Pierre de Fermat (Beaumont-de-Lomange, Tarn eta Garona, 1601- Castres, Tarn, 1665eko urtarrilaren 12a) frantziar jurista eta matematikaria izan zen.
Eric Temple Bell matematikaren alorreko historialariak “afizionatuen printzea” ezizena eman zion, eta hala ezaguna da gaur egun ere.
Pierre de Fermat | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Beaumont-de-Lomagne, 1601 | ||
Herrialdea | Frantzia | ||
Heriotza | Castres, 1665eko urtarrilaren 12a (57/58 urte) | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Louise de Long (en) (1631ko ekainaren 1a - | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | University of Orléans (en) Q23197733 (1623 - | ||
Hezkuntza-maila | Bachelor of Laws (en) | ||
Hizkuntzak | latina frantsesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | matematikaria, abokatua eta epailea | ||
Enplegatzailea(k) | Parliament of Toulouse (en) (1638ko urtarrilaren 16a - | ||
Lan nabarmenak | ikusi
| ||
Influentziak | Diofanto Alexandriakoa, Girolamo Cardano eta François Viète |
Izan ere, XVII. mendeko matematikaririk ospetsuenetarikoa izan zen, René Descartes eta Johannes Keplerrekin batera. Nahiz eta horretara profesionalki ez dedikatu, kalkulu modernoan eta geometria analitikoan buruturiko ekarpenek eragin handia izan dute. Joseph-Louis Lagrangen esanetan, alegia, kalkuluaren asmatzailea dugu frantsesa. Horretaz gain, Blaise Pascalekin batera probabilitateen teoriaren fundatzailea ere badugu Fermat. Gaineratu beharra dago, Descartes beraren ikerketetatik at, geometria analitikoaren oinarrizko printzipioa ere aurkitu zuela pertsonaia honek. Hala ere, haren ekarpen nagusi eta ospetsuena bere azkeneko teorema dugu, buruhauste ugari ekarri izan dituen ezezagun matematikoa. Askok esaten dutenez, Diofantoren obraren jarraipena dugu Fermat, zenbakien teoria alor independiente gisa sortu baitzuen.
Pierre de Fermat 1601. urtean jaio zen, Beaumont-de-Lomagnen, gaur egungo Tarn eta Garona departamentuan kokaturiko herri gaskoian zehazki. Ez dakigu ziur ze egunetan jaio zen baina, Bellek dioenez, abuztuaren 14an batailatua izan zen. Esan beharra dago, haren orduko etxea museo bihurtu dutela eta, gaur egun, turistestantzako prestaturiko atrakzioa dugula. Jatorriz, familia aberatsekoa zen Fermat, haren aitaren merkatari lana dela eta. Hain zuzen ere, Dominique Fermat larru merkatariaren garrantzia ikaragarria zen Beaumont-de-Lomangen, non lau kontsuletako bat izan zen hiru urtez. Bere amak, ostera, Claire de Long izena zuen. Fermatek hiru neba arreba zituen; anaia bat eta bi arreba. Nahiz eta bere ikasketen ibilbidea nahiko ezezaguna den, ia ziurtasunez esan genezake Montaubanen ikasi zuela, Pariseko Nafarroako Eskolan.
Haren prestakuntza unibertsitate ezberdinetan burutu zuen Fermatek; 1623tik aurrera, 22 urte zituelarik, Orleanseko Unibertsitatean zuzenbide zibila ikasteari ekin zion pentsalariak. Honako titulu hau hiru urte beranduago jaso zuen, 1626an. Ostera, Bordelen, matematikaren alorreko zenbait ikerketa jarri zituen abian. Nahiz eta matematikan profesionalki ez jardun, XVII. mendean zientzia honen gailurrean kokatzea eskuratu zuen Fermatek. Izan ere, garaiko unibertsitateen kudeaketa gaur egun ezagutzen dugunarekiko oso ezberdina zen eta, hala, aurrerapen zientifiko ugari halakoetara dedikatzen ez zirenen eskutik zetozen. Bordelen zegoelarik, antza denez, François Viete matematikariaren lana ikertzen hasi zen, haren ondorengo ekarpenetan idazkera sinbolikoak zekarren erraztasunaz baliatuz. 1629an, alegia, De Locis Planis Apolonioren obraren berrikusketa lekuan lekuko matematikari bati eskeini zion. Bestalde, Jean de Beaugrandekin kontaktuan egon zela ere esan ohi da. Dirudienez, gizon honekin harremanetan zegoen bitartean, funtzio baten muturren inguruko lan bat idatzi zuen Pierre de Fermatek. Lan honetan, esaterako, oso nabarmena da François Vieteren eragina. XVII. mendeko figura garrantzitsu askorekin harremandu zen Fermat. Carcavi matematikaria ezagutu zuen gaztaroan. Honi esker, gainera, Marin Mersennerekin harremanetan jarri zen, alorreko pentsalari askorekin konkaktuan zegoen gizona. Aitaren garaiko garrantzia dela eta, Roberval eta René Descartes bera ezagutu zituen. Jakina denez, Blaise Pascalen adiskidea izan zen.
1630ean, Tolosako Parlamentuko bulegoetako bat erosi zuen Fermatek, zinegotzi baten bulegoa hain zuzen ere, eta bere bizitza osoan zehar mantendu zuen. Honako hau, Tolosako Parlamentua, epaimahai garrantzitsuenetarikoa dugu Frantziako epailetzari dagokionez eta, hala izanda, Grand Chambre berak zina hartu zion Fermati 1631ko maiatzean. Era honetan, Fermatek haren izena aldatzeko eskubidea bereganatu eta Pierre Fermat deitzetik, Pierre de Fermat deitzera igaro zen. Hizkuntzetan aditua izanik, sei hizkuntza baizekizkien (frantsesa, latina, ozitaniarra, greko klasikoa, italiarra eta espainola), pentsalariak zenbait bertso oso laudoriatu idatzi zituen, eta haren hitza kontuan hartua izan zen etengabe grekeraz idatzitako testuen berrikusketei dagokionez.
Lan egiteko modu bitxia zuen matematikari ez profesional honek: azalpen lanburren zale izanda, aurkikuntza batetik bestera igarotzen zen Fermat, emaitzak soilik eskeiniz eta argibide osoak baztertuz. Dakigunez, kultura grekoerromatarrarekiko interes bizia zuen. Noski, ardura hau agerikoa da oso ezagunak ditugun ikerketetan; Anders Hald estatistikariak hala deskribatu zuen Pierre de Fermaten lana; greziar klasikoen tratatuek eta François Vieteren metodoek osatutako obra. Oso gizon jakintsua genuen frantsesa, garaiko giza jakituriarekiko oso zalea. Hori dela eta, nahiz eta profesionala ez izan eta libururik ez idatzi, irakurritako obren gainean egiten zuen lan, oharrak idatziz eta, ondoren, haren zalantza edota aurkikuntzak eskutitzez beste zenbaitei jakinaraziz. Bere irakaslea Marin Mersenne izanik, ulergarria da oso zer dela eta ez zuen inolako formalizaziorik garatu bere ikerketei dagokionez; erronka gisa hautematen zuen matematika, azaleratu beharreko erronka gisa eta, hala izanik, ospearekiko nolabaiteko erdeinua sentitzen zuen, egia argitzea baitzuen helburu nagusi.
Nahiz eta sekretismoa nahiko ohikoa izan garaian eta, gainera, haren lanen gehiengoa eskutitzen bidez bere lagunei soilik helarazi, Pierre de Fermaten lorpenak matematikaren arlo guztietara hedatzen dira gaur egun. Fenomeno hau azpimarragarria da zeharo, ogibidez abokatua izanda, matematika denbora pasa gisa erabiltzen baitzuen pentsalariak eta, hala ere, ideia berri ugari plazaratu baitzituen. Zehazki, geometria analitikoaren hastapenak hari zor dizkiogu, Descartesen garaian bertan eskeiniriko hastapenak, alegia: analisian maximo eta minimoak kalkulatzeko eta koadraturak egin ahal izateko zenbait metodo aurkeztu zituen, nahiz eta beranduago Leibniz eta Newtonek honako ekarpenak baliogabetu kalkulu infinitesimalen bidez. Horretaz gain, zenbakien teoria alor independiente gisa sortu zen hari esker eta, are gehiago, probabilitateen kalkulua aurkitu zuen Blaise Pascalekin batera. Amaitzeko, Fermaten printzipioaren aurkikuntza ere aipatzekoa da, zenbait aldaketa noziturik, mekanikaren printzipio nagusienetarikoa hain zuzen ere. Aipagarria da oso, sekretismoaren eraginez, askotan eztabaidatuak izan direla honen aurkikuntzen originaltasuna, Descartes eta Wallisen garaikidea izanik, ez baitago erabateko ziurtasunik hiru pentsalarien ekarpenen lehentasunari dagokionez.
Castresen hil zen 1655ean, urtarrilaren 12an, 54 urte zituelarik, gaur egungo Tarn drepartamentuan. Haren lan nagusiak bere semeak argitaratu zituen 1679. urtean, denak Varia opera mathematica izenpean, liburu batean bildurik. Bertan, gaur egungo matematikan ere aztergai diren zenbait teorema eta printzipio azaltzen zaizkigu.
Kontuan hartu beharra dagi, n-k beti arrunta izan behar duela. Hala, Pierre de Fermaten hipotesien arabera, halako forma betetzen duen zenbaki oro zenbaki lehena dugu. Baina, 1732an Fermaten akatsa azaleratu zuen Leonhard Eulerrek. Izan ere, n=5 kasuan, emaitza zenbaki konposatua dugula frogatu zuen.
Wiki Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pierre de Fermat |
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Pierre de Fermat, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.