Animalia

Animaliak izaki zelulaniztun eukariotoak dira.

Animalia ia guztiek materia organikoa kontsumitzen dute (heterotrofoak dira), oxigenoa arnasten dute, mugi daitezke, sexualki ugaltzen dira, eta blastula izeneko zelula esfera batetik hazten dira euren enbrioi fasean. 1,5 milioi animalia espezie bizidun ezagutzen dira, horietatik milioi bat intsektuak, baina uste da 7 milioi espezie inguru existitzen direla. Animaliarik txikienek 8,5 mikroi neurtzen ditu eta handienak 33 metrotik gora. Animalia guztiek euren ekosistemarekin interakzio konplexuak dituzte, sare trofiko korapilotsuak sortuz. Animalien ikerketari zoologia deritzo.

Animalia
Cryogeniar-gaur egun

Animalia
Animalia mota ezberdinak.
Animalia Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
SuperdomeinuaBiota
GoierreinuaEukaryota
Erreinua Animalia

Animalia espezie gehienak Bilateria taldekoak dira, gorputz-simetria bilaterala duten animalia klado bat. Bilateriaren barruan protostomak daude —hor ornogabe ugari dira, adibidez, nematodoak, artropodoak eta moluskuak— eta deuterostomioak, ekinodermatuak edo kordatuak —ornodunak barne— aurki daitezkeen. Animaliatzat hartzen diren lehen formak Ediacarako biotakoak dira, Kanbriaurrearen amaieran. Kanbriarreko leherketan aurki daitezke gaur egungo filumekin erraz identifika daitezkeen animalia itsastar gehienak, orain dela 542 milioi urte inguru. Animalia guztiek partekatzen dituzten 6.331 gene-talde identifikatu dira; baliteke hauek orain dela 650 milioi urte bizi izan zen arbaso komun batetik heredatu izana.

Aristotelesek izaki bizidun guztiak animalia eta landaretan bereizi zituen, eta animaliak odola dutenen eta ez dutenen artean. Carolus Linnaeusekek bere sailkapen biologiko hierarkikoa sortu zuen 1758an, Systema Naturae lanean, eta Jean-Baptiste Lamarckek 1809an lan hori hedatu zuen, 14 filum sortuz. 1874an Ernst Haeckelek animalien erreinua Metazoa eta Protozoa artean banatu zuen; gaur egun lehenengoak animalien sinonimotzat hartzen dira eta bigarrenak ez dira animaliatzat hartzen. Garai modernoetan animalien sailkapena egiteko teknika garatuak erabiltzen dira, filogenia molekularra bezala, animalien arteko erlazio ebolutiboa demostratzeko oso baliagarria dena.

Gizakiak ere animaliak dira, eta beste animalia batzuk erabiltzen dituzte janaria eskuratzeko, tartean haragia, esnea edo arrautzak; materialak lortzeko, adibidez larrua eta artilea; konpainia-animalia gisa edo animalia langile gisa, trakzioa edo garraioa izateko. Txakurrak ehizan erabili izan dira, eta lurreko zein itsasoko animalia asko kirol gisa ehizatzen dira. Gizakiak ez diren animaliak ohikoak dira artean, mitologian eta erlijioan.

Animalien konplexutasun-mailak eta antolakuntza-planak

Animalia 
Animalien ezaugarria da enbrioia garatzen ari denean blastula izeneko barrunbea sortzea.

Animalia guztiek dituzte ezaugarri batzuk beste izaki bizidunengandik bereizten dituztenak. Animaliak eukariotoak eta zelulaniztunak dira, bakterioak ez bezala, prokariotoak direla, eta protistoak ez bezala, eukariotoak direnak baina zelulabakarrak. Landare eta algek ez bezala, animaliak heterotrofoak dira, beste izaki bizidun batzuek sortutako materia organikoaz elikatzen dira eta barne digestioa egiten dute. Animalia gutxi batzuk kenduta, oxigenoa arnasten dute eta aerobikoak dira. Animalia guztiek dute mugitzeko gaitasuna gutxienez euren bizi-zikloaren uneren batean, baina animalia batzuek, belakiek, koralek edo lapek bezala mugitzeko gaitasuna galtzen dute helduak direnean. Animalien enbrioietan blastula fase bat dago animalia gehienetan, organoak eta ehunak sortzen dituena.

Animalien gorputzek aniztasun nabaria aurkezten dute, bai tamainari begira zein antolakuntza arkitektonikoari dagokiola. Eurotariko batzuk mikroskopikoak diren bitartean, errotiferoak kasu, beste zenbaitzuk metro askotako luzerara irits daitezke, esate baterako, Architeuthis txipiroia 13 m luze eta 30 tona pisukoa izan ahal da. Baina, itzelezko aniztasun hori funtsezko antolakuntza-plan gutxitara laburbil daiteke, zeintzuek, oso plastikoak izanik, baldintza ekologiko desberdinetara doitzeko zinbeltasuna eduki baitute, eta espezieen eboluzio luzean zehar hainbat bizimodutara moldatu baitira. Ondokoak dira antolakuntza-planak sinpleenetik konplexuetaraino aipatuta: zelula-elkartea, “zaku” eredua eta “hodi” eredua. Hala ere, animalien sailkapenak ez du zertan bat egin behar antolaketa hauekin.

Zelula-elkartearen antolakuntza-plana

Animalia 
Belakien anatomia eta motak: gorriz koanizitoak, horiz pinakozitoak. A: askanoideak; B: sikonoideak; C: leukonoideak. 1: Espongozelea; 2: ostioloa; 3: kanal erradiala; 4: ganbera flageloduna; 5: poro inkurrentea; 6: kanal inkurrentea.

Protozooen artean ugari samarra da; metazooetan, ostera, mesozoo, plakozoo eta belakiek dute zelula-elkartearen maila. Animalia horiek ez dute simetria bilateralik. Ziurrena da haien guztien artean belakiak izatea lehenengo eboluzionatu zuten animaliak: filumik zaharrena izan liteke. Ehunak espezializatzeke daude, baina zelulak espezializatuak dira. Animaliarik sinpleenak dira, hortaz. Mesozooen kasuan (ortonektidoak eta erronbozooak), gutxi gorabehera 25 zelulaz osaturiko gorputza geruza bitan banatua da, kanpokoa somatikoa da, eta barnekoa ugaltzailea. Plakozooak ere zelula-geruza biz osaturiko animaliak dira. Belakien gorputza primarioki epitelio biz osatua da, bata barnekoa eta bestea kanpokoa (espongiozele izeneko barrunbe zentrala inguratzen dute); epitelio bi horiek geruza gelatinatsu batez bananduta egoten dira. Barne-epitelioa koanozitoz eratua izaten da. Belaki primitiboek kopa-itxura daukate, eta alboetako ostioloetatik ura sartu eta goialdeko oskulutik ateratzen da; elikatzeko, ur-korronteek garraiaturiko janari-kiziak iragazten dituzte. Belakiek simetria erradiala aurkezten dute, nahiz eta gehienak asimetrikoak izan, masa irregular eta adarkatu gisara hazita. Plakozooek ez dituzte ehunak sortzen.

Zaku ereduko antolakuntza-plana

Animalien beste antolaketa eredu bat zaku itxurakoa da. Horrelakoetan, digestio-barrunbea irekiune bakar batez komunikatzen da kanpo-ingurunearekin: irekiune hori, aldi berean, aho eta uzki modura aritzen da. Eredu horren barnean, alabaina, maila bitako animaliak dira.

Animalia 
Itsas anemona baten egitura: 1. Garroak. 2. Ahoa. 3. Muskuluak. 4. Gonadak. 5. Filamentu akontialak. 6. Disko pedala. 7. Ostiuma. 8. Zelenterona. 9. Esfinter muskulua. 10. Mesenterioa. 11. Zutabea. 12. Faringea.

Zaku erradial diploblastikoa dute knidario eta ktenoforoek. Oso antolakuntza-maila xumeko animaliak dira, baina simetria erradiala dute. Kanpo-epitelioaz eta zeregin elikatzailea duen barne-epitelioaz osatuak dira, zelenteron izeneko barrunbearen inguruan. Epitelio bi horien artean, mesoglea mehea egoten da. Animaliotako ahoak polo orala definitzen du; bertatik, janaria igarotzen da zelenteronerantz, zeinaren oinarriak polo aborala adieraziko baitu. Ahoa da gorputzeko irekiune bakarra: zaku itsua da animalia, beraz. Ahoa eta uzkia leku berean daude. Nolanahi ere, knidarioen kasuan zakuaren paraera espaziala modu bitakoa izan daiteke: polipoen kasuan irekiunea gorantz begira dago, eta marmoketan, ostera, beherantz. Ktenoforoetan ere, marmoketan bezala paratzen da, hots, beherantz. Animalia horiek ehun ezberdinak badituzte, baina ez dute organorik garatzen. Plakozoo nanoek ere izaera bera dute, baina ez dute liseritzeko ganberarik permanenterik eratzen.

Zaku bilateral triploblastikoa platihelminteek aurkezten dute. Simetria bilaterala zaku itsuarekin konbinaturik dago animalia horietan. Hestea zaku bakuna izateaz gainera, espezie askotan guztiz adarkatua da. Ahoa gorputzeko alde bentralean dago; halere, phylum horretako kiderik eboluzionatuenak, hots, zestodoak (teniak eta), bizkarroi bihurtu dira, eta ahoa eta digestio-traktua guztiz ezabatuta daude, janaria gorputz-paretatik zuzenki xurgatua baita. Bestetik, azelomatuak izan arren, dagoeneko triploblastikoak dira, eta beraz, mesodermoaren garapen-gaitasun guztiez gainera, homeostasia irmotuz doa hortik aurrera, barne-medioa era baitaiteke.

Hodi ereduko antolakuntza-plana

Animalia 
Malacobdella azelomatu baten sistema baskularra (alde dortsala eta bentrala). Argi ikus daiteke hodiak ahoa eta uzkia duela.

Modu honetara eraikitako animalietan, ahoaz gain, digestio-traktuak bigarren irekiunea edukitzen du, uzkia, zeinak, tipikoki atzealde terminalean kokatua izanik, zaku itsua hodi jarrai bilakatu baitu, berau gorputz-paretak inguratzen duelarik. Hodi erako antolakuntzak zenbait abantaila ebolutibo ditu.

Batetik, gorputza luzatzea ahalbidetu du, zeren, ingestioa eta egestioa irekiune bi desberdinetatik burutzen baitira, hau da, janariek norabide bakarra segitzen dute, eta beraz, platihelminteetan ez bezala, ahotik irteteko hondakinen itzulerarik ez dagoenez, gorputza nahi beste luza daiteke; gainera, ingestioa eta egestioa aldiberekoak izan daitezkeenez, efizientzia trofikoa emendatuko da. Bestetik, sarrera- eta irteera-irekiuneak aldenduta egoteak, harrapaketa, mamurketa eta irenspenerako mekanismo berezien agerpena ahalbidetu du. Modu berean, digestio-hodian zehar ere espezializazio-guneak garatu izan dira janarien metaketa, digestio kimiko eta xurgapenerako, eta bai gorotzen eraketa eta defekaziorako.

Hiru eratako hodiak daude: azelomatuak, pseudozelomatuak eta zelomatuak.

Hodi azelomatuak

Nemertinoak dira mota honetako animaliak. Zizare hauetan, digestio-hodia mesodermozko geruza trinkoan ezarrita dago, eta higidura peristaltikoak ezinezkoak dira; ondorioz, nemertinoek zilioen beharra edukitzen dute janariak garraiatzeko hestean barrena. Hau da, arestian aipaturiko abantailak ebolutiboki asmatu berriak dira, eta oraindik optimizatu gabe daude nemertinoen artean.

Hodi pseudozelomatuak

Sakontzeko, irakurri: «Askelminto» eta «Ecdysozoa»

Antolakuntza-plan honen arabera eraikita dauden animalietan, barrunbe peribiszerala enbrioiaren blastozele pertsistentetzat jo daiteke, alegia, gorputz-barrunbe primarioa da, animalia helduraino kontserbatua. Pseudozeloma hori nahiko mesedegarria izango da zenbait zereginetarako. Pseudozelomatuek mesodermoak okupaturiko zati handi bat espazio irekitan transformatu dute, non likidoak errazki mugitu ahal baitira; jakina, pseudozelomak barne-garraioa erraztuko du, berori oso garrantzitsua izanik, zirkulazio- ez arnas aparaturik ez duten animalientzako. Bestalde, pseudozelomak barne-presioa mantenduko du, edo beste modu batera esanda, eskeleto hidrostatiko gisara arituko da. Maila honetakoak dira errotiferoak, gastrotrikoak, kinorrinkoak, nematodoak, nematomorfoak, priapulidoak, akantozefaloak, entoproktoak, loriziferoak eta ziklioforoak. Uste denez, hodi pseudozelomatudun animaliak zelomatudunetatik eboluzionatu zuten, eta ez alderantziz. Animalia pseudozelomatuak ez dira talde monofiletiko bat, eta ez da sailkapen baliagarria deskribapenak egiteko ez bada.

Animalia hauetako batzuei Ecdysozoa izena ere ematen zaio beste sailkapen batzuetan, baina sailkapen horretan artropodoak ere sartzen dira, zelomatuak direnak. Muda eginez hazten diren animaliak dira. Ekdisozoek gorputza segmentazio bidez eratzen dituzte, normalki apendize bikoteekin.

Hodi zelomatuak

Sakontzeko, irakurri: «Protostomia» eta «Deuterostomio»
Animalia 
Anelido baten egitura eskematikoa.

Hauetan gorputz-barrunbe sekundarioa eratu da, zeloma alegia. Berau, espazio peribiszeral likidoz betea da, eta mesodermoz inguratua. Zelomaren agerpena oso munta handikoa izan da eboluzioan, hamaika mugapen ekologikorekiko askatu baitzituen animaliak, eta, hala berean, era aniztasuna baimendu zuen, egungo goi-animalia guztiak zelomatuak direlarik. Zelomarekin batera posibilitate berriak garatu dira. Batetik, gorputz-pareta eta digestio-hodia gaineztatzen dituen mesodermoaren existentziak independentzia funtzionala dakar, berau gorputz-arkitektura konplexuago eta egonkorrago batean islatu delarik. Adibidez, animalia zelomatuetako digestio-hodiak, garatu duen muskulaturari esker, janarien garraioa kontrola dezake; honela, bultzadaren lana animaliotan ez da gorputz osoko higiduren ardurapean egongo. Oro bat, digestio-hodiko espezializazio-guneen garapenak ez du gorputzaren luzapen neurrigabekoa ondorioztatuko, zeren, zelomari muskuluen bitartez eutsita egonik, digestio-hodia bera luzatuko eta kiribilduko baita, gorputzeko enparauaren luzera emendatu barik. Bestalde, eskeleto hidrostatikoaren zeregina beteko du, proboszide ebaginagarri eta antzeko mekanismoen agerpena baimenduz.

Dena dela, animalia zelomatuak talde bitan sailkatu ohi dira, alegia animalia protostomioak eta animalia deuterostomioak, aintzat hartuz duten zeloma eskizozeliaz ala enterozeliaz eratua den, besteak beste. Protostomioen taldekoak dira sipunkulidoak, ekiuridoak, anelidoak, onikoforoak, artropodoak eta moluskuak. Bestalde, deuterostomiotzat jotzen dira kordatuak, hemikordatuak, ekinodermatuak, ketognatuak eta lofoforatuak.

Beste sailkapen batzuetan, protostomo talde asko Spiralia izeneko taldean sartzen dira, enbrioian duten espiral itxurako sargunea dela eta. Spiraliaren filogenia eztabaidatua da, baina argi dago bertan Lophotrochozoa superfiluma dagoela. Lophotrochozoaren barruan sartu ohi dira molusku, anelido, brakiopodo, nemerteo, briozoo eta entoproktoak.

Bestalde, antolakuntza-plana edozein izanik ere, gorputz-arkitekturak beti edukitzen du simetria erradiala ala bilaterala. Simetria erradialean, osoa baldin bada, organismoa zati berdin bitan bana daiteke edozein diametrorekiko bertikala den plano batez ebaketa eginez. Simetria bilateralean, ostera, ebaketa soilik plano batekiko egin daiteke. Simetria bilaterala aurkezten duten animalien gehiengoak aurre- eta atze-polo ondo definituak edukitzen ditu.

Zer esanik ez, animalia baten simetriaren eta bizimoduaren arteko zerikusiak oso estuak izaten dira. Oso higidura geldoak dituen animalia flotatzaile batentzat, edo bizitza osoa edo gehiena itsasoko substratuan finkaturik igaroko duen batentzat, simetria erradiala abantailos izango da, modu horretara kinaden errezepzioa eta babesa alde guztietatik berdin antzean burutuko baita. Simetria bilaterala normalki, baina ez soilki, bizimodu aktiboarekin erlazionaturik agertzen da, eta batetik bestera libreki mugitzeko ohiturarekin.

Simetria bilaterala duten animaliek aurre-atze ardatzaren luzerarekiko antolatzen dute beren forma/funtzioa. Horrelakoetan bizimodua higikorra da, eta, gainera, higidura norabide preferente batean zehar egiten denez, heteropolaritatea areagotzen da: ingurunea lehenengoz arakatu beharko duen aurre-poloaren aldean kokatuko dira organo kinada-hartzaile eta harrapakaritzarako mekanismo gehienak, gainerakoak atzerago paratuko direlarik. Jakina, ahoa aurrean kokatua izateak baditu abantaila asko: sarritan bera izaten da organo kolektore nagusia besterik gabe; bestalde, ahoa horrela paratuta edukirik, animaliek ez dute topo egiten norberaren gorotzekin.

Bestetik, nabaria da, jarduera biologikoa zenbat eta bizkorragoa denean, aurre-aldean garaturiko organo hartzaileen pilaketa handiagoa izaten dela: bai organo kinada-hartzaileena (kimio-, mekano-, termohartzaileak...) zein organo harrapatzaileena (garroak, tronpak, barailak...). Horren ondorioz, aurre-poloa nabarmendu eta garbaldu egingo da, eta burua itxuratu: garapen maximoa ornodun eta artropodoetan erakutsiko du. Noski, prozesu hori graduala da talderik talde, eta zefalizazio izenaz bataiatu da. Eboluzionatuenetan burua eta gorputza elkarrengandik aldendurik egoten dira, eta sama giltzadura-gune bat bailitzen ulertu behar da: sama, nolabait, higidura-ekonomiaren ondorioa izan da, zeren eta, kinada bat lokalizatzeko burua mugitzeaz nahikoa baita, eta ez gorputz osoa. Gorputz-antolaketa honek mugimendu peristaltikoak babestek ditu, eskeleto hidrostatikoaren laguntzarekin.

Animalia zelomatu batzuk segmentaturik daude, eta, izatez, beraien gorputza segmentu seriatuen multzo bat da. Fenomeno horri metameria deritzo; modu berean, errepikapen seriatu horretako unitate bakoitzari, metamero. Antolakuntza segmentatuko eredu paradigmatikoa anelidoena da. Metamero guztiak gutxi gorabehera berdinak diren kasuan metameria homonomoaz mintzatzen da. Beste animalia batzuetan, modifikazioak egon daitezke errepikapen seriatuan: metameroak, forma edo funtzioaren arabera taldekatzen direnean, heteronomoa izango da metameria. Kasu honetan, espezializaturiko metamero-serie bakoitzak tagma izena hartuko du, eta gorputz osoa zenbait tagmaz osatua da; fenomeno orokorrari tagmatizazio deritzo, artropodoetan zeharo nabaria izanik. Segmentazio metamerikoa, antza, trifiletikoa da, jatorri desberdinekoak baitira anelidoen metameria, kordatuena eta platihelminte zestodoena.

Animaliak sailkatzeko irizpideak

Animalia-erreinuaren sailkapena hiru ezaugarri hauetan oinarritzen da:

  • Antolakuntza-maila.
  • Gorputz-simetria mota (aldebikoa eta erradiala).
  • Enbrioi-garapenaren ezaugarriak.

Ezaugarri horien arabera, Margulisek eta Schwartzek 32 filumetan sailkatu dute animalia-erreinua; era berean, filum horiek honako bi azpierreinu hauetan bil daitezke: parazooak eta eumetazooak.

Parazooak

Parazooek zelula-espezializazio pixka bat duten arren, ez dute ehunik sortzen. Era berean, ez dute simetriarik eta enbrioi-garapen atipikoa dute, eta gainerako animalietan ikusten diren zelula-geruzak falta zaizkie.

Bi filum hauek biltzen ditu: plakozooak (hala nola Trichoplax adherens) eta poriferoak (belakiak).

Eumetazooak

Eumetazooek ehunak, organoak eta sistemak dituzte. Azpierreinu horren barruan, gainerako animalia-filum guztiak biltzen dira. Eumetazooak sailkatzeko, hiru irizpide hauek erabiltzen dira: gorputz-simetria, enbrioi-geruza kopurua (gorputz-egitura enbrioitik abiatuta garatzen da), eta barne-barrunbea izatea edo ez izatea

Gorputz-simetria

Eumetazooak bi talde hauetan salkatzen dira:

  • Simetria erradiala dutenak, hala nola knidarioak (polipoak eta marmokak). Animalia batzuek simetria erradiala garatu dute modu sekundarioan aldebiko larbak garatu ondoren; adibidez: ekinodermoak (itsas izarrak, trikuak eta luzokerrak).
  • Aldebiko simetria dutenak, gainerako animalia-filumak.

Enbrioi-geruzak

Enbrioiaren garapenaren fase batean, zelulek bi edo hiru geruza era ditzakete. Irizpide horren arabera, eumetazooak honela sailkatzen dira:

  • Diploblastikoak. Bi geruzatatik abiatuta garatzen dute gorputz-egitura.
  • Triploblastikoak. Hiru geruzatatik abiatuta garatzen dute gorputz-egitura.

Barne-barrunbea izatea edo ez izatea

Irizpide horren arabera, hiru mota hauek bereizten dira:

  • Azelomatuak. Ez dute gorputz-barrunberik.
  • Pseudozelomatuak. Erraietarako barrunbe bat garatzen dute, eta pseudozelomatu esaten zaio.
  • Zelomatuak. Likidoz beteriko barrunbe bat dute: zeloma izena du, eta gorputzaren barrunbe orokorra sortzen du. Animaliaren organo gehienak hor kokatzen dira.

Birsorkuntza eta garapena

Animalia 
Bi sorgin-orratz ugalketa sexuala egiten. Ia animalia guztiek egiten dute ugalketa sexuala.

Ia-ia animalia guztiek birsorkuntza sexual mota bat edo beste dute. Birsorkuntza sexualeko kasu gehienetan zelula sexual espezializatuak dituzte, eta hauek meiosiaren bitartez txikiagoak diren espermatozoideak eta mugitu ezin daitekeen obulua sortzen dute. Bi zelula sexualak elkartuta zigotoak sortzen dira, indibiduo berria eratuz. Zigotoa hasieran esfera batean bilakatzen dira, gero blastula batean, honek berrantolaketa eta bereizketa ematen duelarik. Belakietan blastula honek igeri egiten du leku berri bateraino, han finkatuz. Talde gehienetan, ordea, blastulak berrantolaketa ezberdin bat garatzen du. Lehenengo, inbaginazio bat edukitzen du eta gastrula sortzen da. Hor izango da, gehienetan, digestio ganbera. Horrela, bi azal mota sortzen dira: ektodermoa, endodermoa eta gehienetan mesodermoa. Geruza horietatik ehunak eta organoak sortzen dira.

Ahaide batekin begin eta berriro ugalketa sexuala izateak ernalketa depresioa eragiten du populazioetan, ezaugarri errezesibo kaltegarrien prebalentzia handitzearen ondorioz. Animaliek ahaideekin kopulazioa ekiditeko estrategia ugari garatu dituzte. Espezie batzuetan, adibidez Malurus sprendens, emeek ar bat baino gehiagorekin dituzte harremanak, kume gehiago sortuz aldakuntza genetiko gehiagorekin.

Heldu gehienak diploideak dira, nahiz eta poliploideak eta aploideak diren hainbat izaki ere badauden. Izaki bakun batzuetan emeek eta arrek ez dute kromosoma kopuru bera eta beraz ernalkuntza sexuala emeen klonazioz ematen da. Hainbat animalia gai dira birsorkuntza asexuala izateko. Erabiltzen diren metodoak partenogenesisa eta fragmentazioz.

Ekologia

Sakontzeko, irakurri: «Ekosistema»
Oro har, animalien migrazioak sexuak eta janariak eragiten dituzte.

Animalia guztiak arazo berberak konpondu beharrean aurkitzen dira bizitzan zehar, alegia, janari eta oxigenoaren lorpena, oreka hidrikoaren mantenua, hondakin metabolikoen iraizpena eta espeziearen iraun eraztea, ugalketa alegia. Lau problema ezin atzeratuzko horiek ebazteko, gorputz-egiturak erlazio zuzena edukiko du ondoko faktoreokin: animalia bizi den ingurunea, tamaina eta bizimodua.

Ingurunea

Hiru ingurune nagusietatik, hots, ur gazia, ur geza eta lurra, itsasoa da, oro har, egonkorrena. Mareen ekintza ondulatorioak, eta ozeanoetako korronte horizontal eta bertikalek uraren nahasketa etengabea sortarazten dute, eta hortaz, disolbaturiko gatzen eta gasen kontzentrazioak gutxi fluktuatzen du. Bestetik, itsasoaren indar hidrostatikoak euskarritzearen arazoa leundu egitendu nabariki, eta beraz, ez da harritzekoa ornogaberik handienak beti itsasokoak izan badira. Bestetik, itsasoko ura ehunetako likidoekiko isotonikoa denez, ez da zaila elektrolitoen oreka gobernatzea. Ugalketa ere, erlatiboki erraza izaten da itsasoan, askaturiko gametoak uretan bertan ernaldu eta garatu ahal baitira.

Ur geza, itsasoa baino askoz ere ez-egonkorragoa da, fluktuazioak urtaroarekin etor daitezkeelarik (sikateak kasu) edo gau eta egunaren txandaketagatik. Presio hidrostatikoak flotagarritasuna errazten du itsasoan bezala, baina, aitzitik, gatz-kontzentrazio urria edukita, eragozpenak agertzen dira gorputzeko oreka hidrikoa mantentzeko. Gorputzeko gatz-kontzentrazioa kanpo-ingurunekoa baino handiagoa denez, barneranzko ur-difusioaren joera egongo da, eta animaliak ur-aborokina egotzi beharko du, ponpaketa-mekanismoren baten bitartez. Bestalde, ur gezatako animalien arrautzak eta, hondoan finkatzen dira, bestela ur-korronteek itsasoratu egingo bailituzkete.

Animalia 
Azala tegumentuaren organoetako bat da.

Animalia urtarretako hondakin nitrogenatuen iraizketa ez da iskanbilatsua izaten: amoniako gisara kanporatzen dituzte; amoniakoa oso toxikoa bada ere, uretan ondo disolbatzen denez, ez du normalki arazo berezirik sortzen.

Animalia lurtarrak ingurune nekosoago batean bizi dira: ez dute urak eragindako euskarria tente ibiltzeko; areago oraindik, problemarik latzena ur-galera izango da. Arazo horren ebazpena tegumentua izan da, animalia ingurunearekiko isolatu duena, zer esanik ez, lurraren konkistarako bidea erraztu zuelarik. Gorputz barnean arnas egiturak garatu dira; hondakin nitrogenatuak urea edo azido uriko gisara kanporatzen dira ur-kantitate urriagoak erabiliz. Barne-ernalketa derrigorrezko bihurtu da; arrautzek oskol babesleak behar dituzte. Lurrera ondo moldatu ez diren animaliak gautar egin dira edo toki hezeetan bizi ahal dira soil-soilik.

Animaliak, originalki, itsasoan eboluzionatu zuten. Hainbat artropodo taldek lur lehorra kolonizatu zuten landareek egin zuten une antzekoak, orain dela 510-471 urte artean, Kanbriarraren amaieran edo Ordoviziarraren hasieran. Tiktaalik bezalako lehen ornodunak Devoniarrean hasi ziren lehorreratzen, orain dela 375 milioi urte inguru. Animaliek, geroztik, Lurreko habitat eta mikrohabitat ia guztiak kolonizatu dituzte, hodi hidrotermalak, basoak, belardiak, basamortuak eta airea barne, baina baita ere beste animalia batzuen, landareen, onddoen eta arroken barnealdea. Animaliek, hala ere, ez dute beroa ondo hartzen; oso gutxik biziraun dezakete 50 °Ctik gora. Oso animalia gutxi, tartean nematodo batzuk, bizi dira Antartika barnealdeko basamortu hotzetan.

Tamaina

Animalia 
Balea urdina inoiz bizi izan den animaliarik handiena da.

Animaliaren tamainari heltzen diogularik, esan dezagun, ezen, gorputzeko tamaina handitzen den heinean, azalera/bolumen erlazioa txikitu egiten dela, zeren, bolumena gorputzeko luzeraren kuboarekiko emendatzen baita, eta azalera karratuarekin. Horrela izanik, animalia txikien azalera nahikoa izaten da, dagokien bolumenerako gas-elkartrukea eta hondakinen kanporaketa difusioz egiteko bete-betean. Zirkulazioa ere difusioz burutzen da. Ostera, animalia gorputzuagoa den neurrian, distantziak handiegiak izatera hel daitezke, difusio bidezko zirkulazioa ezinezko bihurturik; hau da, garraio-mekanismo efikazagoak garatu behar izango dira. Aipaturiko eragozpen horiek animalia handietan odol-sistema baskularraren eta zelomaren garapena bultzatu dute. Halaber, tolestura eta biribilkapenen bidez emenda daiteke superfizieen azalera, eta horrela hobetu eskrezioa, xurgapena, gas-elkartrukea eta beste zenbait prozesu.

Balea urdina (Balaenoptera musculus) da munduan inoiz bizi izan den animaliarik handiena: 190 tona baino gehiago pisa ditzakete eta 33,6 metro arteko luzera eduki. Lur lehorreko animaliarik handiena Loxodonta africana elefantea da, 12,25 tona eta 10,7 metroko altuerarekin. Inoiz bizi izan den animalia lurtarrik handiena Argentinosaurus dinosauro sauropodoa izan zen, 73 tonako pisua izan zezakeena. Animalia asko mikroskopikoak dira; Myxozoa batzuk, Cnidariaren parasito direnak, inoiz ez dira hazten 20 µm baino gehiago, eta espezie txikienetako bat Myxobolus shekel da, 8,5 µm lortzen dituena guztiz helduta dagoenean.

Bizimodua eta elikadura

Animalia 
Ekosistema oso bat dago hodi hidrotermaletan.
Animalia 
Kallima inachus, harrapatua ez izateko hosto baten forma hartzen duen intsektua.

Ingurune eta tamainaz gainera, gorago aipatu denez, bizimodua da animaliaren egitura baldintzatuko duen hirugarren faktore nagusia. Higidura-askatasuna duten animaliak simetria bilateral polarizatudunak izaten dira. Nerbio-sistema eta sentimen-organoak gorputzeko aurrealdean kokatuta daude, berau baita ingurunearekin hartu-emanak zuzenki izango dituena; mota horretako metazooak zefalizaturik daude. Metabolismo-tasa altuak eta jokabide etologiko korapilotsuak aurkezten dituzte. Ostera, substratuan finkatuta bizi direnek, hots, animalia sesilek, eta flotatzaileak direnek, simetria erradiala erakusten dute. Berau abantailos da kasu honetan, ingurune osoko kinadei aurre egiteko posibilitatea eskaintzen baitu. Simetria erradialarekin batera, sarritan estaldurak eta hodiak edo bestelako egiturak garatu dira, harrapakari higikorretatik defendatzeko.

Animalien elikabideek bizimoduarekiko zerikusi zuzena edukitzen dute. Igeri edo narraz egiteko gauza diren animaliak harrapakariak izaten dira. Higidura geldoago dituztenak belarrez edo sarraskiez elikatzen dira. Sedimentuetan ehortzita bizi direnek, ahoa zuzenki aplikatuz edo zenbait apendize laguntzailez substratua irensten dute: detritu organikoa digeritzen dute, eta harea eta substantzia inorganikoak egozten. Animalia sesilak inguruetako janariez elikatzen dira: hurbileko harrapakinez, detritu organikoez edo uretan esekitako landare eta animalia mikroskopikoez.

Honela, animaliak sailkatu ohi dira talde ekologikoetan elikatzeko duten bidearen arabera, haragijale, belarjale, orojale, detritiboro edo parasitoetan. Animalien arteko elkarrekintza hauek sare konplexuak eratzen dituzte. Haragijale zein orojaleek harraparitza egiten dute elikatzeko. Ondorioz, ehizatua eta ehiztariaren artean arma-lasterketa ebolutiboa gertatzen da, ehizatzeko eta ehizatuak ez izateko modu ezberdinak garatuz. Ia harrapakari multizelular guztiak animaliak dira. Kontsumitzaile batzuek metodo ezberdinak erabiltzen dituzte, adibidez liztor parasitoideak larba direlarik euren bizkarroitik bizi dira, prozesuan elikatzen dien izakia hilez, baina helduak direnek loreen nektarraz elikatzen dira. Beste animalia batzuek oso dieta selektiboa dute, adibidez belakiak bakarrik jaten dituzten dortokak.

Animalia gehienek landareek fotosintesi bidez sortzen duten energia behar dute bizirauteko. Belarjaleek zuzenean jaten dituzte landareak, eta haragijaleek eta maila trofiko altuan dauden animaliek beste animalia batzuk jateko lortzen dute behar duten karbonoa eta energia. Karbohidratoak, lipidoak, proteinak eta beste biomolekula batzuk apurtzen dira animaliak mugitzeko, bizirauteko zein hazteko behar duen energia eskuratzeko. Hodi hidrotermaletatik gertu bizi diren animaliek zein itsas-hondo abisaletan bizi direnek ez dute eguzki argiaren energia erabiltzen. Bertan bizi diren arkeoek eta bakterioek kimiosintesia egiten dute, askotan konposatu inorganikoak oxidatuz, eta kate-trofikoaren oinarri dira.

Jatorria eta erregistro fosila

Animalia 
Dickinsonia costata, ezagutzen den lehen animalietako bat, orain dela 635 eta 545 milioi urte artean bizi izan zen.

Animalia izan daitezkeen lehen fosilak Australiako Trezona Formazioan aurkitu dira, orain dela 665 milioi urteko arrokatan. Fosil hauek lehen belakiak izan zitezkeela uste da.

Animaliarik zaharrenak Ediacarar biotan aurki daitezke, Kanbriaurrearen amaieran, orain dela 610 milioi urte. Eztabaida luzea egon da biota horretan animaliak egongo ote zirenaren inguruan, baina Dickinsonia fosilek kolestero lipidoa zutela aurkitu zenetik ez dago dudarik euren animalia izaeraren inguruan.

Animalia filum asko Kanbriarreko leherketaren ondorioz agertu ziren erregistro fosilean, orain dela 542 milioi urte hasita, Burgess Shale bezalako formazioetan. Gaur egungo animalia askoren arbasoak ikus daitezke bertan, molusku, onikoforo, tardigrado, artropodo, ekinodermo eta hemikordatuak barne, eta desagertutako beste batzuk, Anomalocaris harrapakaria bezala. Leherketaren bat-batekotasuna, ordea, erregistro fosilaren eskasiaren ondorio izan daiteke, eta baliteke denbora luze batean zehar agertu izana.

Paleontologo batzuek uste dute animaliak Kanbriarreko leherketa baino askoz lehenago sortu zirela, agian orain dela 1.000 milioi urte. Hainbat fosil aurkitu dira lurrean egindako mugimendu markenak Toniar garaikoak, eta hau zizare motako animalia triploblastiko baten ondorio izan liteke. Arrasto hauek 5 milimetroko zabalera dute. Hala ere, antzeko markak uzten dituzte gaur egun Gromia sphaerica protista zelulabakarrek, beraz ez du zertan adierazi behar animaliak jada bazeudenik. Garai berdinean ere estromatolitoak, mikroorganismo xaflez osatutako fosilak, gainbeheran egon ziren, eta baliteke hau animalia belarjaleren baten ondorioa izatea.

Euskal Herriko erregistro fosilean animaliek eraikitako hainbat estruktura ikusten dira, hala nola, kareharri gotorrak, gehienbat koral eta belakiz sortuak.

Filogenia

Animalia guztiak monofiletikoak dira, hau da, arbaso komun bera dute. Animalien taxoi ahizpa Choanoflagellata da, elkarrekin Choanozoa sortzen dutenak. Animalia basalenak Porifera, Ctenophora, Cnidaria eta Placozoa dira, simetria bilateralik gabekoak. Euren arteko harremana oraindik eztabaidagai dago; baliteke beste animalia guztien taxoi ahizpa Porifera edo Ctenophora izatea, biek faltan dutelako hox geneak, gorputz plan bat garatzeko garrantzitsuak. Gene hauek Placozoan zein beste animalia guztietan aurki daitezke, Bilaterian.

Animalia guztiek partekatzen dituzten 6.331 gene talde identifikatu dira; hauek guztiak arbaso komun batengandik sortu ziren orain dela 650 milioi urte, Kanbriaurrean. Hauetatik, 25 animalietan baino aurkitu ezin daitezkeen muineko gene taldeak dira; eta hauetatik 8 Wnt eta TGB-beta seinalatze bideetakoak dira, animaliei zelulaniztun izatea ahalbidetu zutenak, gorputzari hiru dimentsioko ardatzak emanez. Beste 7 talde homeodomeinuko proteinak eta antzeko transkripzio faktoreak dira, garapenaren kontrola egiten dutenak.

Honako zuhaitz filogenetikoak (leinu nagusiak baino ez dituena) orain dela zenbat milioi urte (mya) bereizi ziren adierazten du. Zuhaitz filogenetiko asko egin dira, eta ikerketak aurrera joan ahal aldaketak egon ohi dira. Honakoak onarpen zabala du gaur egun.

Choanozoa

Choanoflagellata Animalia 

Animalia

Porifera Animalia 

Petalonamae†

Eumetazoa

Ctenophora Animalia 

ParaHoxozoa

Placozoa Animalia 

Cnidaria Animalia 

Bilateria

Xenacoelomorpha Animalia 

Nephrozoa
Deuterostomia

Chordata Animalia 

Ambulacraria Animalia 

Protostomia
Ecdysozoa

Arthropoda Animalia 

Nematoda Animalia 

>529 mya
Spiralia
Gnathifera

Rotifera Animalia 

Chaetognatha Animalia 

Platytrochozoa

Platyhelminthes Animalia 

Lophotrochozoa

Mollusca Animalia 

Annelida Animalia 

550 mya
580 mya
610 mya
650 mya
Triploblasts
680 mya
760 mya
950 mya

Sailkapenaren historia

Sakontzeko, irakurri: «Taxonomia»
Animalia 
Jean-Baptiste Lamarckek Lineoren Vermes taldea bederatzi taldetan banatu zuen, animalien sailkapena modernizatuz.

Antzinako Grezian, Aristotelesek animaliak banatu zituen, bere behaketaren arabera, odola zutenen eta odola ez zutenen artean. Lehen taldean ornodunak zeuden, gutxi gorabehera. Animaliak eskala baten arabera antolatu zituen, gizakiengandik hasita goian (odola dute, bi hanka eta arima arrazionala), beheranzko norabidean: erditzen duten tetrapodoak (odola, lau hanka, arima sentsitiboa), beste talde batzuk krustazeoak bezala (odolik ez, hankarik ez, arima sentsitiboa) belakietaraino iritsi arte, espontaneoki sortzen ziren animaliak (odolik ez, hankarik ez, barazki arima). Aristotelesek ez zekien belakiak animaliak ziren edo ez, bere sisteman animaliek sentimenduak, jateko gogoa eta mugikortasuna zutelako, edo landareak, ez zutelako hori: bazekien belakiak ukituz gero sentikorrak zirela, eta uzkurtzen zirela arrokatik kentzerakoan, baina ezin ziren mugitu eta sustraiak zituzten landareen bezala.

1758an Lineok izaki bizidunen lehen sailkapen hierarkikoa sortu zuen bere Systema Naturae lanean. Bere jatorrizko eskeman, animaliak ziren hiru erreinuetako bat. Animaliak Vermes, Insecta, Pisces, Amphibia, Aves eta Mammalia taldeetan sailkatzen ziren. Azken lauak gaur egun phylum bakar batean sailkatzen dira, Chordata eta Insecta (non krustazeoak eta araknidoak sartu zituen) zein Vermes talde askotan banatu dira. Prozesu hori 1793an hasi zen, Jean-Baptiste Lamarckek esan zuenean Vermes kaos mota bat zela (un espéce de chaos), taldea banatuz filum berrietan, zizare, ekinodermatu eta polipoetan. 1809an, bere Philosophie Zoologique liburuan 9 talde sortu zituen ornodun eta moluskuez gain: Cirripedia, Annelida, Crustacea, Arachnida, Insecta, zizareak, Radiata, polipoak eta Infusoria.

1817an Georges Cuvierrek Le Régne Animal lana argitaratu zuen, anatomia konparatua erabiliz animaliak sailkatzeko lau adarretan: ornodunak, moluskuak, animalia artikulatuak (artropodo eta anelidoak) eta zoofitoak (radiata; ekinodermoak, knidarioak eta beste batzuk). Lau taldeko banaketa hau Karl Erns von Baer enbriologoak erabili zuen 1828an, Louis Agassiz zoologoak 1857an eta Richard Owen anatomistak 1860ean.

1874an Ernst Haeckelek animaliak bi azpierreinutan banatu zituen: Metazoa, non bost filum zeuden (zelentereoak, ekinodermoak, artikulatuak, moluskuak eta ornodunak) eta Protozoa (zelula bakarreko animaliak), eta seigarren animalia filum bat sartu zuen, belakiena. Protozoa, beranduago, Protistaren barruan sartu zen, eta Metazoa Animaliaren sinonimotzat daukagu.

Geroztik, taxonomian egindako ikerketek talde horietako batzuk bereizi eta beste batzuk elkartu dituzte:

Aristoteles
335 a.C.
(Cuvier 1800)
Linneo
1735,
1758
Leuckart
1848
Lankester
1873, 1877
(Haeckel 1874)
Grobben
1908
Bütschli
1910
Kükenthal 1923
Hyman 1940
Whittaker 1969 
Nielsen 2012
Brusca et al.
2016
 Deskribapena (taldeak)
Diploblastica (Zoophyta) Spongiaria Parazoa Parazoa Diploblasta  (P) Porifera
 Anaima (Invertebrata) Vermes Coelenterata Cnidaria Eumetazoa Radiata Cnidaria
Ctenophora Ctenophora
Vermes Triploblastica
(Bilateria)
            ̠ Acoelomata Xenacoelomorpha Xenacoelomorpha
Protostomia  Spiralia Platyhelminthes, NemerteaMesozoa
Mollusca Coelomata Mollusca
Vermes Annelida, LophophorataChaetognatha
Pseudocoelomata Gnathifera, Gastrotricha
 Ecdysozoa Nematozoa, Scalidophora
Insecta Arthropoda Coelomata Panarthropoda
Vermes Echinodermata Deuterostomia Ambulacraria Echinodermata
Vermes Hemichordata
 Enaima (Vertebrata) Pisces Vertebrata  Chordata  arrainak, anfioxoak
Amphibia  anfibioak, narrastiak
Aves  hegaztiak
Mammalia  ugaztunak

Phyllumak

Sakontzeko, irakurri: «Phyllum»

Filumak (edo Filak) animaliak sailkatzeko talde nagusiak dira. Mota horietariko bakoitza ondo definituriko antolaketaren arabera egiten da.

Phyllum Esanahia Ezaugarriak Espezie kopurua
Acanthocephala Arantzak dituen burua Har parasitoak, ebaginagarria den sudur arantzatsu batekin. 1.100
Acoelomorpha Hesterik gabekoak. Zelomarik gabeko har txikiak. Ez dute liseriketa tuturik.
Annelida Eraztun txikia Har zelomatuak, gorputza eraztunetan zatitua. 16.500
Arthropoda Oin artikulatuak. Kanpo hezurdura kitinotsua eta hanka artikulatuak. 1.100.000
Brachiopoda Beso laburrak Lofoforoak eta bi balba dituzte. 335 (16.000 desagertuak)
Bryozoa Goroldio animaliak. Lofoforoa dute, iragazlariak dira eta ipurtzuloa tentakuloen koroaren kanpo dute. 4.500
Chaetognatha Barail arantzatsuak Hegalak eta bi arantza kitinotsu buruaren alde bakoitzean. 100
Chordata Kordarekin. Korda dortsala edo notokordioa dute, gutxienez enbrioiak direnean. 49.693
Cnidaria Asuna Diblastikoak cnidocitoekin. 10.000
Ctenophora Orratzak daramatzana. Diblastikoak koloblastoekin. 100
Cycliophora Gurpilak daramatzana Sasizelomatuak zilioak dituen aho zirkularrarekin. 1
Echinodermata Azala arantzekin. Simetria pentaradiatua, kanpo euskarri kalkareoa. 7.000 (13.000 desagertuak)
Echiura Arantzadun isatsa Tronpa duten itsas harrak, anelidoen gertukoak. 135
Entoprocta Barne ipurtzuloa Lofoforoa dute, iragazlariak dira eta ipurtzuloa tentakulo koroaren barruan dute. 150
Gastrotricha Ilezko urdaila Sasizelomatuak, gorputza arantzekin eta bi tutu kaudal itsaskor. 450
Gnathostomulida Baraila duen aho txikia Ahoek barail berezia dute. 80
Hemichordata Korda erdia Deuterostomoak ebakidura faringeokin eta estomokordarekin. 85
Kinorhyncha Mugitzen den tronpa Sasizelomatuak buru sargarriarekin eta gorputz segmentatuarekin. 150
Loricifera Kota daramana. Sasizelomatuak maila-kota baten itxura duen estaldura batekin. 10
Micrognathozoa Barail txikia duen animalia Sasizelomatuak, barail konplexuak eta gorputza soinu baten eran luzagarria. 1
Mollusca Biguna Ahoak radula du, oin gihartsua eta oskolak inguruan mantu bat du. 93.000
Monoblastozoa 1
Myxozoa Muki animaliak. Parasito mikroskopikoak, cnidocitoen antzeko kapsula polarrekin. 1.300
Nematoda Hari baten antzekoa. Har pseudozelomatuak, ebakidura zirkularrarekin eta estaldura kitinotsuarekin. 25.000
Nematomorpha Hari itxura Har parasitoak, Nematodoen antzekoak. 320
Nemertea Itsasoko ninfa Har azelomatuak tronpa luzagarriarekin. 900
Onychophora Azkazalak daramatzana. Gorputz bermiformeak, azkazal kitinotsu apikalak dituzten hankekin. 110
Orthonectida Igerilari zuzena Parasito oso sinpleak, gorputz ziliatuarekin. 20
Phoronida Zeusen irakaslea. Har lofoforatu tutukarak; hesteak U itxura du. 20
Placozoa Xafla animaliak Animalia oso sinpleak, narrastiak, ameba irregular baten antzekoak. 1
Platyhelminthes Har lauak. Har azelomatu, ziliatu eta ipurtzulorik gabekoak; asko parasitoak dira. 20.000
Pogonophora(?) Bizarra duena Animalia bermiforme eta tutukara, burua bildu daiteke, eta baliteke anelidoak izatea.
Porifera Poroak dituena Belakiak, parazoak, simetriarik gabekoak. Gorputzean hainbat poro iragazkor. 5.500
Priapulida Zakil txikiak Har sasizelomatuak, tronpa luzagarriarekin. 16
Rhombozoa Erronbo animalia. Zelula oso gutxi dituzten parasitoak. 70
Rotifera Gurpilak daramatzana. Sasizelomatuak, zilioak dituen atzeko koro batekin. 1.800
Sipuncula Tutu txikia Har zelomatu ez segmentatuak, ahoaren inguruan tentakuloak dituzte. 320
Tardigrada Pausu geldoa Ur-hartzak. Gorputza lau hanka parerekin segmentatua, azkazal eta bentosekin. 800
Xenoturbellida Har lau arraroa. Har deuterostomo ziliatu oso sinpleak, erlazio ezezagunarekin. 2
>1.300.000

Giza kulturan

Animalia 
Txakur bat ahate bat ehizatzen, gizaki bati emateko.
Animalia 
Zaldia Santimamiñen.
Animalia 
Momotxorro bat, animalia eta pertsonaren arteko nahasketa.

Gizakiek animalia kopuru handiak erabiltzen dituzte elikadurarako, bai etxe-abereak zein ehizatutako edo arrantzatutako espezieak, lur lehorrean zein itsasoan. Itsasoetako arrain asko hartzen dira elikagai gisa erabiltzeko. Espezie kopuru txiki bat komertzialki erabiltzeko hazten dira etxaldeetan. Zefalopodoak, krustazeoak, bibalbioak eta gastropodoak harrapatzen edo hazten dira ere elikagai gisa. Oiloak, behiak, ardiak, txerriak eta beste animalia batzuk haragirako hazten dira mundu osoan zehar. Animalien ehunak erabiltzen dira ere jantzigintzan, artilea edo tendoiak bezala, eta larrua oso erabilia da zapatagintzak edo bestelako arropak egiteko. Animaliak ehizatu edo hazi dira euren larruengatik historian zehar berokiak edo txanoak egiteko. Kukurutxaren karmina, edo lakak eta kermesa intsektu batzuen gorputzetik atera diren pigmentuak dira. Eztia, esnea edo arrautzak animaliek sortutako beste elikagai ohiko batzuk dira. Animalia langileak erabili ditu gizakiak, adibidez behi edo zaldiak, bai garraiorako zein nekazaritzan laguntzeko. Gaur egun, animalia asko, bereziki txakurrak, erabiltzen dira lan batzuk egiteko, hala nola txakur gidariak edo artzai txakurrak.

Zientzian ere animalia ugari erabiltzen dira esperimentuetako subjektu gisa, adibidez Drosophila melanogaster eulia. Animaliak erabili dira txertoak sortzeko XVIII. mendean aurkitu zirenetik. Yondelis bezalako minbiziaren aurkako botikak animalia jatorriko toxina batzuetatik eratortzen dira.

Pertsonek ehiza txakurrak erabili dituzte beste animalia batzuk ehizatzeko, eta hegazti harrapakariak beste hegazti edo ugaztun batzuk harrapatzeko, baita arrantza egiteko ere. Igel batzuen pozoia ehiza geziak eta dardoak pozoitzeko erabili da. Animalia kopuru handi bat konpainia-animalia gisa erabiltzen da, tarantula edo olagarroetatik hasita, mantisa bezalako intsektuak, suge eta kameleoiak, kanario, perikito eta loroetaraino. Hala ere, ugaztunak dira konpainia-animalia ohikoena, batez ere txakur, katu eta untxiak. Animaliak konpainia eta laguntzarako animalia erabiltzearen eta animalien eskubideen arteko tentsioa dago, baita haragijale izan eta beganismoaren artean ere. Ehiza eta arrantza kirola ere izan daiteke. Animaliak kirolean erabiltzen dira, adibidez zaldiak hipikan edo hainbat herri kiroletan.

Animaliak artean agertu dira Paleolitotik aurrera, adibidez Santimamiñe edo Ekainen, baita ondoren ere, adibidez Antzinako Egipton. Animalien margolan garrantzitsu batzuk Albrecht Dürerren Errinozeroa edo George Stubben Whistlejacket dira, baina eskulturan ere oso ohikoak izan dira, bereziki zaldiak. Intsektuek, hegaztiek eta ugaztunek paper garrantzitsua izan dute literaturan eta zineman, adibidez intsektu erraldoien filmetan. Intsektu zein ugaztunak ohikoak dira mitologian edo erlijioan. Japonian zein Europan zehar tximeletak arimen errepresentaziotzat hartu dira, eta kakalardoak sakratuak ziren Antzinako Egipton. Ugaztunen artean, behiak, oreinak, zaldiak, lehoiak, saguzarrak, hartzak eta otsoak mito, gurtza eta erlijio askotan agertu ohi dira. Euskal inauterietan bezala, munduko beste askotan, animalien eta pertsonen arteko bateratzea gertatu ohi da. Mendebaldeko zein Txinako zodiakoa animalietan oinarrituta daude.

Oharrak

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • Joseba Aurkenerena: Animaliak euskal iruditerian, irainetatik abiatuta.[1]
  • Joseba Aurkenerena: Animaliak euskal irainetan. [2]

Tags:

Animalia Animalien konplexutasun-mailak eta antolakuntza-planakAnimalia k sailkatzeko irizpideakAnimalia Birsorkuntza eta garapenaAnimalia EkologiaAnimalia Jatorria eta erregistro fosilaAnimalia FilogeniaAnimalia Giza kulturanAnimalia OharrakAnimalia ErreferentziakAnimalia Ikus, gaineraAnimalia Kanpo estekakAnimalia

🔥 Trending searches on Wiki Euskara:

BoxeoZegamaAñube (musika taldea)Brasilgo lehendakariAmeriketako Estatu BatuakKanadako Zaldizko PoliziaZarautz1960Aretha FranklinIrailaren 14Oinarriko errenta unibertsalPetko KichevPaddy Rekalde18941977Max ReinhardtMaiatzaren 10SpreenHerbehereakUsenetLagranAlbokaEagle WomanBarruko elastikoLezoLehen Mundu GerraEuskal Kantagintza BerriaEuskal Herriko mendiakElkarrekintza elektromagnetiko1950Dani AlvesMadrilIsurtzeRemembrance of Earth's PastErdi AroaResurreccion Maria AzkueLaukizko Udala SariaLerwickWazemank (telebista saioa)Traci LordsEuskal Herria BaiIbai LlanosDigestio-aparatuEgoitz LasaIvan IvanovNevadako egunakPankrea1906NazarMitokondrioVicente LarreaTxikipediaAzuritaAlexandra Stan1903Imanol PradalesBiztanleria aktiboAramaioGanekogorta1845Gerra HotzaArabaHuronGoogleSaturraranMakazole MapimpiRichard OribeNafarroa GaraiaBakterioEuzko Alderdi JeltzaleaErrolda🡆 More