funtzioen koordinazio egokirako. Komunikazioa, mezulari kimikoen bidez. Hauei erantzuten dieten zelulak diana izena dute. Mezulariek ez dituzte mintz zelularrak zeharkatzen, horregatik, mintzaren beste aldera pasatzeko transdukzioa egin behar da.
Mezu agonistak eta antagonistak:
Zelula mintza ez da uniformea izaten eta zelularen konkretuetan ezaugarri bereziak dituzten azalerak aurkitzen dira. Orokorrean azalera apikala, azalera basala eta alboetako azalera bereiztan dira epitelioetako zeluletan.
Digestio hodiaren epitelioko zeluletako azalera apikalean zurgapen ahalmena handitzeko mintzak ebaginazioak izaten ditu, eskularru baten hatzen itxurakoak. Mikrobiloak dira. Arnas aparatuko zeluletako azalera apikalean zilioak azaltzen dira.
Ehunak osatzen dituzten zelulen artean lotura eta atxikidurak agertzen dira. Konplexutasun ezberdina eta funtzio ezberdina duten hainbat lotura mota existitzen dira; Lotura estuak, atxikidura bandak, desmosomak, hemidesmosomak eta gap loturak.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Zelula mintz, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.