Sophie Alour (Quimper, Bretainia, 1974ko abenduaren 24a) jazzeko bretainiar saxofoi-jotzailea da.
Sophie Alour | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Quimper, 1974ko abenduaren 24a (49 urte) |
Herrialdea | Frantzia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | jazz saxophonist (en) , jazz clarinetist (en) eta musikagilea |
Genero artistikoa | jazza |
Musika instrumentua | saxofoia Klarinetea txirula |
Diskoetxea | Plus Loin Music Naïve Q123028897 |
sophiealour.com | |
Chrystelle Alour piano-jotzailearen ahizpa eta Julien Alour tronpeta-jotzailearen arreba da. Hasieran klarinetea jotzen ikasi bazuen ere, saxofoi tenorrean adierazten da batez ere. 2000n hasi zen Stéphane Belmondo, Christophe Dal Sasso eta Rhoda Scott bezalako musikariekin, eta, 2005az geroztik, bere albumak hainbat formatutan grabatu ditu, konposizio pertsonalak eta inprobisazio librea eskainiz.
Sophie Alour klarinetea ikasten hasi zen 13 urterekin, Quimperko musika-eskola batean. Geroago kontatu izan du orduan ez zitzaiola musika-tresna hori gustatzen, eta John Coltraneren saxofoiaren soinua erreproduzitu nahi izaten zuela, arrakastarik gabe. Gerora hasi zen saxofoi tenorra ikasten, 19 urte inguru zituela, nagusiki autodidakta, Parisko CIM eta IACP jazz- eta musika-eskoletan egindako ikastaroetan.
2000n hasi zen jazz-eszenan saxofoi-jotzaile gaztea, “Vintage Orchestra”-n parte hartuz. Urte hartan, Stéphane Belmondo tronpeta-jotzailearekin bat egin zuen, seikote bat osatzeko, eta Parisko zenbait klubetan izan zen. Christophe Dal Sassoren orkestran ere parte hartu zuen.
2004an, Sophie Alourrek emakume musika-talde batean parte hartu zuen, Rhoda Scott organo-jotzaileak zuzendua, Airelle Bessonekin eta Julie Sauryrekin batera. Horri esker, saxofoian bere jokoa gehiago garatu ahal izan zuen. Urte hartan zehar, Wynton Marsalis tronpeta-jotzailearen arreta erakarri zuen, eta bere orkestran parte hartzeko hautatu zuen. Halaber, Aldo Romano bateria-jotzailearen proiektu batean parte hartzeko eskatu zitzaion, eta, 2004an, Jazz à Vienne jazzaldiko eszenatoki handian egindako interpretazioagatik nabarmendu zen.
Hurrengo urtean, Insulaire bera buru zen lehen diskoa eman zuen argitara; kritikak oso ongi hartu zuen. Vintage Orchestra taldearekin elkarlanean aritu zen berriro, Thad albuma grabatzen.
2006an, Christophe Dal Sassoren eta Belmondo anaien Ouverture albumaren grabazioan parte hartu zuen. 2007an, saxofonistak Alexandre Saada pianistaren boskotearekin parte hartu zuen Be Where You Are albumeko grabazioetan. Urte hartan argitaratu zuen bigarren albuma, Uncaged, kritikaren ebaluazio onak jaso zituena. Bi urtez, Frantziako eta atzerriko hainbat hiritan jotzen jardun zuen. 2010ean, Sophie Alourrek hirugarren albuma aurkeztu zuen, Opus 3 izenekoa, Yoni Zelnik kontrabaxu-jotzailearekin eta Karl Jannuska bateria-jotzailearekin hirukotean, bere aurreko albumean ere berarekin zituen bi musikari. Hurrengo urtean, Christophe Dal Sassoren Prétextes albumean parte hartu zuen.
2012an, La géographie des rêves izeneko albuma argitaratu zuen saxofonistak. Sophie Alourrek beste boskote bat osatu zuen, ondo ezagutzen dituen bi musikarirekin, Yoann Loustalot eta Nicolas Moreaux, eta bi berrirekin, Frédéric Pasqua bateriarekin eta Stéphan Carraci bibrafonoarekin.
2020an, beste hirukote bat sortu zuen, El Temps virtuose, Guillermo Latil biolontxelo-jotzailearekin eta Pierre Perhot gitarra akustiko eta elektrikoarekin. Le Temps virtuose albuma 2023ko urrian atera zuten, eta hirukotea Anne Paceo bateria-jotzailearekin elkartu zen.
Nerabezaroan klarinetean prestatua, Sophie Alourrek lehen hiru albumak aukeratu zituen saxofoi tenorrean adierazteko. La géographie des rêves albumean, lehen aldiz pieza batzuk interpretatu zituen klarinete baxuan, bere adierazteko modua osatzen duen beste ikuspegi bat. Hirukotean, laukotean edo boskotean grabatuz, interpretatzen dituen piezak osatuak edo hein batean osatuak egon daitezke, eta taldearentzako espazio inprobisatua ere eskaintzen dute, jazzaren ohiko kodeak edo formatuak erreproduzitzen saiatu gabe. Hauexek dira bere saxofoi-jokoaren ezaugarri nagusiak: jarrera pausatua maiz, uzkurtu gabeko edo kokots-kolperik gabeko keinu soila. Philippe Carles autoreak dioenez, "eroso sentitzen da grabe dotoreetan", eta dio bere musika-tresnaren soinua "barea dela, baina inoiz ez haize-ufadarik gabea".
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Sophie Alour, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.