Begia edo begi-globoa ikusmen-organoa da, animaliei ikusteko gaitasuna eskaintzen diena, hau da, inguruan duten ingurunearen ikusizko informazioa jaso eta prozesatzeko trebetasuna.
Begiek argia detektatzen dute eta nerbio optikoan zehar, neuronen bidez, burmuineraino bidaiatzen duten bulkada elektrokimiko bihurtzen dute. Gainera, ikusmenarekiko independenteak diren zenbait funtzio eramaten dituzte aurrera: garrantzitsuena ziklo zirkadianoaren erregulazioa da.
Begi | |
---|---|
Xehetasunak | |
Konponenteak | begiaren atzeko kamera Esklerotika Koroidea |
Artikulazioa | Nerbio optikoa eyestalk (en) |
Identifikadoreak | |
Latinez | oculus |
TA | A15.2.00.001 eta A01.1.00.007 |
Terminologia anatomikoa |
Begiak buruaren aurrealdean daude, aurpegiaren goiko erdialdean. Ingururekiko oso esposizio handia dutenez, nolabaiteko babesa behar dute haizearen eta partikulen aurrean. Begi mota asko daude. Sinpleenei pigmentu-orban deritze, eta mugimendua hautemateko funtzioa baino ez dute betetzen. Mugimendua hautematen dute, begi-orbanetan sartzen den argiaren angelu-aldaketak detektatuz.
Begi konplexuagoek sistema optiko oso bat garatu dute, inguruneko argia jasotzen duena eta kristalino izeneko diafragma baten bidez argi-intentsitatea erregulatzeko gai dena. Hori dela eta, sistema optikoa irudi bat osa dezake: lehenengoz, lente multzo doigarri baten bidez fokuratzen du, eta ondoren, irudia seinale elektriko bihurtzen du nerbio optikoaren bidez burmuinera transmititzeko.
Bereizmen handiko ahalmena duten begiak hamar formatan azaltzen dira, eta animalia-espezieen % 96k sistema optiko konplexua dute. Horien artean, moluskuak eta artropodoak daude, esate baterako.
Aurreko segmentua
Atzeko segmentua
Begien kanpokoak
Hamar begi-diseinu bereiz daitezke. Diseinu horiek guztiak begi sinpleetan eta begi konposatuetan sailka daitezke. Sinpleek, gainazal fotohartzaile ahurra dute eta, konposatuek, aldiz, gainazal ganbila. Begi konposatua, banatutako hainbat lentek osatzen dute. Kontuan izan behar da begi sinplea izateak ez dakarrela konplexutasun edo zorroztasun maila murriztea. Izan ere, izaki bizidunak gero eta ingurune gehiagoetan bizi dira eta, ondorioz, begien espezializazioa eta aniztasuna handituz joan dira.
Begi sinpleek begi konposatuek baino bereizmen hobea lortzen dute. Gainera, superposizio- eta aposizio-begiak desberdintzen dira begi konposatuen barruan; superposizio-begiek aposizio-begiek baino sentsibilitate handiagoa lor dezakete eta, beraz, hobeto egokitzen zaizkie bizileku ilunetan bizi diren izakiei. Begiak bi taldetan banatzen dira, fotohartzaileen zelula-osaera oinarritzat hartuta. Izan ere, zelula fotohartzaileak ziliodunak izan daitezke, ornodunen kasuan bezala edo, bestela, errabdomerikoak.
Zenbait organismok, begi garatuen ordez, zelula fotosentikorrak dituzte, ingurua argiatsua edo iluna den detektatu ahal izateko. Zelula horiek ezin dira begitzat jo, organo garatutzat hartzeko egitura egokia ez dutelako eta ezin dutelako irudirik sortu.
Begi sinpleak animalia askok dituzten egitura fotohartzaile txikiak dira, eta ikusmen-organo gisa funtzionatzen dute. Ozelo terminoa latinezko ocelus ("begitxoa") terminotk dator.
Intsektuetan bi ozelo mota daude: intsektu mota askoren forma helduetan aurkitzen diren bizkarraldeko begiak eta zenbait ordenatako larbetan bakarrik dauden albo-begiak. Bi motak oso desberdinak dira egituraren aldetik eta garatzen duten funtzioari dagokionez.
Beste animalia batzuek ere begi sinpleak badituzte, esate baterako, knidarioek (polipoak eta marmokak), baina haien egitura eta anatomia erabat desberdina da, intsektuen ozelo dortsalarekin alderatuta.
Begi konposatua zenbait artropodotan, hala nola, intsektuek eta krustazeoek duten organoa da. Begi mota horiek ez dute lente zentralik eta horrek bereizmen txikia izatea eragiten du. Hala ere, begi konposatuek mugimendu azkarrak antzemateko gai dira, ikus-eremu zabala dute eta ,zenbait kasutan, argiaren polarizazioa hauteman dezakete.
Begi konposatuak intsektuetan aurkitzen dira batez ere, eta mosaiko-irudi bat diruditen omatidio izeneko elementu sinple askoz osatuta daude. Omatidio bakoitzak lentilla eta rabdom bat osatzen du. Ikusmenaren zelula-hartzaileen taldeek, errabdomeroak, paraleloan edo apur bat biratuta jarritako taldeak osatzen dituzte.
Intsektu eta krustazeo helduen begi konposatua ez da garatzen larben erdiko begiaren leku berean. Omatidio berriak begien atzealdeko ilara erdizirkularretan gehitzen dira, begiaren garapenaren lehen urratsean. Horrek omatidioak karratu itxura edukitzea eragiten du baina, geroago, garapenean, hexagonal bihurtzen da.
Ikusmen-organoak ehun bigunez osatuta daudenez, arazo ugari sortzen dira haien eboluzioaren azterketa egiteko orduan. Izan ere, fosil-erregistroan ehun bigunen aztarnak gutxitan kontserbatzen dira. XX. mendean zehar pentsatzen zen filum desberdinetako begiak modu independentean garatu zirela. Hala ere, gaur egungo genetikari eta anatomia konparatuari esker lortutako ebidentzien arabera, badirudi animalien begien jatorria arbaso komun batekin lotuta dagoela.
Ornogabeek bi begi mota eduki ohi dituzte: ozelo deritzen begi sinpleak, eta begi konposatuak. Zefalopodoek, adibidez, ornodunen begien pareko ikusmen-organo garatuak dituzte.
Omatidioek argiarekiko sentikorrak diren zelulak dituzte, ornodunen kornearen eta kristalinoaren pareko funtzioa betetzen duten elementu optiko gardenen atzealdean kokaturik daudenak. Omatidio guztiek jasotako informazioa nerbio-sisteman bildu, eta irudi bakarra sortzen du. Gainera, lentea tamaina txikikoa dela eta, begi mota horrek bereizmen optiko murriztua du. Dena den, begi konposatuak oso sentikorrak dira argiztapen- eta mugimendu-aldaketen aurrean. Gainera, zenbait kasutan, koloreak eta argiaren polarizazioa antzemateko gai dira.
Zefalopodoen begia oso garatuta dago eta ornodunen begiaren analogoa da. Horrez gain, eboluzio konbergentearen eredu bikaina da. Espezie batzuetan begi horiek oso tamaina handia dute: adibidez, Architeuthis txibia batzuek 25 cm-ko diametroko begiak dituzte.
Animalia horien begia korneaz, kristalinoaz, irisaz eta erretinaz osatuta dago. Kristalinoak fokuratzea errazten du, atzera-aurrera mugimendu bati esker. Izan ere, mekanismo hori arrainen begiaren parekoa da. Gainera, erretinak, ugaztunenak ez bezala, ez du puntu itsurik. Bestalde, zefalopodoetan organo hori tinkoa da eta, beraz, ez du mugimendua sor dezakeen begiko muskulu estrintsekorik.
Organo fotohartzaileei erreparatuta, dibertsitate handiena azaltzen duten animaliak artropodoak dira, adibidez, krustazeo-espezieen artean, begi sinple eta konposatu mota asko daude. Araknidoetan, berriz, gutxi garatutako ikusmen-organoak ez ezik, begi sinple konplexuagoak ere daude. Intsektuetan, begi konposatuak ohikoenak dira, baina talde batzuek ozeloak ere dituzte. Azkenik, miriapodoen begiak kasu guztietan sinpleak dire.
Artropodoen taldean begiak antzinako ezaugarritzat hartzen diren arren, kide batzuek ez dute begirik, agian beraien arbasoek eboluzioan zehar galdu zituztelako. Diplopoda (milazangoak) subfilumaren kideen artean bigarren mailako albo-begiak ager daitezke. Begi horiek buruaren barrualdean kokatuta daude. Hori dela eta, ez dute kontakturik azaleko kutikularekin. Bigarren mailako begiak beste artropodo-taldeetan azaltzen dira, eta haien funtzioa ezezaguna da.
Armiarmek 8 begi sinple izan ohi dituzte, eta horietako bakoitzak badauzka kristalinoa eta erretina. Armiarmek ikusmen urria daukate, itxurak antzemateko gai ez baitira. Beraz, mugimendua soilik nabari dezakete. Salticidae (armiarma jauzilari) familiako armiarmak salbuespen dira: badauzkate lau begi frontalki kokaturik eta, haien artean, erdialdekoak handiagoak dira.
Armiarma jauzilarien begiak, araknido guztienen moduan, sinpleak dira, baina oso espezializatuak. Begi bakoitza sei muskuluz osatutako sistema baten bidez fokuratzeko eta mugitzeko gai da. Hortaz, gizakien begien modura, mugimendu bertikalak, birakariak eta albokoak egiteko gai dira. Bekokiko begiek ikusmen estereoskopikoa ahalbidetzen dute eta, aldamenekoekin batera, 360 graduko ikuseremua lortzen dutel Ezaugarri horri esker, animalia horiek beren ingurune osoa kontrola dezakete. Ikusmen mota hori apartekoa da armiarmen artean, baita beste artropodoen artean ere.
Begiaren egitura eta funtzionamendua oso antzekoa da ornodun gehienetan. Begi-globoa, funtsean, humore urtsua izeneko likido gardenez betetako esfera bat da, % 99an urez osatuta dagoena. Paretak hiru geruza ditu: barnekoa edo betsarea, erdikoa edo koroidea, eta kanpokoa, esklerotika deritzona.
Begiak kristalino izeneko lente bat du, distantziaren arabera doigarria dena; erretina, argiarekiko sentikorra den ehuna, eta diafragma bat, begi-ninia esaten zaiona. Begi-niniraren diametroa irisak erregulatzen du. Arrainak, anfibioak eta sugeak izan ezik, ornodunek fokuratzea lortzen dute kristalinoaren gihar ziliarrean gertatzen diren forma-aldaketei esker. Argia begi-ninitik sartzen da, kristalinoa zeharkatzen du eta erretinaren gainean proiektatzen da: hor, argi-hartzaileak izeneko zelula batzuei esker, nerbio optikoan zehar burmuinera eramaten diren nerbio-bulkada bihurtzen den.
Arrainen begiek ezaugarri berezi batzuk dituzte: ez dute betazalik, kristalinoa esferikoa da, ganbilbikoa izan beharrean eta korneatik oso gertu dago. Gainera, fokuratzea kristalinoa aurrera edo atzera mugitzen duten muskulu erretraktore batzuei esker gertatzen da, objektuaren distantziaren arabera.
Anfibioen zentzumen nagusia ikusmena da. Haien begiek hiru betazal dituzte: goikoa; behekoa, mugikorra dena; eta mintz ñirñirkari gardena, animalia urpean dagoenean begi-globoa estaltzen duena. Malko-guruinak ere badituzte, uretatik kanpo daudenean kornea heze mantentzeko beharrezkoak direnak. Akomodazioa arrainen mekanismo bera erabiliz egiten dute, kristalinoa aurrera edo atzera mugituz.
Narrastiek, anfibioek bezala, goiko eta beheko betazalak eta mintz ñirñirkaria dituzte. Sugeetan, betazalak elkartzen dira, begia estaltzen duen lentilla garden bat sortzeko.
Hegaztien begian artean hainbat egokitzapen mota daude, adibidez, ugaztunen aldean, organoaren tamaina proportzionalki handiagoa da gorputzarekiko, eta akomodazioa kornearen eta kristalinoaren kurbadura aldatzea ahalbidetzen duen mekanismo bikoitz baten bidez gertatzen da.
Erretina oso aberatsa da zelula argi-hartzaileetan, eta horrek ikusmena bikaina dela pentsarazten du. Espezie batzuetan, bi fobea daude, bata zentrala eta bestea periferikoagoa, belatzetan, arranoetan eta sorbeltzetan gertatzen den bezala.
Hegaztien begietan pekten izeneko egitura bereizgarri bat ageri da, ugaztunetan existitzen ez dena; orrazi itxurako odol-hodien sare zabal bat duen ehuna da, begiaren horma osatzen duten geruzetako bat, koroidea oinarri hartuta, humore beirakarean sartzen dena.
Hegazti gehienak tetrakromatikoak dira: argi ultramorearekiko, gorriarekiko, berdearekiko eta urdinarekiko sentikorrak diren konoak dituzte.
Ikusmena zentzu garrantzitsua da ugaztun gehienetan. Begiaren egitura beste ornodun batzuetan deskribatutakoaren antzekoa da. Akomodazioa kristalinoaren formaren aldaketengatik bakarrik gertatzen da.
Kolorearen ikusmena narrastietan eta hegaztietan baino gutxiago garatu da. Makilak, argitasun gutxiko baldintzetan ikusmena ahalbidetzen duten zelulak direnak, nagusi dira talde honetako animalia gehienen erretinan, lehen ugaztunak gautarrak izan zirela dioen hipotesia babesten duena. Primateek, katagorriek eta beste espezie batzuek koloreen pertzepzioa taldeko gainerakoek baino hobeto garatuta dute.
Gizakien begiek gaixotasun ugari paira ditzakete; hortaz, funtsezkoa da gaixotasun horien sintomak ezagutzea. Hona hemen begien gaixotasun ohikoenen zerrenda:
Begien gaixotasunez arduratzen den espezialitate medikoa oftalmologia da.
This article uses material from the Wikipedia Euskara article Begi, which is released under the Creative Commons Attribution-ShareAlike 3.0 license ("CC BY-SA 3.0"); additional terms may apply (view authors). Eduki guztia CC BY-SA 4.0(r)en babespean dago, ez bada kontrakoa esaten. Images, videos and audio are available under their respective licenses.
®Wikipedia is a registered trademark of the Wiki Foundation, Inc. Wiki Euskara (DUHOCTRUNGQUOC.VN) is an independent company and has no affiliation with Wiki Foundation.