Hezkuntzan, ebaluazioa ikaslearen ikasketa-prozesuaren bilakaera eta maila kontrolatzeko burutzen da.
Ebaluazio-metodoak aztertzen dituen arloari ebaluazio-teoria deitzen zaio.
Ebaluazioa hezkuntzan erabakiak hartzeko informazioen biltze eta balorazio prozesu sistematikoa da.
EAEko Heziberri 2020k Ebaluazio prozesuala edo hezigarria aipatzen du, dagokion atalean. Hauxe dio:
« | […] Ikasleen ebaluazio prozesual edo hezigarriak, bere aldetik, ikaskuntza‐prozesu osoaren garapen eta eboluzioaren berri ematea du helburu, prozesuan aurrera egin ahala hauteman litezkeen indarguneak nahiz ahulguneak unean uneko premietara egokitu eta, hori guztia aintzat hartuta, erabaki egokiak hartzeko. Ikasleen lana kalifikatu behar soilean baino, ebaluazio‐mota horren eraginak askoz nabarmenagoa behar luke ikaskuntza‐prozesuan berean, ezinbestekoak diren zuzenketak egitea, horixe baita kontua, azken ebaluazioa hezurmamitu aurretik ere prozesu osoa gogobetegarria izan dadin.. | » |
—EAEko Heziberri 2020 |
« | Gerora erabakiak hartu ahal izateko informazioa etengabe eta modu sistematikoan jasotzea eta aztertzea oinarritzat duen prozesua, horixe da ebaluazioa. | » |
—Heziberri 2020 - Glosarioa. |
Ebaluazio-xedeek, hezkuntza-xedeek, hezkuntza-prozesu osoaren norabidea erakutsi eta zentzua ematen diote. Oinarrizko Hezkuntzaren xedeak edo helburuak oinarrizko konpetentziak lortuz iristen dira.
Ebaluazioak hainbat helburu izan ditzake hezkuntza arloan. Aurreikuspenerako erabil daiteke, langile bati makina baten funtzionamendua irakatsi ondoren, makina behar bezala erabiltzeko gai izango den jakiteko, adibidez. Ziurtapenerako (EGA azterketak egiten duen ebaluazioak pertsonak euskaraz maila jakin batetik gorako komunikazio gaitasuna duela adierazteko erabiltzen da) edo hautapenerako (lanpostu bat betetzeko emandako ikastaro baten barnean, lanposturako hautagai egokiena zein den erabakitzeko) ere erabiltzen da.
Helburua neurtzea izan daiteke (gai bati buruzko ezagutza-maila bete den egiaztatzeko egiten dena edo ikaslearen gaitasunen bat norainokoa den antzemateko egiten dena edo ikaslea sailkatzeko erabiltzen dena) edota hezitzailea izan daiteke, (ikasleari bere ikasketa-prozesuan laguntzeko egiten dena).
Zeharka ebaluazio prozesuek ere askotan lortzen dute ebaluatuak izango diren pertsonen aparteko ahalegina. Ebaluazio prozesu batetik pasatze horrek batzuentzat estresa dakar, eta estres horrek onenak ematen lagundu dezake edo kalterako izan daiteke, pertsonen eta beren emozioen arabera.
Ebaluatzerakoan erreferente nagusiak ebaluazio irizpideak izan behar dute. Ebaluatzerakoan erreferenteak ez dira ebaluazio-tresnak izan behar (azterketak, galdetegiak, probak...) Ebaluatzerakoan erreferente nagusiak ez dira azken ekoizpenak izan behar, (idazlanak, ekoitzitako bideoak, grabatutako audioak, bete diren azterketak...). Ebaluatzen hasi baino lehenago zehaztutako ebaluazio-irizpideen arabera ebaluatu beharko genuke.
Ebaluazio prozesua hasi baino lehenago lortu nahi diren helburuak zeintzuk izango diren ondo zehaztuta egon beharko luke. Helburu horiek noraino bete diren zehazteko irizpide batzuk adostu edo zehaztu beharko lirateke.
Ebaluazio prozesuetan ebaluatzaileek fokua emaitzetan edo prozesuetan jar dezakete. Esate baterako, kalkulu ariketa batean emaitza bat zuzentzat jo daiteke, beste emaitza batzuk balekoak, erdipurdikoak, eta beste emaitza guztiak txarrak. Baina emaitza horietara ikasleak egin duen ibilbidea ere, prozesua ere, ebaluatu daiteke. Ikaslearen arrazoinamenduak, oro har, txukunak izanik, agian, ez du urrats txiki batean asmatu eta kale egin du emaitza zuzena lortzerakoan. Ebaluatzaile batzuek prozesua ere ebaluatu behar dela uste dute.
Ebaluazio-irizpideak helburuak edo xedeak zenbateraino barneratu diren aztertzeko erreferentzia nagusi dira. Arlo zein irakasgai jakin batean oinarrizko konpetentziak zenbateraino landu eta garatu diren argi eta garbi aztertzeko aukera ematen dute. Ebaluazio-irizpideen bitartez finkatzen da helburuak zenbateraino lortu eta, beraz, horiek ardatz dituzten konpetentziez jabetu diren ikasleak.
Azken hamarkadetan, mendebaldeko hezkuntza sistemetan, ikerlariak konpetentzien ebaluazioan sakontzeko ahaleginak egiten ari dira.
Egiten jakin behar da, ez, besterik gabe, adierazten. "[...] prozedurazko edukiak lehenetsi behar dira –"egiten jakitea", alegia [...]".
Baina oraindik ere, leku askotan, erabiltzen diren nota-boletinetan konpetentziei leku gutxi uzten zaie, edo bat ere ez.
« | Bigarren tranpa ebaluazioa da. Horrekin haserretu nintzen. Esaten da arloak ebaluatu behar direla, zenbakiekin, baina konpetentziak ere bai. Hori ez da bidea. Honetan busti behar gara. Benetan bultzatu nahi baditugu konpetentziak, hauek ebaluatu behar dira, dituzten dimentsioak eta garapen mailak kontuan izaten. | » |
—Berta Martínez Pérez - Berritzeguneko aholkularia. |
Baina oraindik ere, leku askotan, erabiltzen diren nota-boletinetan konpetentziei leku gutxi uzten zaie, edo bat ere ez.
« | Bigarren tranpa ebaluazioa da. Horrekin haserretu nintzen. Esaten da arloak ebaluatu behar direla, zenbakiekin, baina konpetentziak ere bai. Hori ez da bidea. Honetan busti behar gara. Benetan bultzatu nahi baditugu konpetentziak, hauek ebaluatu behar dira, dituzten dimentsioak eta garapen mailak kontuan izaten. | » |
—Berta Martínez Pérez - Berritzeguneko aholkularia. |
Ebaluazio irizpideak definitu, zehaztu edota adostu ondoren, irizpideak noraino bete diren kuantifikatzeko eta estandarizatzeko ahaleginak egin beharko lirateke lorpen-adierazle batzuk zerrendatuz eta definituz. Ebaluazio irizpide eta lorpen adierazleak ondo definitzeko eta zerrendatzeko ahaleginetan sortutako tresnak izaten dira, esaterako, errubrikak eta kontrol zerrendak.
Ebaluazio-adierazleek jokabide behagarri bihurtzen dituzte ebaluazio-irizpideak, eta, alde horretatik, haiek dira ebaluazioaren azken erreferenteak.
Lortu nahi diren helburuak noraino bete diren ebaluatzeko, hezkuntza munduan hainbat ebaluazio tresna sortzen dira:
Ikaste-egunerokoak paperezkoak zein digitalak izan daitezke. Badago horrelako egunerokoak egiteko propio sortutako txantiloirik eta aplikazio librerik.
Ebaluazioa une jakin batean egiten den neurketa izan daiteke edo behin eta berriro errepika daiteke (etengabeko ebaluazioa, ebaluazio jarraitua). Oso ohikoak, eta hezkuntzan agian ezinbestekoak, izaten dira hasierako ebaluazioa, abiapuntuko konpetentzien maila neurtzeko eta, batez ere, prozesu baten fase baten amaierako ebaluazioak (eskola sistema tradizionalean kalifikazioak izeneko oharrekin-edo).
« | Ebaluazioaren funtzioa ikaskuntza egiaztatzea bada ere, horretaz gainera, ikaskuntzaren autorregulazioa eta irakasleen esku-hartzea erregulatzearen funtzioa dauka. Eraiki nahi dugun eredu honetan, ebaluazioa da ikaslearen garapenaren mesedetan jarriko den tresna. Alegia, ikasleak bere prozesuaren kontzientzia eta ardura hartu behar ditu, eta prozesu hori indartu, sakondu, garatu eta zabaldu. Ebaluazio hezitzaile, holistiko eta erreal baterako bidean, bere prozesua autorregulatzea, haren kontzientzia hartzea eta konpromisoa erakustea izango du helburu ikasleak esperientzia honetan. Ikaste prozesua ikaslearengan oinarrituta baldin badago ezin dira bereizi ebaluazioa eta ikaskuntza; ebaluazioa eta formazioa ez dira bi ekintza bereizi, erabat lotuta baitaude. Ebaluazioak ikaskuntzari lagundu behar dio; ikaslearen mesedetan jarri behar den tresna da. Ikasleari lagundu behar dio bere garapen pertsonal eta profesionalaren gaineko kontzientzia hartzen; bere prozesuaren kontzientzia eta ardura hartu behar ditu, eta prozesu hori indartu, sakondu, garatu eta zabaldu. Kontzientziaz gain, ikasleari aukera eskaini behar dio bere ikaskuntza propioaren ardura har dezan, hau da, era autonomoan aritu dadin eta autonomia hori garatu dezan. Autonomia garatzeak ikasleen burujabetza esan nahi du, eta ebaluazioak burujabetze horretan ekarpena egin behar du, garapen pertsonal, akademiko eta sozialean. Garapen osora begira egon behar da, arreta berezia eskainiz alderdi sozio-afektiboari. Ezinbestekoa izango da ikaslea izatea ebaluazio prozesuan elementu gako eta aktiboa. Beraz, ikasleak ebaluazioan erabiliko diren prozesu zein estrategien diseinu, planifikazio, aplikazio zein eztabaidetan egon beharko du. Ebaluazioak ikasle kritiko eta gogoetatsuak, kritikoak eta sozialki konprometituak bermatu behar ditu. | » |
—Ainara Imaz Agirre eta Nagore Ipiña Larrañaga. (ISBN 978-84-09-21061-9) |
Badago ebaluazio tradizio bat ebaluazio tresna nagusitzat azterketa zuena eta ikasleen akatsen kontabilitatea egiten zen kalifikazioak ezartzerakoan... Ez da eredu hori ebaluazio prozesual edo hezitzaileak proposatu nahi duen eredua. Akatsak ohikoak dira edozein ikaste prozesutan, eta akatsetatik ere ikas daiteke. Edo esaera dioenez: "eroriz ikasten da oinez".
Erakunde batean, barruko, bertoko, helburuak, prozedurak, emaitzak neurtzeko egiten diren saioei barneko ebaluazio esaten zaio. Erakunde gehienetan egiten dira barneko ebaluazioak, hobetzeko asmoz.
Erakunde gehienetako organigrametan nagusiek euren ardurapean daudenak ebaluatzea izaten da ohikoena. Hezkuntza sistema tradizionaletan, irakasleek ikasleak ebaluatzea.
Autoebaluaziarekin erkatuz, ebaluazio mota honi heteroebaluazioa deitu izan zaio: ebaluazioaren erdigunean ikasleak bere buruaren gainean duen autokontzientzia eta autorregulaziorako gaitasuna garatzea badago ere, tutorearen edo irakaslearen gidatze lanak ezinbesteko izango ditu prozesuan. Irakasleek baliozkotze funtzioa izango dute prozesuan zehar, protagonismoa. Heteroebaluazioan erabili ohi diren jarduera eta baliabide nagusiak irakasleek prestatutako probak izaten dira: azterketak, ekoizpenak entregatzea, (testuak, grabazioak...) Irakasleek aurretik prestatutako eta ikasleekin partekatutako kontrol-zerrendak eta errubrikak erabili izan dira maiz. Ikasi/irakatsi nahi diren eduki eta konpetentzien arabera, ariketa praktikoak, sormena-ekoizpenak egiteko kontsignak, etab. erabiliko dira horrelako ebaluazioa egiteko.
Paraleloen arteko ebaluazioaren bidez ebaluazio bertikalean behatu gabe geratzen diren hainbat kontu ebaluatu daitezke. Adibidez, ikasleen arteko ebaluazio saioak egitea.
Aurreko ebaluazio bertikala edo heteroebaluazioarekin erkatuz, ebaluazio horizontalari koebaluazioa ere deitu izan zaio: ebaluazioa ekintza sozial modura ulertzen bada, bestearen prozesuaren kontzientzia eta hausnarketa prozesuak partekatuak izango dira. Norberaren jardunak bestearenean duen eragina erregulatzea da helburua, eta alderantziz. Proiektuetan edo lantegietan egindako lana proiektuak elkarlanean ibili direnen artean elkarri zer hobetu iradokiz egiten da.
Koebaluazioa bideratzen irakasleek, hemen ere errubrikak, galdetegiak presta ditzakete, iruzkinak, iradokizunak edo analisi kualitatibo eta kualitatiboak bideratzeko.
Ikaskideen iradokizunak eta zuzenketak balio berezia dute pedagogo batzuen ustez. Irakasleek heteroebaluazioan "dena zuzentzeko" joera izaten dute, ikaskideek, ordea, inportanteena ikusten dute, eta ez dira txikikeriekin konturatzen. Bestalde, maiz adhesio emozional handiagoa sortu ohi dute kideek, eta, aldaketa sakonak lortzeko egiten den talde terapian bezala, efektu handiagoa lortzen da kide askok esaten edo iradokitzen dutenarekin, "goitik", "(bertikalki)", ustezko jakintsu bakar batek (irakasleak) esaten duenarekin baino.
Galdera irekiekin ere bideratu daiteke. Irakasleak galdetegi edo gidoi bat presta dezake eta ikasleek autoebaluazio txosten bat idatz dezakete.
Ebaluazioa ekintza sozial modura ulertzen badugu, bestearen prozesuaren kontzientzia eta hausnarketa prozesuak partekatuak izango dira. Norberaren jardunak bestearengan duen eragina erregulatzea da helburua, eta alderantziz.
Badaude ebaluazioaz arduratzen diren erakundeak. Beste erakundeen lana ebaluatzen dute eta erakundeen arteko konparazioak egiteko aukera eskaintzen dute. Bilakaeren berri ematen dute.
« | […] Ikasleen ebaluazio prozesual edo hezigarriak, bere aldetik, ikaskuntza‐prozesu osoaren garapen eta eboluzioaren berri ematea du helburu, prozesuan aurrera egin ahala hauteman litezkeen indarguneak nahiz ahulguneak unean uneko premietara egokitu eta, hori guztia aintzat hartuta, erabaki egokiak hartzeko. Ikasleen lana kalifikatu behar soilean baino, ebaluazio‐mota horren eraginak askoz nabarmenagoa behar luke ikaskuntza‐prozesuan berean, ezinbestekoak diren zuzenketak egitea, horixe baita kontua, azken ebaluazioa hezurmamitu aurretik ere prozesu osoa gogobetegarria izan dadin. | » |
—Heziberri 2020 |
Azken urteotan Europan hezkuntzari buruzko dokumentuetan maiz aipatu ohi da ikasleen ebaluazioa hezigarria, hezitzailea eta azken uneren batean, batutzailea ere izan behar duela.
Ebaluazio hezitzailea prozesu planifikatu eta jarraitua da, ez da une jakin batean edo oso gutxitan praktikatzen den ekintza isolatua, eta ikasle eta irakasle guztiek erabiltzen dute, ikaskuntzan eta irakaskuntzan zehar, ikasleen ikaskuntzaren ebidentziak lortzeko eta erabiltzeko, ikasleek lortu nahi diren diziplina-emaitzak hobeto ulertzeko eta ikasleei beren burua zuzentzen laguntzeko.
Ikasleen ebaluazio prozesual edo hezigarriak, bere aldetik, ikaskuntza-prozesu osoaren garapen eta eboluzioaren berri ematea du helburu, prozesuan aurrera egin ahala hauteman litezkeen indargune nahiz ahulguneak unean uneko premietara egokitu eta, hori guztia aintzat hartuta, erabaki egokiak hartzeko.
Ikasleen ebaluazio batutzaile edo finala Izaera egiaztagarria du. Ikastetxea bera arduratu daiteke ebaluazio batutzaile hori egiteaz, baina, zenbaitetan, kanpo-erakunderen batek har dezake bere gain lan hori. Ebaluazio-mota horretan oinarriturik hartzen dira erabaki-mota administratiboak: maila edo etapa bat gainditzen den, promozio-kontuak, titulazioa...
Irakasleen prestakuntza hobetzeko ahaleginetan dabiltzanak, maiz irakasleen ebaluazioaren beharra aldarrikatzen dute. José Antonio Marinak, esate baterako, honako zazpi parametro hauetan ahaleginak egin behar direla defendatu izan du, irakasle bat ebaluatzeko:
Irakasleen ebaluazioa gai korapilatsutzat jotzen delako edo, hezkuntza sistema batzuetan Axularrek arbuiatuko lukeen modu batean gerorako utzi izan da historikoki.
Ebaluazio prozesu batean, une jakin batean egiten den neurketa baten emaitza izaten dira kalifikazioak. Gure hezkuntza sistemetan osagai kuantitatiboak eta kualitatiboak izan ohi dituzte. Kalifikazio kuantitatiboek honelako itxura izaten dute: 0, 1, 2, 3, ... 7, 8, 9, 10. A, A+, B, B+, C, C+... Kualitatiboek honelako sintagmak: oso gaizki, eskas, nahiko, ongi, oso ongi, bikain... Hobetu behar du XXX horretan, aurrerapen egokia... Kontuz XXX horrekin...
Kalifikazioak, gure hezkuntza sistemetan, buletinetan komunikatzen zaizkie ikasleei eta beren familiei, eta gorago aipatutako ohiko aldagai kuantitatibo eta kualitatiboekin batera, irakasleen oharrak gehitzen dira batzuetan, ezarritako kalifikazioren bat azaltzeko edo osatzeko.
Gure hezkuntza sistemetan ikasleei bakarrik ezarri ohi zaizkie kalifikazioak, hezkuntzako beste eragileei ez, nahiz eta noiz edo noiz eskatu egin diren irakasleentzako ebaluazio-kalifikazio prozesu batzuk ezartzea, edo ebaluazio prozesua hezkuntzako testuinguru zabalago batera hedatzea.
or., 2010.
Hizkuntzen didaktikari lotuta egiten den ebaluazioaz ikus 2001eko Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua eta 2018. urtean hizkuntzen ebaluazio prozesuak hobetzeko eta eguneratzeko egin zen ahalegina: (Ingelesez) Common European Framework of Reference for Languages: Learning, teaching, assessment: Companion Volume with New Descriptors; (Frantsesez) Cadre européen commun de référence pour les langues : apprendre, enseigner, évaluer : Volume complémentaire avec de nouveaux descripteurs, (oraingoz euskaratu barik); (Gaztelaniaz) Consejo de Europa > Ministerio de Educación (2021), Marco común europeo de referencia para las lenguas: aprendizaje, enseñanza, evaluación. (Volumen complementario). Servicio de publicaciones del Consejo de Europa: Estrasburgo. www.coe.int/lang-cefr.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Ebaluazio (hezkuntza), which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.