Maria Rosario Arrizabalaga Urreta (Ermua, Bizkaia, 1949ko urriaren 18a – Donostia, 2021eko uztailaren 12a), Mariarro deituraz ezagunagoa, gizarte-ekintzailea izan zen, eta feminismoa eta justizia soziala izan zituen bizi-ardatz.
Maria Rosario Arrizabalaga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Ermua, 1949ko urriaren 18a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Donostia, 2021eko uztailaren 12a (71 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta aktibista |
Izengoitia(k) | Mariarro |
Jose Mari eta Jesusaren lau seme-alabetatik zaharrena, Markinako Veracruz ikastetxean Batxilergo Laborala eta Administrari ikasketak burutu zituen, azken alor hau ogibide bihurtuz. Markinan Mikel Zarate idazlea izan zuen irakasle eta beronen eskutik hasi zen justizia sozialean sakontzen.
Bere gaztaroa gertuko eta urrunagoko errealitateek markatu zuten: bere horretan zegoen frankismoak, langileen greba gogorrek, Burgosko prozesuak, Vietnamgo gerrak, borroka soziala Hego Amerikan eta Afrikan, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mugimenduak… bere esanetan “iraultza garaia”. 1995 eta 2000. urteen artean, laneko eszedentzia bat eskatuta, aspaldiko ilusioa betetze asmoz, ikasteari ekin zion berriro eta Gizarte Hezkuntza egin zuen Bilbon.
Bere ibilbide politikoa eta konpromiso soziala eskutik joan dira beti eta, nolabait esatearren, bere jardunari esker eskola politiko bat sortu zuen jaioterrian eta herrikideen artean. Frankismo garaian ekin zion militantzia politikoari, hasiera haietan Komunistak taldean; ondoren etorri ziren EMK (Euskadiko Mugimendu Komunista) eta Zutik alderdiak. Laneko goizeko jarduna eginda, arratsaldez zeregin klandestinoetan aritzen zen: panfletoak egin, mezuak zabaldu…
Partaidetzan oinarritatutako demokrazian sinisten zuelako, Franco hil osteko Espainiako Trantsizio politikoaren garaian, 1979ko lehen hauteskunde demokratikoetan Ermuko Herri Kandidaturaren eraketan hartuko zuen parte. 1987koetan, herri mailan ere, soilik andrazkoz osatutako Emakumeen Kandidaturaren sortzailetako bat izango zen eta beronen zerrenda-buru ere. Emakumeen beharrak eta eskubideak plazaratzeko helburuarekin sortua, ezaugarri horiekin Estatu mailan aurkeztutako lehen kandidatura izan zen eta boto gutxi batzuengatik ez zuen ordezkaritzarik lortu.
Ermuko herriarentzat 1970ko hamarkadan hasita berebiziko garrantzia izango zuen Familien Elkartearen partaide ere izan zen. Neurri handi baten emakumez osatua, protesta gisa errepideak mozten zituztela eta abarrekoengatik, salaketa desberdinei egin behar izan zioten aurre. Elkartekoen eta beste herritar askoren ekimenez lortuko zen Ongarain kokatutako bi eskolak zabaltzea, premia-premiazko ziren haur-eskola eta anbulatorioa, kaleetako ezinbesteko espaloiak, hil edo biziko bihurtutako errepide azpiko Sallabente auzoko pasabidea...
Feminismoak eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldeko mugimenduak bere bizitza-konpromisoa markatu zuten arren, parte hartu zuen orobat intsumisio mugimenduan, NATOren kontrakoan... eta, geroago pentsio duinen aldeko mobilizazioetan eta Ermuko nagusien egoitzako egoera salatzekoetan ere. Itxialdiak, protestak, manifestazioak, hitzaldiak, kontzentrazioak, manifestu irakurraldiak, jai errebidinkatzaileak... ohikoa bihurtu zen Mariarroren presentzia eta iritzia oholtza gainean zein pankarta edo mikrofono baten atzean.
Ermuko eta Bizkaiko Emakumeen Asanbladen sortzaileetakoa izan zen, bere berbetan “dena egiteko zegoen sasoian, lana eta ilusioz gainezka”, eta sortu zen une beretik Ermuko Berdintasun Udal Kontseiluaren parte aktibo eta enblematikoa.
Ermuko Asanbladaren bitartez eta beraren zein herriko beste emakume batzuen ekimenari esker gauzatutako egitasmo aipagarrienak:
Etengabeko borrokan emakumeen eskubideen alde, errebindikatzaile sutsua izan zen antisorgailuen erabileraren alde, abortu eta dibortzio eskubideen alde, emakumeek beraien gorputzaz gozatzeko aldarrian, amatasuna sexualitatearekin ez nahasteko diskurtsoan... Salatu izan zuen ere espetxeetan emakumeek pairatzen duten matxismoa, preso dauden andrazkoen eskakizunekin bat eginez.
Munduko herritarren desoreka ekonomiko, politiko eta kulturala berdintzeko ahaleginetan, kooperazioa sustatzen duten hainbat taldeko partaide izan zen, bereziki saharar herriaren askatasunaren aldeko mugimenduetakoa: besteak beste izan zen Saharako lagunen Ermuko Hagunia Elkarteko eta Nazioarteko Elkartasun eta Lankidetza Kontseiluko sortzaile, gaixo dauden neska-mutil sahararrak artatzeko etxebizitzaren bultzatzaile, herri mailan antolatutako saharar herriaren aldeko ekimen ugariren sustatzaile... Arrazakeria areagotzen eta etorkinen eskubideak ukatzen dituzten politikak salatzeaz gain, Ermua-Harrera proiektua bultzatu zuen ere.
2012an Ignacio Ellakuria Saria eman zitzaion Saharar Emakumeen Nazio Batasunari laguntzeko euskal sareari. Eusko Jaurlaritzak banatzen duen sari honek, elkartasuna eta kooperazio eremuetan egiten den nazioarteko lana aintzat hartzea du helburu. Taldearen izenean jaso zuen saria Maria Rosario Arrizabalagak. Osteko mintzaldian, saharar herriak pairatzen zuen errealitatea gogoratu zuen ermuarrak, bertakoen autodeterminazio eskubidea errespetatu beharra zegoela azpimarratuz.
"Nire benetako bizitza militantzian egindakoa da" esango zuen. Ahots esanguratsua eta kritikoa bere jaioterriaren hamarkada luzeetako historian, "beste herri bat, mundu hobe bat eraikitzea" lortzeko itxaropenarekin bizi, borrokatu eta amestu zuen emakumeen erreferente hau 2021eko uztailaren 12an zendu zen, gaixotasun motz baina larri baten ondorioz amatatuta.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Maria Rosario Arrizabalaga, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.