Mendi-lasterketa (ingelesez, trail running) zolatu gabeko edozein gainazal motatan eta desnibel handiko eremu natural maldatsuetan korrika egitea eta eskalatzea konbinatzen dituen bakarkako erresistentziako-kirol bat da.
Kirol modalitate hau behe-, erdi-, eta goi-mendietatik egiten da, eta ezarritako distantzia ahalik eta denbora laburrenean burutzea da helburu nagusia. Errepidean eta atletismoko pistan jokatzen diren lasterketa probak ez bezala, mendi-lasterketak igoera eta jaitsiera handiko mendi-ibilbide naturaletan aurrera eramaten dira. Horregatik, eremu naturala, eta ibilbidearen desnibel zein distantzia, mendi-lasterketa baten oinarrizko ezaugarriak dira.
Kros lasterketetan, normalean distantzia motzak erabiltzen dira (gutxitan 12 kilometro baino gehiagokoak); aldiz, mendi-lasterketetan, distantzia maximoa ez dago aldez aurretik ezarrita, eta beraz, lasterketa luzeagoak izaten ohi dira. Distantzia oso luzeko mendi lasterketak, Ultra-Trail Running bezala ezagutzen dira ingelesez.
2008 eta 2018 urteen artean, antolatutako mendi-lasterketa kopurua handitu egin zen mundu osoan zehar, 160 izatetik 1800 baino gehiago izatera pasatu baitzen. Mendi-lasterketetan lurraren kontra edukitzen den inpaktu maila txikiagoa eta ingurune naturaletan aritzea dira parte-hartzaileek dauzkaten bi arrazoi garrantzitsuenak mendi-lasterketak nahiago izateko.
Mendi-lasterketen inguruan dagoen lehendabiziko aztarna Eskozian aurkitzen da 1040. eta 1064. urteen artean. Lasterketa haiek fell faces bezala ezagutzen ziren. “Fell” terminoak gehienez 1000 metroko altuera zeukaten mendi txikiei erreferentzia egiten die. XIX. mendetik aurrera, fell faces hauek Eskoziako Highlands Games barruko jarduera bat izatera pasa ziren.
Trail running 1904. urtean sortu zen Amerikan, San Frantziskoko korrikalari batzuek apustu bat egin zutenean. Korrikalari horiek apustu egin zuten ea nor joan zitekeen azkarrago XIX. mendearen amaieran eraikitako kokagune batetik Mount Tamalpais izeneko toki bateraino. Erronka hura hain gustukoa izan zen parte-hartzaileentzako, hurrengo urtean (1905) Cross Country Run-eko lehendabiziko txapelketa antolatu baitzuten.
Iberiar penintsularen barruan, lasterketa mota hauen lehendabiziko aztarnak XX. mendearen hasieran aurkitzen dira. Euskal Herrian Bilboko Pagasarrin lasterketak antolatzen ziren, zeinetan parte-hartzaileek bikoteka eta elkarri eskuak lotuta edukiz Pagasarri mendia igo behar zuten.
Guadarramako mendilerroan, lasterketa mota hauen lehenengo aztarna 1916. urtean aurkitzen da, Amigos del Campo izeneko elkarteak modalitate honetako lehenago lasterketa antolatu zuenean. Handik aurrera, mendizale-elkarteak mendi-lasterketak antolatzen hasi ziren.
Zazpi urte geroago, Peñalara izeneko klubak Copa de Hierro izeneko txapelketa sortu zuen. Ordutik 1935. urtera arte, Guadarrama mendilerroan proba berriak sortu ziren. 1936an, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, horrelako ekitaldiak desagertu ziren, 1986an Espainiako Bankuko langileen kirol eta kultur taldeak Dehesetako Krosa antolatu zuen arte.
Mendi-lasterketak ingurune natural eta ziurgabeetan egiten direnez, eta gainera, iraupen luzeko jarduerak izaten ohi direnez, kirol edo jarduera fisiko hau praktikatzeko ekipamendu eta material espezifiko bat eramatea beharrezkoa izaten da.
Mendi-lasterketetan, errepideko lasterketekin konparatuta, gainazal bigunagoetan (adibidez, belarrean) korrika egiten denez, oinetakoek edukitzen duten amortiguazioak ez dauka hainbesteko garrantzirik, eta horregatik, normalean amortiguazio txikiagoa edukitzen dute zapatila mota hauek. Kontraz, mendi-lasterketetarako erabiltzen diren oinetako espezifikoek, korrika egiteko ohiko oinetakoak baino oin-zola zurrunagoak eta irristagaitzagoak edukitzen dituzte. Oinetako horiek nailona bezalako materialez egindakoak izaten dira normalean, oinak harri zorrotzak edo bestelako objektu batzuk eragin ditzaketen zauriez babesteko. Horrez gain, zenbait korrikalarik kranpoi txiki batzuk kokatzen dituzte oin-zolan elurrean edo izotzean trakzio handiagoa edukitzeko.
Azken urteetan, mendian zehar korrika egiteko oinetakoek eboluzio nabarmen bat izan dute, eta gaur egun, puntako material berriak erabiltzen dira oinetako horiek egiteko, besteak beste, mintz iragazgaitzak, oinetako arinagoak eta azkarragoak...
Lehiaketa edo entrenamenduaren iraupenaren arabera, kasu batzuetan beharrezkoa izaten da motxila bat eramatea. Mendi-lasterketetarako erabiltzen diren motxilak gorputzari estu-estu eramaten den txaleko arin modukoak izaten dira. Motxila horiek askotan ur-poltsa bat daukate barruan txertatuta, handik hodi batzuen bidez ura edan ahal izateko lasterketa eten behar izan gabe. Era berean, motxila horietan beharrezkoak izan daitezkeen beste material batzuk sar daitezke, hala nola, janaria, nutrizio-osagarriak, arropa gehigarria...
Nahiz eta derrigorrezko osagarria ez izan, teknikoki zailagoak diren mendi-lasterketa batzuetan makilen erabilera gomendatzen da, izan ere, makilen erabilerak egonkortasun maila handiagoa emango dio kirolariari. Makilen erabilera gomendatzen da batez ere gainazala ezegonkorra eta irregularra denean edota burutu beharreko lasterketa distantzia luzekoa denean. Mendi-lasterketetarako erabiltzen diren makilak mota ezberdinetakoak dira. Badaude torloju bat dutenak, desnibelaren arabera bastoiaren luzera egokitzea ahalbidetzen dizutenak; eta badaude beste batzuk erraz eta azkar tolestu eta zabaldu daitezkeenak, eta errazago garraiatu daitezkeenak.
Buruan kokatzen den linterna mota honek korrika egiten ari den eremua argitzea ahalbidetuko du. Mendi-lasterketa gehienetan derrigorrezko osagai bat izaten ohi da.
Oinetakoei jartzen zaion osagarri bat da, eta harritxoak, adarrak edo hartxinga oinetakoen barruan sartzea ekiditen du. Horrez gain, orkatiletan kolpeak edo harramazkadak sufritzea saihesten dute. Transpiragarriak diren eta elementu isolatzaileak dituzten batzuk aukeratzea komenigarria da.
Euriaz eta hotzaz babesten duen eta txanoa edo haize-babesa daukan mahuka luzeko zira iragazgaitz bat erabiltzea gomendatzen da, eta mendi-lasterketa gehienetan derrigorrezkoa izaten da. Euria egiteko probabilitate handia badago, galtza iragazgaitzak ere ezinbestekoak dira.
Batzuetan, lasterketaren erdian, zailtasunak direla medio, zenbait korrikalarik amore eman eta lasterketa utzi egin behar dute. Halakorik gertatuz gero, txilibitu bat eraman behar da laguntza eskatzeko, eta botikin bat zauriak sendatzeko.
Aipatutako material guztiaz gain, hurrengo ekipamendu gehigarri hau ere gehitu daiteke: eguzki-babeslea, eguzkitako betaurrekoak, bisera, intsektuetatik babesteko espraia... Lehiaketetan, lasterketaren araudiek ekipamendu jakin bat nahitaez erabiltzea eska dezakete.
Aipatu beharra dago jarrain azalduko diren arau guztuiak Espainiako Federazioan ezarritako arauak direla.
Infantil, kadete, jubenil, junior eta senior kategoriak bereizten dira bai gizonezkoentzako, bai emakumezkoentzako. Kadete kategorian parte hartzeko adin minimoa 15 urte dira, Ultra-Trail Espainiako Txapelketan izan ezik. Izan ere, azken honetan soilik senior kategoriako kirolariek parte har dezakete.
Euskal Herri mailan, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) hurrengo hiru kategoria hauek bereizten ditu gizonezkoetan eta emakumezkoetan:
Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak (FEDME) hurrengoa adierazten du parte-hartzaileek lasterketan zehar eduki behar duten jarreraren inguruan:
FEDME-k hurrengoa adierazten du mendi-lasterketetan erabili behar den material eta ekipamenduaren inguruan:
Korrikalari bat edo talde bat zigortua edo deskalifikatua izango da jarraian aipatzen diren arau-husteren bat egiten bada:
FEDME-k hurrengoa adierazten du mendi-lasterketen desnibel eta distantziaren inguruan:
Bertikalak ez diren mendi-lasterketak:
Mendi-lasterketa bertikalak:
FEDME-k hurrengoa adierazten du mendi-lasterketen ibilbideen ezaugarrien inguruan:
FEDME-k antolatutako mendi-lasterketa guztietan hurrengoak kontuan hartuko dira klasifikazioa ezartzerako orduan:
Mundu osoan zehar mendi-lasterketa ugari antolatzen dira. Mendi-lasterketen historia kirol antolatu bezala nahiko berria denez, tradizio eta ospea daukaten erakunde antolatzaile gutxi daude.
Atletismoko beste lasterketekin alderatuta, mendi-lasterketetan parte hartzen duten parte-hartzaile kopurua txikiagoa da. Gainera, mendi-lasterketetan, askotan, parte har dezaketen parte-hartzaile kopurua mugatua izaten da, batez ere hurrengo arrazoi hauengatik: bidezidorren estutasunarengatik, parke naturalen limitazioengatik, segurtasunarengatik eta ingurune naturala zaintzearen ardurarengatik.
Hala eta guztiz ere, azkenengo urteetan kirol honek izan duen gorakadaren ondorioz, zenbait lasterketetan, batez ere Ultra-Trail du Montblanc (UTMB) bezalako lasterketa ospetsuenetan, milaka korrikalari parte hartzen dute.
Lehiaketen distantzia nabarmen aldatzen da lasterketa batetik bestera, izan ere, distantziak 5 kilometrotatik 300 kilometro bitartekoak izaten dira. Lasterketan zehar, 5 edo 10 kilometro bakoitzeko anoa-postuak egoten dira, non elikagaiak eta edariak eskura daitezkeen. Mendi-lasterketa gehienak etapa bakarrekoak izaten dira, zeinetan parte-hartzaileen denbora larrialdi postuetan geldirik egondako denbora lasterketako denbora totalarengatik kenduz kalkulatzen den. Hala ere, mendi-lasterketak etapaka eta egun bat baino gehiagotan zehar egiteko joera handiagoa dago.
Euskal Herrian urtero Euskal Kopa izeneko txapelketa antolatzen da, lurraldean zehar antolaturiko mendi lasterketa zenbaitetan lorturiko puntuazioan oinarriturik. Euskal Herrian mota askotako mendi-lasterketak jokatzen dira urtero, baina ospetsuenak edo ezagunenak hurrego hauek dira:
International Trail Running Association (ITRA)-k urtero ranking bat argitaratzen du munduko mendi-lasterketari hoberenekin, bai gizonezkoen kategoriarako, bai emakumezkoen kategoriarako.
Postua | Kirolaria | Puntuak |
---|---|---|
1 | Jim Walmsley | 946 |
2 | Kilian Jornet | 943 |
3 | Bartlomiej Przedwojewski | 932 |
4 | Petro Mamu | 925 |
5 | Hayden Hawks | 923 |
6 | Pau Capell | 921 |
7 | Davide Magnini | 919 |
8 | Jing Liang | 918 |
9 | Frédéric Tranchand | 917 |
10 | Stian Angermund | 917 |
Postua | Kirolaria | Puntuak |
---|---|---|
1 | Maude Mathys | 815 |
2 | Tove Alexandersson | 803 |
3 | Courtney Dauwalter | 799 |
4 | Ruth Croft | 793 |
5 | Blandine L’Hirondel | 792 |
6 | Judith Wyder | 791 |
7 | Ragna Debats | 788 |
8 | Miao Yao | 786 |
9 | Lucy Wambui Murigi | 783 |
10 | Katie Schide | 781 |
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Mendi lasterketa, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.