Orgasmo

Giza sexualitatean, orgasmo deritzo sexu-kitzikapenaren puntu gorenari dagokion erantzun fisiologikoari.

Aurretik metatutako tentsio sexuala askatu, eta sexu-atsegin sentsazioa izaten da genitalen inguruan. Orgasmoa gertatzen den bitartean, taupadak eta arnasketa maiztasun eta intentsitate handienera iristen dira. Era berean, gihar-tentsio handia eta uzkurtzeak gertatzen dira uzkiaren eta genitalen inguruan. Gizonezkoetan isurketa gertatzen da, eta emakumeetan ere, kasu batzuetan, G puntuarekin lotuta egon daitekeen orgasmo likidoa gerta daiteke. Erantzun fisikoaz gain, askotariko erantzun emozionalak ere gertatzen dira, zeinek intentsitate handiko plazeraz gain, oihuak, lantua edo irria eragin dezaketen.

Orgasmo

Klimaxa lortzea

Orgasmora hainbat ekintzaren bidez irits daiteke. Ohikoena genitalen estimulazioa da: masturbazioa, felazioa edo cunnilingus, eta sarpena, besteak beste. Bestalde, proportzio txikiagoan egiten den arren, gune erogenoen estimulazioz ere hel daiteke klimaxera.

Estimulazio fisikoaz gain, estimulazio psikologikoa ere orgasmora iristeko bide izan daiteke, amets erotikoak edo orgasmoaren kontrola kasu. Estimulazio psikologiko bidezko orgasmoak bizkarrezur-muineko lesioak zituzten pazienteak zirela medio ezagutu ziren. Nahiz eta bizkarrezur-muineko lesioek sentipen batzuen galera edo gutxipena eragin, halako lesioak dituztenek sexu-kitzikapena eta desira erotikoa izaten jarraitzen dute.

Literatura zientifikoan gehiago ikertu izan da emakumeen orgasmoaren psikologia gizonena baino; izan ere, emakumeen orgasmoa psikologikoki gizonena baino konplexuagotzat jo da. Hala ere, ideia horren aldeko froga enpiriko urriak direla eta, ondorioztatu da emakumeen eta gizonen orgasmoek desberdintasunak baino antzekotasun gehiago dituztela. Vance eta Wagner-ek (1976) eginiko ikerketaren arabera, ezinezkoa da bi sexuen orgasmo-esperientzia idatziak bereiztea.

Orgasmoa emakumeen artean

Orgasmo 
1- Klitorisaren glandea 2- Leize-gorputza 3- Klitoriaren sustraiak 4- Uretraren irekigunea. 5- Bulba bestibularra 6- Baginaren irekigunea

Emakume gehienek (estadistiken arabera % 70-80) klitorisaren estimulazio zuzena behar dute orgasmoa lortzeko, nahiz eta klitorisaren estimulazio ez-zuzenaren bitartez ere klimaxera iristea posible den. Hori horrela izateko arrazoia da klitorisaren glandeak 8.000 nerbio bukaera baino gehiago dituela, gorputzeko beste edozein atalek baino nabarmen gehiago. Hala, klitorisa zakilaren homologoa dela esan daiteke, bi organoek plazer sexuala emateko duten gaitasuna dela eta.

Orgasmo motak

Ikertzaile gehienek orgasmo femeninoaren inguruko bereizketak egitea onesten ez duten arren, oro har bi kategoria bereizten dira emakumeen orgasmoen artean: klitori-orgasmoa eta baginako orgasmoa. Horren harira, eztabaida irekia mahaiganeratu da; izan ere, baginan ez dago ia nerbio-bukaerarik.

Banaketa hori Sigmund Freud-ek egin zuen lehenengoz 1905ean. Freud-en arabera, klitori-orgasmoak pubertaro aurretik gertatzen diren fenomeno hutsak dira, eta emakume heldu baten joera sarketa bidezko baginako orgasmora iristea da, klitoriaren inolako kitzikapenik gabe. Nahiz eta, Freud-ek ez izan baieztapen horren inongo frogarik, ondorio nabarmenak izan zituen, eta, gaur egun ere, teoria horrek errotuta dirau gure gizartean. Egungo sistema heteronormatibo eta patriarkala ideia horren gainean eraiki da, hain zuzen, eta emakumeon* sexualitate eta gorputzak sistema horren baldintzaren menpe hezi dira. Hala, emakume asko norbere burua gauzatu gabe sentitu dira orgasmora ez heltzeagatik, Freuden baieztapenaren arabera, emakumearen plazerraren zentroa sarketaren bidez zakil-bagina erlazioan oinarritzen baita.

Orgasmoa gizonen artean

Gizonetan, orgasmora iristeko modu ohikoena zakilaren estimulazioa da. Normalean, estimulazioaren ondoren isurketa gertatzen da, nahiz eta posible den eiakulazio gabe ere orgasmora heltzea, eiakulazio atzeratua dela eta. Orgasmora heldu gabe eiakulatzea ere gerta daiteke, anorgasmia deritzen kasuetan .

Atzeratutako orgasmoa eta orgasmo anizkuna

Gizonen orgasmoaren bi estadioen ereduarekin kontrastean, Kahnek (1939) orgasmoa eta isurtzea berdindu zituen, eta hainbat orgasmo izan daitezkeela, eta «izatez, gizon batzuk orgasmo bati beste batekin eta hirugarren eta laugarren batekin jarraitzeko gai dira» esan zuen. Gizonezkoetan, orgasmo anitzak lortzea arraroa bada ere, Kahnen baieztapena orgasmo anitzak eta jarraituak izan dituzten gizonezkoetan oinarritzen da, aldi errefraktarioa murriztuz. Gizon batzuk ordu luzez masturbatu daitezke, eta orgasmora hainbat aldiz iritsi.19 Nerabezaroa baino lehen masturbatzen edo sexu-jarduera egiten hasten diren gizon asko isurtzerik gabeko orgasmo ugari lortzeko gai dira. Proba batzuek adierazten dute pubertaroaren aurreko gizonen orgasmoak emakumeen orgasmoaren ohiko esperientziaren antzekoak direla kualitatiboki, ez baitago isurtzerik edo aldi errefraktariorik, eta horrek iradokitzen du pubertaroan gertatzen diren hormona-aldaketek eragin handia dutela gizonezkoen orgasmoan.

Uste da isurtzean zehar hormona oxitozina gehiago ekoiztea dela aldi errefraktarioen erantzule nagusia, eta hormona hori handitzen den kantitateak eragina izan dezake aldi errefraktarioen iraupenan. Gizonen aldi errefraktarioen erantzuletzat jotzen den beste konposatu kimiko bat prolaktina da, dopamina antagonizatzen duen eta kitzikapen sexualaren erantzule dena Horregatik interes esperimental bat dago prolaktina inhibitzen duten drogetan, hala nola kabergolinan. Kabergolinari buruzko txosten anekdotikoek iradokitzen dute aldi errefraktarioa ezaba dezakeela, gizakiei segida azkar batean hainbat eiakulu-orgasmo esperimentatzeko aukera emanez. Gutxienez ikerketa zientifiko batek babesten ditu proba horiek, nahiz eta kabergolinak albo-ondorio potentzial asko dituen, eta, beraz, ez da onartu erekzio disfuntzioa tratatzeko. Aldi errefraktariorik ez izateko edo ez egoteko beste arrazoi bat oxitozina gehiago ekoiztea da. Uste da ekoizten den kopuruak aldi errefraktario bakoitzaren iraupenari eragiten diola.

Azken urteetan, gizakiak orgasmo anitzak lor ditzakeela dioten liburuak idatzi izan dira. Beste lan batzuetan ziurtatzen da isurtzeari eusteak orgasmo biziagoa eta atsegingarriagoa eta egoera posorgasmiko askoz ere energetikoagoa ematen duela. Tekniken artean, isurien kontrol fisikoa eta mentala eta isurtzearen aurreko basokongestioa sartzen dira atxikipena edo kontrakzio eiakultoriak baino. Isurtzea atzeratzeko teknika bat da perineoan presioa egitea barrabil-zorroaren eta uzkiaren erdibidean, isurtzearen aurretik. Hala ere, atzeranzko isurtzea eragin dezake, adibidez, uretratik kanpora irten beharrean semena puxikara bideratuz. Epe luzera ere, kalteak eragin ditzake perineoko nerbio eta odol-hodietan egiten den presioagatik, denbora luzez bizikletan eserleku estuekin ibiltzen diren gizon batzuek dutenaren antzekoa. Prostatan edo puxikan ebakuntza egin zaien gizonek atzeranzko isurtzeek eragindako orgasmo lehorrak izan ditzakete.

Alderdi fisiologikoak eta teoria antropologikoak

Garunaren eragina

Groningnen-eko unibertsitateko Gert Holstege neurozientzialariak 2013an egindako ikerketa batean orgasmoa sortzen den garuneko eremu zehatza zein zen azaldu zuen. The Journal of Sexual Medicine-n argitaratutako ikerketa horretan, Holstege-ek zurtoin zerebraleko tegumentu pontino dortsolateralaren ezkerraldea, bai isurketaren eta bai orgasmoaren kontrolaren arduraduna dela adierazten du. Era berean, eskuineko aldeak gernuarekin zerikusia daukaten funtzioak kontrolatzen ditu. Ikerkuntza honen ondorioz, Holstege-ek tegumentu  pontino dortsolaterala, Pelbis-organoen estimulazioaren zentro gisa birizendatu du (POSC, ingelesezko siglak).

Orgasmoaren kontrol kontzientea

Klimaxa lortzea helburu nagusia izan gabe plazerra eskuratzeko praktikak ere existitzen dira. Praktika horiek norberaren autoestima eta autokontrolerako gaitasunarekin erlazionatuta daude. Izan ere, batzuetan, orgasmora iristeari itxaroteak plazerra lortzeko presio eragin dezake eta prozesu honetan oztopo gisa jardun.

Gizonek orgasmoa kontrolatzen ikas dezakete entrenamendu bidez. Horrela, orgasmoa atzeratu dezakete bere plazerraren intentsitatea handituz eta era berean, baita bikotearena ere. Gainera, posiblea da bikoteak orgasmoaren kontrolean laguntzea estimuluen intentsitatea erregulatuz.

Orgasmo femeninoaren intentsitatea estimulazio anitzen bidez handitu daiteke, adibidez, klitorisa eta bularrak aldi berean kitzikatuz. Era berean, jolas-sexualak, rol-jokoak esaterako ere orgasmora iristen laguntzen dute.

Praktika hauetariko batzuk Indiako tantrismo praktiketan oinarritzen dira: koitoa eten eta, oro har, estimulazioan oinarrituz, maitaleek kitzikapen-maila aurreratua lortu dutenean, arnasketa-teknikekin konbinatuta, orgasmoaren bizipena, adibidez, estasi iraunkorreko egoera bihurtzeko aukera agintzen du tantrismoak.

Orgasmoaren ikuspegi pseudo-zientifikoak

Orgasmo 
Orgon bat, Wilhelm Reichek emandako instrukzioen arabera eraikia.

Orgasmoaren ikuspegi pseudo-zientifikoak eta mistikoak ere zabaldu izan dira 20. mendetik aurrera, orgasmo ustezko giza-energiekin lotuz. Psikoanaliaren eta marxismoaren arteko sintesi bat egiten saiatzetik hasi zen Wilhelm Reich austriar psikiatrak, 1939. urtean, Orgon kontzeptua asmatu zuen, orgasmo eta organismo hitzak nahastuz, hauen arteko energia "kosmikoa" definitzeko asmoz; eta jarraian "orgon akumuladoreak" eraikitzen hasi zen: zurezko eta metalezko kaxa batzuk ziren, eta hauen barruan pazinteak sartzen zituen energia horren onurei probetxua ateratzeko. 1957an erakunde psikiatriko batean sartu zuten Reich, AEBetan.

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Tags:

Orgasmo Klimaxa lortzeaOrgasmo Alderdi fisiologikoak eta teoria antropologikoakOrgasmo aren kontrol kontzienteaOrgasmo aren ikuspegi pseudo-zientifikoakOrgasmo ErreferentziakOrgasmo Ikus, gaineraOrgasmo Kanpo estekakOrgasmo

🔥 Trending searches on Wiki Euskara:

Francisco FrancoEnergia eolikoDinastiaBizenta MogelIruñeaJuan Sebastian ElkanoManuel LarramendiUxue AlberdiEspainiako Bigarren ErrepublikaMahatma GandhiBibliaUnai SimónGerhard BährAzaleraSri LankaEba BlancoOlinpiar JokoakDeziEusko AlkartasunaAdimen artifizialFotosintesiPirritx, Porrotx eta MariMototsHiru gorputzen problema (grabitazioa)Apirilaren 18Ez Dok AmairuLoreXalbadorClara SchumannIbil bediMikel AlbisuEnergia ez berriztagarriIbaiGernika (margolana)Industria IraultzaNafarroa Garaiko eskualdeakInauteriak Euskal HerrianNarrastiMiguel de CervantesBiodibertsitateNewtonen legeakRootArabaHezkuntza baliabide irekiakSasizerealZuhaitzLegamiaMikel LaboaJavier de AndrésOscar TorpGiltzurrunArrainDebaLeire BilbaoNafarroako konkistaGeorg Friedrich HändelJoseph HaydnTiesj BenootItsasoZapaburuTximeletaAkelarreOrixeCastillo SuarezNafarroako ErresumaEguraldi🡆 More