Palestinako Estatuaren lege egoeraz edo estatutu juridikoaz iritzi asko daude, bai nazioarteko erkidegoko estatuen artean, bai legelarien artean.
Palestinako Estatuaren izaera, eztabaidagarria bada ere, errealitate sendo bat da aldebiko harreman diplomatikoak ezarri dituzten estatuen begietara. Palestina estatu ez-kide behatzailea da Nazio Batuen Erakundean, 2012ko azaroaz geroztik.
Palestinako Askapenerako Erakundea (PAE) «Palestinako herriaren legezko ordezkari bakarra» zela onartu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak, Palestinaren auziari buruzko gai guztietan eskuduna, eta Palestinako herriak independentzia eta burujabetasun nazionalerako duen eskubideaz gain, Nazio Batuen Batzar Nagusian behatzaile izaera eman zion. 2011ko azaroaren erdialdean, PAEk eskaera ofizial bat aurkeztu zuen Nazio Batuetako eskubide osoko kide izateko. Eskaerak aurrera egin ahal izateko, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak onartu behar zuen, eta bi hereneko gehiengoa lortu Nazio Batuen Batzar Nagusian. Alabaina, Segurtasun Kontseiluko kideen batzordea blokeatu egin zen, eta «ezin izan zion aho batez Segurtasun Kontseiluari gomendiorik egin». Zazpi asteko bileren ostean, txosten bat eman zuen, Kontseiluko kideen arteko desadostasun ugari erakusten zituena, Nazio Batuen Gutunean herrialde kideentzat ezarritako baldintzak Palestinak betetzen ote zituen zehazteko garaian. Kide oso izateko eskaera bertan behera gelditu zenez, PAEk urrats bat gehiago eman nahi izan zuen, «erakunde behatzaile» izatetik «estatu ez-kide behatzaile» izatera iristeko. 2012ko azaroan, Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartu zuen Palestina Nazio Batuen Erakundearen sistemaren barruan «estatu ez-kide behatzaile» gisa, eta PAE berretsi zuen Palestinako herriaren ordezkari gisa. Erabaki harri erantzunez, Israelek erronka egin zion NBEri, Zisjordaniako lurralde okupatuetan hiru mila etxebizitza gehiago eraikitzeko plan batekin.
Nazio Batuen Gutunak mehatxutik edo indarraren erabileratik babesten du edozein estaturen lurralde osotasuna edo independentzia politikoa. Philip Jessup diplomatiko eta jurista Ameriketako Estatu Batuen ordezkari izan zen Nazio Batuen aurrean, eta Nazioarteko Justizia Auzitegiko epailea. Israel Nazio Batuen kide izateko eskaerari buruz Segurtasun Kontseiluak egindako entzunaldietan, hau esan zuen:
« | 2009an, Riyad al-Maliki Palestinako Agintaritza Nazionaleko Kanpo Harremanetarako ministroak frogatu zuen beste 67 herrialdek Palestina Estatu gisa aintzat hartu zutela eta Latinoamerikako, Asiako, Afrikako eta Europako estatuekin aldebiko hitzarmenak zituela. | » |
Estatu askok onartu dute Palestinako Estatua 1988az geroztik. Nazioarteko ohiturazko zuzenbidearen printzipioen arabera, gobernu bat beste gobernu batek aintzat hartzen duenean, onarpena atzeraeraginezkoa da eta aintzat hartutako gobernuaren ekintza eta jokabide guztiak baliozkotzen ditu, sortu zenetik.
Stefan Talmon Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslearen iritziz, herrialde askok politika formal bat daukate estatuak aintzat hartzeko, ez haien gobernuak. Praktikan, ez dute aitorpen formalik egiten. Zenbait adibide izan daitezke, besteak beste, Estatu Batuen onarpen politikari eta praktikari buruzko txosten bat, 1981eko irailaren 25ekoa, non esaten baitzen onarpena inplizituki egingo zuela Estatu Batuek gobernu berriei zegokienez. Herrialde askok adierazi dute Palestinako Estatuarekin harremanak hasteko asmoa dutela. Estatu Batuek formalki onartu zituzten Zisjordania eta Gazako zerrenda «helburu politiko, ekonomiko, legal eta bestelakoetarako eremu» gisa 1997an, Palestinar Aginte Nazionalak hala eskatuta. Une hartan, Estatu Batuetako gobernuaren Federal Register edo egunkari ofizialean argitaratutako oharren bidez eman zuen horren berri. Estatu Batuen gobernuaren USAID Zisjordania/Gaza ekimenaren ardura da demokrazia, gobernantza, baliabide eta azpiegitura arloetan «estatua eraikitzeko» tresnak eskaintzea. USAIDen eginkizunetako bat da, hain zuzen ere, «[Madrilgo] Laukotearen Ibilbide Orria ezartzeko laguntza malgu eta diskretua ematea». Plan hori nazioartean babestuta dago, eta Zisjordanian nahiz Gazan palestinar estatu bideragarri bat garatzea eskatzen du. Europar Batasunak (EB) antzeko kanpo harremanetarako programak ezarri ditu Palestinako Agintaritzarekin.
1967tik aurrera, zenbait argudio juridiko aurkeztu ziren, palestinarrek autodeterminaziorako eta estatu izateko duten eskubidea gutxiesteko. Oro har, argudiatzen zuten Palestina legezko burujabetzarik gabeko lurralde bat zela, eta Israelgo gobernuaren asmoen alde egiten zuten, Palestinako Mandatuaren gainerako lurraldeak eskuratzeko.
Gershom Gorenberg historialari eta kazetariak esan izan du, baina, ikuspegi horiek guztiz xelebreak direla, israeldar kokalekuen aldeko komunitateetatik kanpo. Haren iritziz, nahiz eta Israelgo gobernuak atzerrian harreman publikoetarako erabili dituen, jarrera guztiz desberdinak hartzen ditu Israelgo Auzitegi Gorenean legezko kasu benetakoak eztabaidatzen direnean. 2005ean, Israelek erabaki zuen Gazako zerrendako kokaleku guztiak eraistea eta beste lau Zisjordanian. Gorenbergen arabera, gobernuaren erabakia kolonoek inpugnatu zuten Auzitegi Gorenean, eta gobernuak irabazi egin zuen kasua, esanez kokalekuak «lurralde beligerante» estatutu juridikoa zuen lurraldean zeudela. Gobernuak argudiatu zuen kolonoek jakin behar zutela kokalekuak aldi baterako baino ez zirela.
Israelgo Auzitegi Gorenak, Justiziako Auzitegi Nagusi gisa, Gazako aldebakarreko erretiratzearekin lotutako kasu baten epaian hala azaldu zuen: «Judea eta Samaria eskualdeak Israelgo Estatuak bere mendean ditu gerra okupazio baten bitartez. Estatuak eremu horretan duen beso luzea aginte militarra da. Ez du burujabetzarik gerra bidez okupatutako lurraldean. Haren boterea bermatzen du gerra-garaiko okupazioari buruzko nazioarteko zuzenbide publikoak. Iritzi horren esanahi juridikoa bikoitza da: lehenik, Israelgo zuzenbidea ez da eremu horietan aplikatzen, ez baitira Israel barrura "atxikiak" izan; bigarrenik, eremu horietan aplikatzen den araubide juridikoa nazioarteko zuzenbide publikoak zehazten du, gerra garaiko okupazioari dagokionez».
Auzitegiak azaldu zuen Gazako israeldar gehienak ez zirela lurren jabe, bertan eraikuntzak altxa zituztenean. «Aginte militarraren edo haren izenean diharduten pertsonen bitartez eskuratu zituzten eskubideak. Ez aginte militarra, ez haren izenean dihardutenak ez dira lurren jabe, eta ezin dituzte eskubideak eskualdatu, jabe direnen ordez. Israeldarrek pribatuak ez diren lurretan ("estatuko lurrak") eraiki zituztenez etxeak eta aktiboak, lur horiek ez dira aginte militarrarenak. Haren agintaritza Hagako Arauetako 55. artikuluan definituta dago. [...] Israelgo estatuak [...] estatuaren jabetzaren administratzaile eta haren gozamen eskubidedun gisa jarduten du».
Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Sailaren Nazioarteko Zuzenbideko Bildumaren arabera, Lausanako Hitzarmenaren terminoek aurreikusten zuten estatuen oinordekotza printzipioak aplikatzea A motako mandatuetan. 1919ko Versaillesko Itunak behin-behinekoz onartu zituen antzinako otomandar komunitateak nazio burujabe gisa. Halaber, Alemaniari agindu zion antzinako otomandar lurraldeen antolaera onartzeko eta beren mugen barruan ezarritako estatu berriak aintzat hartzeko. Lausanako Hitzarmenak agindu zien lurraldea hartu zuten estatu berriei otomandar zor publikoaren urtekoak ordain zitzatela eta otomandarrek emandako kontzesioen administrazioaren erantzukizuna beren gain har zezatela. Lurraldeon estatutuari buruzko eztabaida Nazioen Ligako kontseiluak izendatutako arbitro batek ebatzi zuen. Erabaki zen Palestina eta Transjordania estatu berriak zirela, gerraosteko itun aplikagarrien arabera sortutakoak. Nazioarteko Justiziako Auzitegi Iraunkorrak Mavrommatis Palestinar Kontzesioez emandako epaian erabaki zuen Palestina otomandar agintariek emandako emakiden oinordeko estatua zela. Palestinako eta Erresuma Batuko auzitegiek erabaki zuten otomandar zerrenda zibilean agertzen ziren jabetzen titulua Palestinako gobernuari laga zitzaiola, oinordeko estatu aliatu gisa.
Nazioarteko Justizia Auzitegiak egindako azterketa juridiko baten arabera, Nazioen Ligako Itunak nazio independente gisa onartu zituen Palestinako Mandatuko erkidegoak behin-behinekoz. Mandatua aldi baterako besterik ez zen izan, mandatupeko lurraldea estatu burujabe bihurtzeko xede eta helburuarekin. Auzitegiak adierazi zuen Berlingo Itunean (1878) agertzen ziren Lur Santuetan sartzeko eta ibiltzeko askatasunari buruzko berme espezifikoak gorde zirela Palestinaren Mandatuaren arabera eta Nazio Batuek 1947an egindako Palestina Banatzeko Planaren kapitulu baten arabera. Irizpen bereizi batean, Higgins epaileak argudiatu zuen Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1967ko 242. Ebazpenetik 2003ko 1515. Ebazpenera bitarte «funtsezko baldintzak» izan direla «Israelek eskubidea duela existitzeko, onartua izateko eta segurtasunerako, eta palestinarrek eskubidea dutela beren lurralderako, autodeterminaziorako eta estatu propioa edukitzeko», gehiago oraindik 1515. ebazpenak babesten zuelarik Madrilgo Laukoteak proposatutako bakerako bide orria, betebehar haiek negoziazioaren bitartez bideratu ahal izateko bitarteko gisa.
Berlingo Itunaren 62. (LXII) artikuluak, 1878ko uztailaren 13koak, erlijio askatasuna eta eskubide zibil eta politikoak aipatzen zituen Otomandar Inperioaren leku guztietan. Bermatzen ziren eskubideak «erlijio eskubide» edo «gutxiengoen eskubide» gisa definitu izan dira maiz. Alabaina, bermatzen zen, orobat, bereizkeria oro debekatzea gai zibil eta politikoetan. Erlijio desberdintasuna ezin zen inola ere pertsonen aurka erabili bazterketa eragiteko, ez eskubide zibil edo politikoen erabileran, ez enplegu, zeregin eta ohore publikoetan onartua izateko edo lanbide zein industria orotan aritzeko, «edozein herritan».
San Remoko konferentziaren ebazpenak (1920) eskubide horiek guztiak babesteko klausula bat jaso zuen. Konferentziak Palestinako Mandatuaren baldintzak onartu zituen, ulertuaz konferentziaren aktan Mandatuko Boterearen berme bat jasotzen zela, Palestinan judu ez ziren komunitateek ordura arte zituzten eskubideak ez zirela bertan behera geldituko. Mesopotamia eta Palestinarako aginduen proiektuak eta gerraosteko bake-itun guztiek gutxiengoak babesteko klausulak zituzten. Eztabaidak izanez gero, Nazioarteko Justiziako Gorte Iraunkorraren nahitaezko jurisdikzioa aipatu zuten aginduek.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Palestinako Estatuaren lege-egoera, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.