Huntza taldea 2014an Bilbon sortutako musika taldea da, unibertsitate giroan elkartutako 6 gazte gipuzkoarrek osaturikoa.
Huntza | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Bilbo, Euskal Herria |
Musika mota | trikiti, pop, ska |
Urteak | 2014 - 2024 |
Taldekideak | |
Josune Arakistain Uxue Amonarriz Aitor Huizi Aitzol Eskisabel Inhar Eskisabel Peru Altube | |
Informazio gehigarria | |
https://huntza.eus | |
2023ko otsailaren 23an iragarri zuten taldeak amaiera emango diola bere ibilbideari. Azken kontzertua 2024ko otsailaren 3an izan zen.
Huntza 2014an Bilboko kaleetan sortutako musika taldea da. Taldekideak ostegun iluntzeetako trikipoteo eta Eguenero elektrotxarangan ezagutu eta noizean behin elkartzen hasi ziren ondo pasatzeko asmotan. Taldeari forma ematen joan ziren heinean, kantuak konposatzen hasi ziren, bakoitzak bere esperientziatik jasotakoa elkarbanatuz.
Taldearen lehen agerpena 2016ko martxoaren 8an izan zen, Harro gaude kantua plazaratuz. Abesti honekin oholtza gainera salto egin zuten lehen emakumeak omendu zituzten. Hasiera apal honek, ateak ireki zizkien jarraian etorriko ziren kontzertu eta agerraldiei.
2016ko azaroan Aldapan gora kantuaren bideoklipa kaleratu zuten, Mutrikun grabatu zena, eta arrakasta itzela izan zuen. Abestia 2/4ko konpas sinple batean oinarritua izan arren, trikitixako konposizioetan izan ohi den bezala, pop-rock kutsu nabarmena du sartutako kontrapuntuak direla eta. Durangoko Azokarako Ertzetatik disko atera zuten eta Azokako salduenetakoa izan zen. Diskoa Usurbilgo Higain estudioan grabatu zuten Haritz Harreguyren gidaritzapean.
2017an Japoniaraino joan ziren kontzertuak ematera Ertzetatik Tour izeneko kontzertu biran. Lumak izenarekin bi abestitako EP-a atera zuten eta irabaziak Gipuzkoako haur onkologikoen guraso elkartearentzako (Aspanogi) izan ziren.
2018an Lasai lasai izeneko EP-a aurkeztu zuten, Zubietako hipodromoan grabaturiko bideoklip eta guzti, eta Mafalda eta Tremenda Jauría taldeekin elkarlanean "Zer izan" abestia atera zuten. Urte berean taldeak bigarren disko luzea plazaratu zuen, Xilema izenekoa. EITBko Gaztea! irratiko DIDA saioan aurkeztua izan zen, eta bideoklipa telebistako kate nagusian atera zen. Ondoren kontzertu birari ekin zioten, tartean Argentinan eta Uruguayen ere egon ziren, eta 2019an ere luzatu zen bira hau. 2019an bertan Madrilen "Ororea (Orgull)" abestia grabatu zuten Roba Estesa abeslari katalanarekin batera eta bideoa oso ezagun egin zen. 2019ko apirila eta maiatza artean "Buruz behera" abestiaren bideoklipa grabatu zuten Laidan eta Sopelan.
2020an Europan zeharreko bira antolaturik zeukaten baina COVID-19 pandemiak dena bertan behera utzi zuen. Uda amaieran Euskadiko Orkestrarekin batera hiru abesti plazaratu zituzten, "Aldapan gora", "Olatu bat" eta "Lasai lasai". Josune Arakistainek bakarrean orkestrak lagunduta egindako "Olatu bat" abestiaren bertsio hau bereziki arrakastatsua izan zen. 2021. urtean nazioarteko musikariekin hainbat kolaborazio egin dituzte, besteak beste Doctor Prats ("Haizeak") eta Lildami ("Si vols") kataluniarrekin eta Julieta Venegas mexikarrarekin ("17:21" abestia). 2021eko azaroan plazaratutako disko berriko singleak izan ziren "Haizeak" eta "17:21". Diskoak Ezin ezer espero izena izan zuen. Aurrekoak baino disko intimistagoa da.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Huntza taldea, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.