Frantziska Romana Haltzuet Altzate, edo Frantxia Usandizaga ezkon-deituraz, (Bera, 1908 – Ravensbrück, 1945) Comète sarearen laguntzaile nagusietako bat izan zen.
Naziek okupatutako Europako herrialdeetatik hegazkin pilotu aliatuak ateratzeko azken urratsa izan zen Urruñako bere baserria, Bidegain Berri. Bertan atxilotu zuen Gestapok, 1943an. Bi urte geroago hil zen, Ravensbrückeko kontzentrazio esparruan.
Frantxia Haltzuet | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Frantxia Usandizaga |
Jaiotza | Bera, 1908ko abuztuaren 29a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | 1945eko apirilaren 12a (36 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa: Jipoia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara frantsesa gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | nekazaria eta Erresistentziaren kidea |
Kidetza | Comète sarea |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Frantxia Haltzuet Beran (Nafarroa Garaia) jaio zen, 1908ko abuztuaren 29an. Ama Juana Bizenta Altzate Martikorena zuen, beratarra; aita, Mixel Haltzuet, berriz, urruñarra.
Ez dago daturik haurtzaroaz eta gaztaroaz, baina, itxura guztien arabera, aitaren jaioterrian igaroko zituen.
Philippe Usandizagarekin ezkondu zen, 1930eko maiatzaren 7an. Frantziako Errepublikako usadioaren arabera, senarraren abizena hartu zuen; horregatik, iturri askotan Frantxia Usandizaga (edo, guztiz frantsestuta, Françoise Usandizaga) izenaz agertzen da. Urruñako Bidegain Berri baserrian bizi izan ziren, hiru seme-alabekin batera. Senarra hil zenean, 1939ko abuztuan, Juan Larburu hernaniarra hartu zuen morroi.
Larburu Urruñan bizi zen, Espainiako Gerra Zibilaren ostean erbesteratuta; beraren arreba bat Florentino Goikoetxea Comète sareko hernaniar mugalariaren anaiarekin ezkonduta zegoen.
Bidegain Berri baserria puntu estrategiko batean zegoen kokatuta, herrigunetik urrun, mendi bidez Frantziaren eta Espainiaren arteko mugara iristeko leku ezin hobean. Belgikan edo Frantzian erreskatatutako hegazkin pilotu aliatuak lurralde okupatuetatik ateratzeko azken urratsa zen baserria. Handik, Larburuk, Florentino Goikoetxeak eta beste mugalari batzuk mendiz eramaten zituzten Oiartzuneraino. Handik aurrera, Errenteriatik trenez iristen ziren Donostiara eta Bilbora.
Frantxia Haltzuet 1943ko urtarrilaren 15ean atxilotu zuten Gestapoko soldaduek, etxean. Berarekin batera preso hartu zituzten Juan Larburu, Andrée de Jongh «Dédée» Comète sareko burua, eta Royal Air Forceko hiru britainiar pilotu: William G J Greaves, Stanley Forster Hope eta Percy George Edward Ross.
Dirudienez, aldameneko baserriko morroiak salatu zuen, alemanek ordainsari handi bat agindua baitzuten, pilotu aliatu bakoitzeko. Tomasenea baserriko morroi lanetan aritzen zen Donato Errasti Egigurenek egin zuen salaketa. Errasti Aizarnan (Zestoa) jaioa zen, 1910eko otsailaren 17an. Aurrez, Bidegain Berri baserrian bertan lanean aritua zen, baita Comète sarearen pasaldi batzuetan ere. Andrée de Jonghek zioenez, 50.000 libera jaso zituen atxilotutako pilotu bakoitzeko. Liberazioan, Errasti jaioterrira itzuli zen; bertan ezkondu zen Maria Iraola bidaniarrarekin, 1965eko maiatzean. 1983ko urtarrilaren 23an hil zen. Aizarnako Trukuman baserrian bizi izan zen. Bertsotan edo koplak jartzen ibili zen, baita harri jasotze apustuetan ere. Bi jarduera horietan baserriaren izengoitia hartu zuen, Trukuman.
Atxilotu zutenean, Frantxia Haltzueten hiru seme-alabak Pourtau ezkon-izeneko izebak jaso zituen.
Lehenik, Les Lilas herriko Romainvilleko gotorlekura eraman zuten Haltzuet. Handik, 1943ko abuztuaren 29an, tren konboi batean eraman zuten, beste atxilotu ugarirekin batera, Ravensbrückeko kontzentrazio esparrura. Hiru egun luzeko bidaia egin zuten, abelburuak garraiatzeko bagoietan, urik eta janaririk gabe; irailaren 2an iritsi ziren esparrura.
Esparrura iritsi orduko, 22463 erregistro zenbakia emanda, behartutako lanak egitera eraman zuten Neubrandenburgera, hegazkin lantegi batera. Han hil zen, 1945eko apirilaren 12an, esparruko kapo batek emandako jipoi baten ondorioz, Sobietar Batasuneko armadako soldaduek esparrua liberatu baino egun batzuk lehenago. Hilobi komun batean lurperatu zuten; gaur egun, oroigarri bat dago hilobi haren lekuan.
Frantxia Haltzueten izena ez zegoen Urruñako San Bixintxo elizaren ondoko plazatxoan, gerlatan hildako herritarren oroigarriz dagoen monumentuaren idazkunetan. Les amis du réseau Comète elkarteak eskatuta ezarri zuten haren izena, Juan Larburu eta beste birenarekin batera, monumentuaren oinean hilarri batean, «deportés internés patriotes 1939-1945» izenburuaz.
Frantziako Errepublikak 2001eko martxoaren 29an emandako ebazpen baten bitartez, «deportazioan hila» zela aitortu zion Frantxia Haltzueti.
Enara Goikotxea eta Iurre Telleria zinemagileek The last pasage (Azken bidaia) dokumentala egin zuten, 2011n, Comète sarearen historiaz. Filmaren abiapuntua da, hain zuzen ere, Frantxia Haltzuet eta gainerakoak Bidegain berri baserrian atxilotu zituzten operazioa.
Filmak Joxan Goikoetxearen musika du. Donostiako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zen, 2011ko edizioan, Zinemira-Estreinaldiak sailaren barruan.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Frantxia Haltzuet, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.