Gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia —Donostiako Nazioarteko Bake Konferentzia eta Aieteko Bake Konferentzia izenez ere ezaguna— 2011ko urriaren 17an Donostiako (Gipuzkoa) Aieteko jauregian egindako konferentzia izan zen, gaitzat Euskal Herriko gatazkaren konponbidea zuena.
Konferentzia horretan Euskal Herriko nahiz nazioarteko hainbat politikari eta bakegintzako ekintzaile bildu ziren, besteak beste nazioartean ospe handikoak diren sei: Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem Brundtland, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powell.
Gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia | |
---|---|
Mota | bake konferentzia |
Honen parte da | Euskal Herriko bake prozesua (2009-2018) |
Data | 2011ko urriaren 17a |
Kokaleku | Aiete jauregia |
Herrialdea | Euskal Herria |
Antolatzailea | Lokarri, Brian Currin, Berghof Foundation (en) eta Conciliation Resources (en) |
Parte-hartzaileak | |
Konferentziak mugimendu ugari sortu zituen hurrengo egunean, eta handik hiru egunera, urriaren 20an, ETAk borroka armatua behin betiko alde batera uzten zuela aldarrikatu zuen.
Handik zazpi urtera, 2018ko maiatzaren 4an, Kanboko nazioarteko topaketa jazo zen.
Euskal Herriko ordezkaritza zabal eta anitz batek parte hartu zuen Konferentzian. Hainbat alderdi eta sindikatuk, ordezkaritza ofizialak bidali zituzten, eta beste hainbat antolakundetako kideak (Ipar Euskal Herriko PS, MoDem eta UMPko kideak bezala) norberaren ekimenez bertaratu ziren.
|
|
Konferentziaren amaieran, nazioarteko laguntzaileek bost puntuko ebazpen bat plazaratu zuten. Bertan, Euskal Herriko gatazkari buruz duten ikuspegia aurkeztu ostean, ondoko eskaerak luzatu zituzten:
« |
| » |
Ebazpena ingelesez irakurri zuen hantxe Bertie Ahernek, eta unean bertan itzulpena eginda antolatzaileek ondoren beste hiru hizkuntzatan ere zabaldu zuten testua, ordena honetan: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
Iñigo Urkulluk bertan honakoa adierazi zuen: "nahiz eta ezker abertzaleak zeharka egin dion ETAri armak uzteko eskaera, eskaera egin dio eta txalotu egiten dugu hori egin izana. ETAk ez du inolako aitzakiarik dagoeneko. Porrot egin du ETAk, ez duelako ezer lortu. Ezker abertzaleak, berriz, beti defenditu izan duen bidearen kontrakoa egin du azkenik".
Beste prentsa-ohar batean honakoa zioen hitzez-hitz: "atzo, ETAri eskatu zitzaion behin betiko amaitzea. Hori da garrantzizkoena. Bere amaiera egiaztatzea eskatu zitzaion. Ordainketa politikorik gabeko amaiera. ETAri baino ez zaio aurre baldintza hau eskatzen eta exijitzen. Atzokoan, biktimen papera aldarrikatu eta aitortu zen. Atzokoan azpimarratu egin zen, politika alderdi politikoei baino ez dagokiela. Eta atzokoan, azpimarratu egin zen ETAren negoziaketa esparrua “arlo teknikoa” izan daitekeena baino ez dela; eta beti, bere bortxazko jardueraren behin betiko amaiera adierazi ostean. Onartu den agiri hau, hainbat eratara interpreta daiteke. Baina orokorrean azaltzen egiten du 50 urteko terrore eta sufrimenduarekin nola amaitu, ordainetan kontzesiorik egin gabe. Guk komunikatu hori geureganatu egiten dugu, osoan eta egindako ordena berean. ETAri exijitzen diogu gauza bera egin dezala. ETAk lehen puntua ñabardurarik gabe onartzen badu, gainerako proposamenetarako bidea zabalduko da."
EAJk berak Ezker Abertzalearen gaineko irakurketa egin zuen, honako hitzekin: "Ezker abertzaleak gorbata jantzi zuen. Aldaketarako ikurtzat jo genuen. Iragana gainditu nahi dutelakoan eta bide berria hasi nahi dutelakoan. Bide hori garatzen joan daitezen animatu nahi ditugu, atzera bueltarik egin gabe, eta inork “ atzera egitera” derrigortu gabe. Amaitua da antzezpenen garaia. Asko gara Euskadin eta Euskaditik kanpo konprometitu garenak, ezker abertzaleak ziaboga hau egin zezan. Oraingo honetan, ezker abertzaleari dagokio ETA desarmatzea"
Jarrera ezberdina erakutsi zuten Espainiako PSOEk, Frantziako PSFk eta Euskal Autonomia Erkidegoko PSE-EEk.
PSE alderdiak Jesus Egiguren eta Carlos Totorikak osatutako ordezkaritza bat bidali zuen, halere ondorengo egunetan bere barnean Konferentzia honi buruzko bi iritzi-talde edo alde azaleratu ziren:
PSEren ordezkaria Jesus Egiguren izan zen. Haren ustez, egoera hori ez da "inork ezer oparitu izanaren ondorioa", baizik eta, besteak beste, zuzenbide estatuaren irmotasunaren eta gizartearen erresistentzia zibikoaren ondorioa. Nazioartetik etorritako ordezkaritzari azaldu dio Euskal Herrian ez direla egon bi alde aurrez aurre: "Batez ere egon da talde armatu bat eta gutxiengo totalitario bat sistematikoki eta nahita erasotu duena", nabarmendu du.
El Periódico de Catalunya egunkariak Konferentziaren ondoren kaleratu zuen elkarrizketan batean PSEko presidentea zen Egigurenek zioen Lopezek gehiago arriskatu behar zuela, dena eman, "baita erreko bazen ere eta Madriletik egurra emango bazioten ere". Hausteleek horretarako aukeratu zituztela dio, eta politikariak etorkizuna aurreikusten jakin behar duela. Egigurenek zioenez Lehendakariak zuhurregi jokatu omen zuen.
Egigurenek esan zuen beti amestu zuela bizitzen ari zela, baina penatuta agertzen zela "batzuk" ez zutelako ikusi aurrean izan duten aukera eta "ez dira konturatu bakearen unea zela". Ondoren zehazten zuen horiek Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza zirela, eta orain dela lau urte ez bezala, zuhurregi jokatu zutela orain. "Bilduri aurrea hartzeko aukera eman dio horrek, bakearen bandera bere eginez, eta horrek tsunami abertzalea eragingo du".
Patxi Lopezek Egigurenek egin zizkion kritiken ostean esan zuen berak ez duela Egigurenen iritziarekin bat egiten eta beti "kiskali" zela bakearen alde; bakea bere "obsesio" izan zela gaineratu zuen. Bide batez Lopezek berak eta Eusko Jaurlaritzak Egiguren "beti" babestu zutela adierazi zuen.
Frederique Espagnac, senatari biarnesak eta PSk kideak, prozesuaren garapenean buru belarri sartzeko nahikeria agertu zuen. "Euskal Herria soseguz eraikitzeko ados gira" adierazi zuen. François Hollande, PSko presidentegaiaren oso gertukoa, tentuz mintzatu zen Espacnac, hala ere. "Bistan dena, gobernu kanpoko erakundeek antolatu behar izan badute konferentzia hori zerbaitengatik da, estatuek haien lana ez dutelako egin".
Ezker Abertzalearen ordezkari den Rufi Etxeberriak "poza" azaldu zuen nazioarteko konferentzia dela-eta. "Dagozkion ardura historikoak zein politikoak onartuz" aurkeztu du bere burua, eta, haren ustez, nazioarteko ahaleginen metatzeak zein Euskal Herriko indarren bateratzeak "leiho handia" zabaldu du. "Gatazka politikoa behin betiko eta modu iraunkorrean gainditzeko oinarriak finkatzeko aukera zabaldu dute".
Konferentziaren hurrengo egunean eskainitako prentsaurreko batean honakoa adierazi zuten: "Ezker Abertzaleak “Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentziaren” ondorio bakoitzarekiko eta guztiekiko babes osoa eta irmoa agertu nahi du, gure herrian garai berri bat zabaltzen dutela ulertzen duelako."
"Ezker Abertzalearen iritziz, Nazioarteko Konferentziaren ondorioen inplementazioak Euskal Herrian gutxieneko demokratiko adostuen gainean eraiki beharreko eszenarioa finkatzea dakar. Eszenario honek, bere alderdi guztietan, bai zergatietan, bai ondorioetan, barne biltzailea izango den konponbide demokratikoa bultzatu behar du eta herri honetako kultura politiko guztien parte hartzea eskatzen du. "
Guztien artean adierazpenaren 4. atalari buruz hitz egiteko deia luzatu zuten ere:
"Ezker Abertzaleak pentsatzen du iritsi dela guztion artean ardurak konpartitzeko garaia, bai Nazioarteko Konferentzian parte hartu dugunon artean, bai modu justifika ezin batean kanpoan geratu direnekin ere, guztion artean elkarrizketa eraikitzailea osatzeko garaia, nazio aitortza eta autodeterminazio eskubidean oinarrituriko akordio demokratikoa eskuratu asmoz, herritarren berrespenarekin."
Komunikide askok azaldu zuten honakoa izan zela Ezker Abertzaleak ETAri su-etena betikotzeko eskatzen zion lehenengo aldia.
Eusko Alkartasunako ordezkaria Pello Urizar izan zen. Lehenengo balorazio batean honakoa esan zuen: "ETAk lehenbailehen esan beharra du indarkeria behin betiko utzi duela. Hau bezalako unerik ez dago horrelako pausoa emateko; atzerapen handi batek justifikaziorik ez luke. ETAk hori iragarriko balu, Frantziako eta Espainiako gobernuek eman beharko lituzkete hurrengo pausoak, ETArekin parte tekniko oro aztertzeko, bake iraunkorra eta behin betikoa egon dadin. Bestetik, gatazka honek konponbide politikoa behar du".
Hurrengo egunean EAk prentsaurrekoan baloratu zuen ekimena, guztien arteko akordio baten aldeko lanean sakonduko zutela esanez: "Horregatik, behin betiko normalizazioa iritsiko da marko juridiko-politikoa eta euskal gizartearen borondate politikoa bat datozenean. Horixe izango da normalizazioaren neurria: marko legala euskal gizarteak bere ordezkari politiko zilegien arteko elkarrizketaren eta adostasunaren bitartez, inolako betorik gabe eta inor baztertu gabe, erabakitzen duena izan dadila." Bide hori, baina, biolentziarik gabekoa izan behar zela adierazi zuten eta horregatik bigarren deialdia: "Bide hau indarkeriarik gabeko agertoki batean bakarrik egin daiteke. Inolako indarkeriarik gabe, eta horrek esan nahi du gatazkak eta bere ondorioek eragindako sufrimendu osoari amaiera eman behar zaiola, eta biktima guztiei aitortza eta erreparazioa eskaintzeko prozesu bati heldu beharko zaiola, biktima guztiei salbuespenik gabe, gatazka politikoak eta mota guztietako indarkerien errealitateak eragindako biktima guztiei. Horren harira, Konferentziak bere ondorioetan egindako deialdia berretsi egiten dugu, ETAk bere jardun armatua behin betiko bertan behera uzteko. ETAk eman dituen urratsek itzulezin bihurtzen dute armak uzteko bere erabakia, eta uste dugu hauxe dela euskal gizarteari behin betiko erabakia eskaintzeko unea."
Rebeka Ubera izan zen Aralar alderdiaren ordezkaria. Bere ustez "guztien artean" eraiki beharreko bakea aldarrikatu zen: "Bake hori iraunkorra eta egonkorra izan dadin ezinbestekoa da irabazlerik eta galtzailerik gabeko bakea izatea". Aralarrek nabarmendu du Gernikako Akordioa dela bake eta normalizaziorako ibilbide orri egokia, eta akordio horren aldebakarrekotasuna nabarmendu du, "aldebakarrekotasuna delako bermea lorpen politikoei sostengua emateko". Estatuei dagokienez, Aralarrek uste du espetxe politika "erro-errotik" aldatu behar dutela. Preso eta biktima guztien eskubideen defentsa eta errespetuaren alde egin du. "Presoak eta biktimak txanpon bereko bi aurpegiak dira, gatazkaren ondorio dira".
Hurrengo egunean eginiko prentsaurrekoan, honakoa esan zuen: "Aralar alderdiak atxikimendu osoa adierazten dio eta babes guztia eskaintzen dio Donostian 2011ko Urriaren 17an egindako Bake Konferentziako ondorioari. Aralar alderdiak baloratzen du Donostiako Bake-Konferentzia urrats kualitatibo eta itzulezina bezala bakea eta normalizazio politikoa erdiesteko. Maila ezberdin batean sartu gara eta aurrera ibili nahi dugu iraunkorra izanen den bakearen bila."
Era berean Patxi Lopez eta Yolanda Barcinari dei berezia egin zieten: "Donostiako Bake-Konferentziak egindako proposamenekin bat egin dezaten. Bi elkargo autonomo hauetako herritar gehienek eta baita erantzukizun politikoak ere aldarrikatzen diete une hauetan Yolanda Barcina andreak eta Patxi Lopez jaunak gidatzen dituzten gobernuei egoerak eskatzen duen mailan egon daitezen."
Alternatiba alderdiko ordezkaria Oskar Matute izan zen. Bere ustetan Aieteko Adierazpenean entzundakoari ETAk ondo erantzungo dio eta emandako aukera probesten jakingo du. Gainera Espainia eta Frantziari "ausardia" izateko deia egin zuen.
Matuteren ustez prozesua ez da "egun batetik bestera konponduko" eta "konfiantza sortu behar da" aurrera jarraitzeko.
Alternatibak hurrengo egunean "Alternatibaren proposamena Euskal Herrian bakea eta normalizazioaren oinarriak ezarri eta garatzeko" izeneko dokumentua plazaratu zuen. Honako puntu hauei heltzea garrantzitsutzat jo zuten:
« |
| » |
—Alternatiba |
UMPren ordezkaria Max Brisson izan zen, alderdi honetako kontseilaria. "Dena eginen dugu Frantziako estatuaren arreta deitzeko" adierazi zuen behin konferentzia amaituta, "balore sinboliko handia duen eguna da eta espero dut historian sartuko den eguna badela ere".
Frantziako gobernamenduari eskaera egiten zaio dokumentuan. Alta, deklarazioa harago doa eta eragile politikoen engaiamendua eskatzen du, haien arteko elkarrizketa lagungarria delakoan. Brissonek lan hori egiteko bere prestutasuna agertu zuen: "Prest naiz Donostiako Konferentziaren izpirituari segituz antolatu daitezkeen elkarrizketa guneetan".
ELA sindikatuko Adolfo Muñoz idazkari nagusiak eskerrak azaldu dizkie nazioarteko eragileei. "ETAk eta estatuek zuen deiak onar ditzatela da gure nahia, eta Euskal Herriak behar duena". ELAren arabera, bi aldeek ontzat joz gero nazioarteko taldearen ebazpena "fase berri" bat irekiko da. ELAren ustez, fase horretan, giza eskubide alorrean presoen eskubideak eta biktimenak aitortu behar dira. «Asko dago horretan egiteko». Demokrazian, berriz, "pauso itzulezinak" eman behar direla nabarmendu du "ETAren aitzakia baliatuz Espainiako Estatuak ezarritako legeak aldatuz". Era berean, ELAk "mugarik gabeko" eztabaida politikoaren beharra azpimarratu du.
LAB sindikatuko Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak ziurtasuna azaldu du konferentziak "modu erabakigarrian" bultzatuko duela euskal gatazka behin betiko konpontzea. "Alternatibarik ez duen bidea egiten ari gara eta aukera bakarra dago: guztion artean eraikitzea euskal jendarteak behar duen eta eskatzen duen bake justu eta demokratikoa".
Garrantzi berezia eman dio eremu sindikal ia osoa konferentzian egoteari, eta azpimarratu du ezinbestekoa dela eragile guztiek modu aktiboan parte hartzea.
Konferentziaren adierazpeneko bost puntuetatik, lehena baizik ez da bete: ETAk bere jardun armatua behin betiko amaitzea. 2011ko urriaren 20an, borroka armatua behin betiko utzi zuela adierazi zuen ETAk. Ez da elkarrizketarik egin Frantziako eta Espainiako gobernuekin; preso eta erbesteratuen egoera konferentziaren aurreko bera da; ez da mende erdiko gatazkaz eta arazo politikoez elkarrizketa berezirik egin; biktimen minari buruzko aitortzaz urrats garrantzitsuak egin dira Euskal Herriko gizartean.
2017ko apirilaren 8an, ETA armagabetu zen, bakegileen laguntzaz eta Frantziako Gobernuaren adostasunez; Espainiako Gobernuak uko egin zion armagabetzean parte hartzeari. Bakegileek armen kokalekuen berri eman zioten Frantziako poliziari; eta, polizia bertaratu bitartean, armen kokalekuak zaintzeaz eta poliziaren esku geratzen zirela egiaztatzeaz arduratu ziren.
2018ko maiatzaren 3an, ETAk iragarri zuen bere egitura guztiak erabat desegin zituela, eta aurrerantzean ez zuela funtziorik izango, «bere ekinbide politikoa bukatutzat jo» zuelako. ETAren amaieran, nazioartean harridura sortu zuen Espainiako Gobernuak parte hartzeari uko egin izanak; hutsune hori gizarte zibilaren parte hartzeak bete zuen.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.