Thomas Woodrow Wilson (1856ko abenduaren 28 – 1924ko otsailaren 3) Ameriketako Estatu Batuetako 28.
presidentea izan zen. Politika berrizalea egin zuen eta berrikuntza demokratiko ugari abiarazi zituen: besteak beste, aduana zergak murriztu zituen, bankuei kontrol federala ezarri zien, trusten eragina murrizteko ahaleginak egin zituen, zortzi orduko laneguna ezarri zuen eta emakumeei boto eskubidea aitortu zien (1920). Nazioartean, Hego Amerikako lurraldeen gaineko kontrola areagotu nahi izan zuen; horretarako armak eta neurri ekonomikoak erabili zituen.
New Jerseyko gobernatzailea 1910ean izendatuta, 1913an hautatu zuten presidente. Lehen agintaldian lege ugari jarri zituen indarrean. Berriro 1916an aukeratua, bigarren agintaldi horren ardatz nagusia Lehen Mundu Gerra izan zen: neutral izateko ahaleginak egin zituen, baina alemaniarrek Estatu Batuen ontziak hondoratu ondoren, gerran sartu behar izan zuen. Aliatuen alde eginda, 1917an Europara soldaduak bidaltzen hasi zen. Herrialdeko ekonomia kontrolatu zuen eta maileguen bidez behar adina diru bildu zuen. Gerraren kontrako mugimenduak, Alderdi Sozialistakoa esaterako, geldiarazi eta isilarazi zituen. Afera militarretatik at, Aliatuei eman zien dirulaguntza eta hornidurei esker, haien garaipena ahalbidetu zuen. Parisa joanda, Versaillesko Hitzarmena osatzen lagundu zuen, eta Nazioen Ligaren sortzaileetako bat izan zen. Nolanahi ere, AEBetako senatuak ez zuen Versaillesko Hitzarmena baieztatu, eta, horren ondorioz, herrialdea Nazioen Ligatik kanpo geratu zen. Barne politikari dagokionez, gerra garaiko oparotasuna gerraosteko depresio bihurtu zen. Gainera, grebak eta arraza-istiluak ugaritu ziren.
1919ko Bakearen Nobel Saria eman zioten. 1919an elbarritasunak jo zuen, eta bere agintaldia bukatu zenean politika utzi zuen.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Woodrow Wilson, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.