Giza Klonazio

Giza klonazio deritzo genetikoki erabat berdina den gizaki, giza zelula edo giza ehun baten kopia sortzeko prozesuari.

Giza klonazio terminoak, oro har, giza klonazio artifizialari egiten dio erreferentzia, ez biki identikoen sorkunde naturalari.

Giza Klonazio
Giza garapenean zehar zelulak erreprogramatzeko metodo ezberdinak erakusten dituen eskema

Helburuaren arabera, bi teknika bereiz daitezke: klonazio terapeutikoa eta ugalketa-klonazioa. Klonazio terapeutikoan, gizaki baten zelulak klonatzen dira medikuntzan eta transplanteetan erabiltzeko. Ikerketa-eremu aktiboa da, baina oraindik ez dauka aplikazio medikorik. Klonazio terapeutikoko bi metodo ikertuenak dira ama-zelulen transferentzia nuklearra eta zelula ama pluripotenteen indukzioa. Ugaltze-klonazioan, aldiz, gizaki oso bat klonatzea da helburua.

Giza klonazioak gatazka etiko eta juridikoak sortu izan ditu. Ondorioz, kritika erlijiosoaren eraginez, hainbat herrialderi lege espezifikoak sorrarazi edo aldarazi zaizkie.

Historia

Gizakiak klonatzeko ideiak espekulazioa eta polemika eragin zituen XX. mendean zehar, baina zientzialariak eta legegileak ikuspegi hori serio hartzen hasi ziren 60ko hamarkadan.

1966: Joshua Lederberg genetikari Nobel Saridunak klonazioaren eta ingeniaritza genetikoaren alde egin zuen lehen aldiz. Eztabaida piztu zen Bioetikan aditua den Leon Kass kontserbadorearekin, zeinak bere garaian idatzi baitzuen "gizakiaren erreprodukzio programatuak, izatez, gizatasuna suntsituko duela".

1971: James D. Watson Nobel saridunak, klonazioaren potentziala eta arriskuak biltzen dituen entsegu bat argitaratu zuen The Atlantic Monthly aldizkarian, "Hacia el Hombre clonal” izenekoa.

1996: Zelula somatikoen nukleo-transferentziaren bidez (ZSNT) lortutako Dolly ardiaren klonazioak giza klonazioaren ideia soka luzeko eztabaida bihurtzea eragin zuen. Herrialde askok debekatu egin zuten, baina zientzialari batzuek hurrengo urteetan klon bat sortzea promestu zuten.

2000 eta 2005: Seulgo Unibertsitate Nazionaleko Hwang Woo-su irakasleak bi artikulu argitaratu zituen Science aldizkarian: ZSNT teknikak erabiliz klonatutako giza blastozisto batetik abiatuta enbrioi-zelula ama pluripotenteak modu arrakastatsuan landu zituen. Hwang-ek patentatutako berariazko zelula amen hamaika lerro sortu zituela azaldu zuen, eta lorpen hori klonazioaren lehen aurrerapen handitzat har daiteke.  

2006: Science aldizkariak Hwang-en bi artikulu horiek atzera bota zituen, datu esperimental asko faltsuak zirela jakiterakoan.  

2008: Stemagen bioteknologia-konpainiako Andrew French doktoreak eta Samuel Wood-ek ZSNT erabiliz lehen bost giza enbrioi helduak arrakastaz sortu zituztela iragarri zuten. Kasu honetan, enbrioi bakoitza sortu zen eskuko azaleko zelula baten nukleoa hartu eta nukleorik gabeko giza obulu batean txertatuz. Enbrioiak blastozistora arte garatu ziren eta, puntu horretan, ikerketa-prozesuek suntsitu egin zituzten. Laborategiko kideek adierazi zuten hurrengo esperimentuen helburua enbrioi-zelula amen lerroak sortzea izango zela, zelula horiek klonazio terapeutikorako edo ugalketarako erabilgarriak izango baitziren.

2011: New Yorkeko Zelula Amen Fundazioko zientzialariek iragarri zuten enbrioi-zelula amen lerroak sortzea lortu zutela, baina haien prozesuak obozitoaren nukleoa bere lekuan uztea eta zelula triploideak sortzea eskatzen zuen, klonazioa egiteko alferrikakoak zirenak.

2013: Shoukhrat Mitalipov-ek zuzendutako zientzialari-talde batek ZSNT erabiliz sortutako enbrioi-zelula amei buruzko lehen txostena argitaratu zuen. Esperimentu horretan, ikertzaileek ZSNT giza zeluletan erabiltzeko protokolo bat garatu zuten, beste organismo batzuetan erabilitako metodologiatik pixka bat aldentzen zena. Enbrioi-zelula amen lau lerro eratorri ziren giza zelula somatiko fetaletatik, blastozistoetatik abiatuta. Lau lerroak emaile beraren obozitoak erabiliz lortu ziren, herentziazko DNA mitokondrial guztia berdina izan dadin.

2014: Robert Lanzak zuzendutako Advanced Cell Technology enpresako talde batek jakinarazi zuen Mitalipov-en emaitzak erreproduzitu zituztela eta zelula helduen klonazioaren eraginkortasuna frogatu zutela ZSNTren bidez.

Metodoak

Zelula somatikoen nukleo-transferentzia

Giza Klonazio 
Zelula somatikoen nukleo-transferentzia prozesuaren eskema

Zelula somatikoen nukleo-transferentzia, zelula somatiko emaile baten nukleoa atera, eta mikropipeta baten laguntzaz obulu ostalarian birlandatzen da, zeinaren material genetikoa aldez aurretik kendu den. Ostean, zelula somatikoaren material genetikoa obuluarekin fusionatzen da korronte elektriko txiki bat aplikatuz. Bi zelulak fusionatu ondoren, zelula berria ordezko ama baten barruan edo artifizialki garatu daiteke. Prozesu horren bidez klonatu zen Dolly ardia.

Zelula ama pluripotente induzituak

Zelula ama pluripotente induzituak sortzea (ZAPI) prozesu luze eta ez-eraginkorra da. Zelula ama pluripotenteak enbrioien hiru geruza germinaletatik edozeinetan bereizteko ahalmena duen zelulak dira: endodermoan (urdailaren barruko estaldura, traktu gastrointestinala, birikak), mesodermoan (muskuluak, hezurrak, odola, sistema urogenitala), edo ektodermoan (ehun epidermiko eta nerbio-sistema deritzenak). Zelula heldu batean, birprogramazio-faktore deritzenek seinaleak bidaliko dizkiote zelulari ZAPI bihur dadin. Hain zuzen ere, hori da ikerketa askoren xedea, indukzioa optimizatzearren.

Giza Klonazio 
Zelula ama pluripotente induzituen sorreraren eskema

Erabilitako metodoaren arabera, zelula helduen birprogramazioak eta ezarpenak mugak eduki ditzakete gizakietan. Adibidez, birprogramazio-faktore gisa birus bat erabiltzen bada, minbizia eragiten duten onkogene izeneko aktibatzeko arriskua dago. Hala ere, 2008an, zenbait ikerketa-taldek onkogene horiek ezabatzea ahalbidetzen zuen teknika bat garatu zuten, gizakietan ZAPIak erabiltzea areagotu zuena.

ZSNT eta birprogramazioaren arteko konparaketa

Bi prozesuek dauzkate abantailak eta desabantailak. Historikoki, birprogramazio-metodoak ZSNT teknikak baino areago ikertu dira zelula ama enbrionarioak sortzeari begira. Hala ere, azken ikerketek garrantzi handiagoa eman diote ZSNTprozedura berrien garapenari. Momentu honetan, ZAPIekin alderatuta ZSNT teknikak duen abantaila nagusia zelula amak sortzeko abiadura da. Izan ere, enbrioi-zelula amen ZAPI bidezko ekoizpenak zenbait hilabete irauten ditu, eta askoz denbora laburragoa behar da ZSNTak erabiliz gero. Sorkuntza-abiaduren alde hori garrantzitsua izan liteke aplikazio medikuei begira. Ikerketa berriak ZAPIen sorrera abiadura eta egonkortasunaren aldetik optimizatzera bideratu dira, birprogramazio-faktore berriak aurkitu direlako.

ZSNT prozesuak ZAPIen aurrean izan dezakeen beste abantaila bat da gaixotasun mitokondrialetarako tratamendu moduan jarduteko potentziala, horrelakoetan oozito-emaileak erabiltzen baitira. Momentuz, ez da bestelako abantailarik ezagutzen.

Erabilerak

Klonazio-tekniken gaineko azterketek eta lanek eragina izan dute gizakion garapenaren oinarrizko biologia ulertzeko moduan. Giza zelula pluripotenteen hazkuntzek bestelako metodoen bidez aztertu ezin den giza enbrioiaren garapena erakusten dute. Egun, zientzialariak gai dira giza garapen goiztiarraren etapak zehaztasun handiagoz definitzeko. Seinaleen transdukzioaren ikerketa eta etapa goiztiarretan gertatzen den giza enbrioiaren manipulazio genetikoa batera aztertzeak aukera ematen du garapeneko gaixotasun eta akats askori konponbidea bilatzeko. Gizakietan berariazko seinaleztapen-bide asko aurkitu dira enbrioi-zelula amen azterketaren bidez.  

ZSNT edo iPS zelulen bidez sortutako zelulek aplikazio-aukera zabala dute gaixotasunen etiologiaren ikerketan eta botikak aurkitzeko eredu-sistema gisa. Halaber, aldizka erabil daitezke terapia zelular gisa edo transplanteetarako organoen sorreran, esaten zaion lan-ildoan.  

Ama-zelulen bidezko terapia gaixotasun bat tratatzeko edo prebenitzeko ama-zelulak erabiltzean datza. Adibidez, hezur-muinaren transplantea oso erabilia da ama-zelulen terapian. Izan ere, une honetan ez dago bestelako erabilera klinikorik duen terapia zelularrik. Gaur egun, ikerketak egiten ari dira ama-zelulen terapiak gaixotasun kardiobaskularren, diabetesaren eta bizkarhezur-muinaren lesioen tratamenduan erabiltzeko.

Birsortze-medikuntza asko ikertu da azkenaldian, haren erabilerak direla eta. Tratamendu honek transplante autologoak ahalbidetuko lituzke eta, horrela, transplantatutako organoak errefusatzeko arriskua ezaba litezke. Adibidez, gaixotasun hepatikoa duen gaixoak gibel berria lortuko luke bere material genetikoa erabiliz kaltetutako ehuna ordezkatzeko transplantea eginez. Duela gutxi egindako ikerketen arabera, giza zelula ama pluripotenteak iturri garrantzitsuak izango dira giza neuronak sortzeko, eta horrek agerian utziko du birsortze-medikuntzak lesio zerebral eta neurologikoen arloan duen ahalmen birsortzailea.

Etika

Bioetikaren ikuspuntutik, klonazioaren etika klonazioaren aplikazioen inguruko ikuspuntu multzoa da, arreta batez ere giza klonazioan jartzen duena. Ikuspuntu horien artean, askok jatorri erlijiosoa daukate, baina badira ikuspegi laikotik eratutako iritziak ere.  

Klonazio terapeutikoaren aldekoen arabera ehun eta organoen sorrera beste modu batean transplante bat lortu ezingo duten pazienteei tratamendua eman ahal izateko aukera aparta da, farmako immunodepresoreen erabilera saihesten duena. Bestalde, ugalketa-klonazioaren aldekoek diote ondorengoak sortzeko gai ez diren gurasoek teknologia hau eskuragarri eduki beharko luketela.

Klonazio terapeutikoaren kontrako jarrera batez ere enbrioi-zelula amen egoeran oinarritzen da, abortuari buruzko eztabaidarekiko lotura baitu. Ugalketa-klonazioaren aurka dauden batzuek diote teknologia ez dagoela behar bezain garatuta segurua izateko. Beste zenbaitek azpimarratzen dute ugaltze-klonazioaren ondorioz abusuak gerta daitezkeela, horrek gizakiak beren organo eta ehunak lortzeko sortzea ekar bailezake; horrekin batera, klonatutako norbanakoak familietan eta gizartean integratzeko egon litezkeen arazoek ere kezka sortzen dute.  

Bada beste kezka bat ere, zerikusia duena klonazioa hildako pertsona bat berpizteko erabiltzeko aukerarekin. Pertsona hori fisikoki hildakoaren berdin-berdina izanda ere, beste pertsona bat izango litzateke, geroago jaiotako anaia bikia balitz bezala. Pertsona berri horrek bere kultura-egoeraren, esperientzien, familiaren, bizitzan dituen aukeren eta abarren eragina izango luke. Beraz, kasualitate hutsa litzateke Einstein bat, kirolari handi bat, artista bat edo horrelako pertsona bat sortzea, bere zeluletako bat klonatuz.

Bestalde, Erlijio katolikoak, Joan Paulo II.a Aita Santuaren bitartez, honako hau esan zuen: “Esperimentazio zientifiko bakar bat ere ezin da justifikatu, inolaz ere, baldin eta bizitzarekiko errespetuak zehaztutako muga gainditzen badu, Jainkoaren borondateak ezarri bezala”.

Erreferentziak

Kanpo estekak

Tags:

Giza Klonazio HistoriaGiza Klonazio MetodoakGiza Klonazio ErabilerakGiza Klonazio EtikaGiza Klonazio ErreferentziakGiza Klonazio Kanpo estekakGiza KlonazioBikiEhun (biologia)GizakiZelula

🔥 Trending searches on Wiki Euskara:

IkurrinErrementariBehin batean LoiolanLouis-Sébastien MercierAntzinako EgiptoBilboLa Polla RecordsArnaitz FernandezFrancoren diktaduraTigreArancha del SolArrasateGernika-LumoKoltanPello OtxandianoNerea LoiolaFutbolLeonardo da VinciEnergia nuklearNagore AranburuIzar-malkoakBertsolari Txapelketa NagusiaEz Dok AmairuMalda (geometria)ParisPorntip NakhirunkanokMeatzaritzaPedro Miguel EtxenikeInternazionalaBegoña GómezDiario VascoCandela PeñaRosalind FranklinTabarreGernuGasteizSarpenElastikotasun (fisika)Celeste CaeiroKoebaluazioEguzki-loreOihane PereaNormandiako LehorreratzeaGarapen Jasangarrirako HelburuakBizkaiko Foru AldundiaVatikanoko II. kontzilioaGernikako bonbardaketaGiza eboluzioaEnergia iturriZirkuluArgi-energiaThe Rolling StonesDorreEroskiEn Tol SarmientoGorosti1990eko Nafarroako Foru Erkidegoko SariaErrementari (filma)Ramona Zapatero ZapatelJon MirandeAfrikaHaurren Eskubideen AldarrikapenaLeitzaranFrantziako emakumezkoen errugbi selekzioaBeñat GerenabarrenaJaiotza-tasa🡆 More