Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak urtero udazkenean Azpeitian (Gipuzkoa) antolatzen den antzerki jaialdia da.

Lehen topaketak 1983an ospatu ziren eta etenik gabe ospatu dira orduz geroztik. Bere helburuak, lehen ediziotik gaur arte mantenduak, euskal antzerkigintza indartzea, taldeak ezagutaraztea, antzerki berriak sortzea eta euskara bultzatzea dira. Hain zuzen, euskara hutsean egiten diren antzerki topaketa bakarra da Azpeitikoa eta bertan antzerki talde amateur zein profesionalek, helduek zein haurrek, hartzen dute parte.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak
Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen logoa

Egun egoitza nagusia Soreasu Antzokian du, halere topaketa hauetako antzezlan batzuk herriko beste zenbait gunetan ere egin ohi dira. Sari nagusiak Txalo Saria eta Ikusle Saria dira. Gainera, topaketen kartelaren aukeraketa lehiaketa bidez izan ohi da.

Euskal antzerkigintzan ekarpena egiteko asmoz, mintegi, hitzaldi eta mahai inguruak ere ospatu ohi dituzte topaketetan. Horien artean esanguratsuak dira 1985ean antolatutako Antzerkia-Erakundeak debatea eta 1986ko Ikus-mintza dezagun euskal antzerkitaz biltzarra.

Azken urteetan Kulturaz Kooperatibak Sormen Egonaldiak antolatzen ditu Dinamoa Sormen Gunean, euskarazko proiektu eszeniko berrien sormen prozesuak bultzatzeko asmoarekin. Egonaldi hauetatik ateratako antzezlanak topaketetan estreinatu ohi dira.

Historia

Azpeitia antzerkigintzari lotutako herria izan da betidanik, testigantzak baitaude XX.Mende hasieran Luistarren kongregazioak antzerki emanaldiak egiten zituela herriko Telefonica eraikinean. Hain zuzen, 1936an herritarren antzezlan bat izan zen Luminor Aretoan (gero Zelaitxo izango zena), Iñaki Agirreren eskutik, eta bertan izan ziren antzerkigintza zaletasun zuten Juanito Bikendi, Inazio Rezabal "Potxolo" eta Jacinto Arregi ere.

1955an, Sierbetako lekaimeak diruz estu zirela eta horiei laguntzeko asmoz, Joxe Aizpuru "Jaka"-k herritarrez osatutako antzerki talde bat antolatu eta "El Verdugo de Sevilla" lana antzeztu zuten Zelaitxon. Urte bat beranduago, parrokiarekin lotura zuen OARGI (Organización Artística de Gipuzkoa) taldea sortu zen, bertan Imanol Elias partaide zela. Talde honen asmoa kultura ekimenak bultzatzea zen, hala nola, herriko festak, dantza ekitaldiak eta antzerkigintza, beti ere euskara lehentasun izanda.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
"Ustegabeko poza" antzezlana Azpeitian, 1981ean.

OARGI Antzerki Taldearen lehen lana 1957an taularatu zen, "Damuba garaiz" izenekoa, baina 1960ko "Pasioa" izeneko antzezlana izan zen beraien lanetan arrakastatsuena. Izan ere, 100 herritar inguruk osatutako taldeak arrakasta handia izan zuen obra honekin, Donostiako Victoria Eugenia antzokian bi emanaldi egitera iritsi arte. 1966an ere, alargun bati laguntzeko asmoz, antzezlan bat antolatu zen herrian eta diktadura garaia zela eta baimena "Censura Teatral" sailari eskatu behar zitzaionez, Grupo Artístico Azpeitiano izena jarri zitzaion OARGI taldeari. Talde honek, izena aldatu edo mantenduta ere, herritar ugari gerturatu zituen antzerkigintzara, euskarazko antzerkia eta amateurtasuna bultzatuz.

Hala ere, 1960ko hamarkadako afizio hori indarra galtzen joan zen pixkanaka, 1980an Azpeitiko euskal antzerkiaren aintzindari diren Jacinto Arregi eta Inazi Rezabal - Potxolori omenaldia egin zitzaien arte. Omenaldi horren antolakuntzak herriko antzerkigintzaren loraldi berria ekarri zuen, 1981ean "Ustegabeko poza" antzerkia taularatzea ekarriz. Hain zuzen, herritarrez osatutako eta Imanol Eliasek zuzendutako antzezlan honek Antxieta Antzerki Taldea sortzea ekarri zuen eta herrian berriro antzerkigintza lehen lerrora ekarri zuen.

Sorrera

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
Soreasu Antzoki zaharra kanpotik

1983an, euskal antzerkigintza indatzeko, taldeak ezagutarazteko, antzerki berriak sortzeko eta euskara bultzatzeko asmoz, Azpeitiko Udalak pauso handia eman zuen. Hain zuzen, Imanol Elias alkate eta Maria Jesus Aranburu kultur zinegotzi zirela, lehen Euskal Antzerki Topaketak antolatu zituzten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Antzertiren laguntzarekin, Soreasu Antzoki zaharrean.

Lehen edizio horietan, antzerki talde amateurren topaleku izan nahi zuen herriak topaketen bidez. Izan ere, talde hauek ia plazarik ez zutela iritzi eta elkarren arteko harremanak sendotu eta talde amateurrei bultzada bat emate asmoz sortu ziren topaketak. "Eliasek “gertuko sentitzen” ditu talde amateurrak: niri antzerki amateurra gustatzen zait, gertukoagoa sentitzen dut. Nire ustez, askoz meritu handiagoa du herritar xumeek euren afizioz eta sakrifizioz egiten duten antzerkiak” Antzezle, zuzendari eta egile gisa horixe da ezagutu duen giroa." - 2009ko liburuxkan .

Behin topaketek beraien ibilbidea jarraituta, talde profesionalek lekua hartu zuten programazioan eta urtez urte lekukoa hartzen joan dira. Hala ere, talde eta antzezle amateurrei beti eman zaie balio berezia eta udalak zein herriak babesa eskaini izan die.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
2020ko Euskal Antzerki Topaketen aurkezpena, pandemian

1983tik, arrakasta ikusirik, Azpeitiko Udalak beti jarraitu du Antzerki Topaketak antolatzen eta testuinguru berrietara zein agertoki aldaketara egokitzen saiatu da. Azpimarratzekoa da, atzeraldiari,diru laguntzen erorketei zein pandemiari aurre egin eta topaketek etenaldirik inoiz ez dutela izan.

Aipagarria da ere 1991an Euskal Antzerki Topaketak izatetik Euskadiko Euskal Antzerki Topaketak izatera pasatzen dela. Aldaketa hau, 2002ko ediziora arte mantendua, euskara hutsezko antzerki topaketa bakarra izateagatik egiten da, baita bertara Euskal Herri osoko antzerkigileak hurbiltzen zirelako ere.

Programazioa

Abendua izan ohi zen topaketen hilabetea hauen lehen edizioetan, izan ere, lehen urteetan abenduaren 1ean hasi eta 21ean, San Tomas jaietan, sari banaketarekin amaitzen zen. 1997koa izan zen abendura mugatu beharrean topaketak udazken osora zabaldu zituen lehen edizioa. Hala ere, topaketen iraupena luzeagoa izan arren, sari banaketa eta egitarauaren azken eguna San Tomas egunean izaten jarraitu zuen. Hain zuzen, 2001eko edizioa, agertoki faltagatik berezia, izan zen lehena abenduaren 21ean bukatu ez zena, abenduaren 4ean amaitu baitzen. Orduz geroztik, udazkena, eta batipat azaroa, izan da topaketen garaia.

Iraupenari dagokionez, hilabete edo hiru aste ingurutako iraupena izan ohi dute topaketek, beraien lehen ediziotik gaur egunera arte. Atzeraldi handiak soilik eragin izan du iraupenean, urte horietan bi astetara murriztu baitzen programazioa, aurrezteko asmoz.

Antzezlanak

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
Takolo, Pirrutx eta Porrotx 1993ko Antzerki Topaketetan

Topaketen lehen edizioan, 1983an, helduen antzerki taldeek, helduentzako antzezlanekin, soilik parte hartu zuten. Behin egitasmoaren arrakasta ikusirik eta topaketak herritar guztiengana zabaltzeko asmoarekin, Azpeitiko Udalak haurrentzako antzerkiak ere sartu zituen programazioan 1984an.

1986an, Eusko Jaurlaritzak lagunduta, dimentsio berri bat eman zitzaien topaketei, eta eskola antzerkiak sartu ziren egitasmoan. Orduz geroztik, urte zehatz batzuetan izan ezik (2001 eta 2002an agertoki egoki faltagatik eta 2020 eta 2021ean pandemiagatik) eskola antzerkiek beti hartu dute parte topaketetan.

Beraz, helduen zein gaztetxoen, eta helduentzako zein haurrentzako antzezlanek osatzen dituzte Azpeitiko Antzerki Topaketak.

Irrati lehiaketak

Euskal Antzerki Topaketen baitan eskolarteko irrati lehiaketak antolatu ziren hamarkada batez, 1991tik 2000ra hain zuzen. Enparan Dorretxean antolatutako ekimen honetan, hainbat eskoletako ikasleek parte hartzen zuten eta zuzeneko irratsaioak eskaintzen zituzten Herri Irratian. Irratsaio hauek, urte horretan topaketetan omendutako pertsonari buruzkoak izan ohi ziren, ikasleek eskoletan omenduei buruzko aurre lanketa bat egiten zutelarik. Hamarkada horretan, irrati lehiaketetan lau sari banatu ziren, urtez urteko topaketen orrian ikus daitezkenak.

Bestelako ekintzak

Antzerki topaketen baitan antzerkigintzari lotutako hainbat ekitaldi antolatu izan dira urte askotan zehar, beti izan baitute euskal antzerkigileen topagune izateko nahia. Hauek dira aipagarrienak (edizio bakoitzaren orrialdean informazio gehiago):

  • Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
    1986ko Antzerkigintza Kongresua, Loiolako Gogartetxean
    1985eko kongresua: “Antzerki amateurra gaur”, “Peñafloridako kontearen teatroa” eta "Antzerkia orain, eta gero…?” hitzaldiak eta “Antzerkia eta erakundeak” debatea. Aipagarria da debate hau, izan ere, erakunde esta instituzietako ordezkariak gonbidatu baziren ere, horietako inor ez zen aurkeztu debatera.
  • 1986ko kongresua: "Euskal antzerki egileak eta itzultzaileak", "Euskal antzerkia komunikabideetan", "Euskal antzerkia hezkuntza barruan", "Antzokiak, diru-laguntzak, egitarauak...", "Euskal antzerkia, elebidunen aurrean" eta "Antzerkilarien heziketa" mahai inguruak eta "Antzerki amateurra eta profesionala" debatea.
  • 1987an mintegiak: "Antzerkia eskolan", "Antzerki egileak" eta "Antzerki taldeen zuzendaritza". - 9 hitzaldi
  • 1988an "Antzerki normalizazioaren bidea" izeneko topagunea
  • 1990ean irakasleei zuzendutako ikastaroen maratoia: Interpretazioa, Tai-chi, Direkzioa eta Kontalaritza.
  • 1996 Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkartearen bilkura eta antzerki amateurraren topagunea: "Euskal antzerkia 1960tik 1980ra Trantsizio garaian - Eugenio Arozena", "EATAEri buruz - Lukas Dorronsoro", "Iparraldeko antzerkia azken 30 urteetan Daniel Landart" hitzaldiak eta "Antzerkia gaur egun. Ikuspegi politikoa" debatea.
  • 2011an mahai ingurua: "Antzerkia norentzat idaztearen plazera?"
  • 2012an mahai ingurua: "Euskal teatro berri baten beharra: Euskal komedia"
  • 2013tik 2017ra Antzerki Eskolen Egunak antolatu ziren herriko enparantza nagusian.
  • 2019an Euskarazko Antzerkigintzaren Topagunea izeneko jardunaldiak

Txontxongiloek ere lotura estua izan dute Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketekin, izan ere, edizio askotan zehar, batez ere 2007tik aurrera, Corrado Masacciren erakusketak izan dira ikusgai herriko hainbat gunetan eta herriko eskoletako ikasleek horietara bisita gidatuak egin izan dituzte.

Agertokiak

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
Zelaitxo Zinema kanpoaldea 1987ko Topaketetan
1983-1985 1986-2000 2001-2005 2006-2010 2011-Gaur egun
Soreasu Antzokia Zelaitxo Zinema Soreasu Antzokia Izarraitz Pilotalekua Soreasu Antzokia

Antzerki Topaketek Soreasu Antzokia izan zuten agertoki nagusia bere lehen hiru urteetan, 1983tik 1985era hain zuzen ere. Agertoki honek, ordea, ez zituen antzezleen lanerako beharrak asetzen, batez ere eszenatokiaren neurriei zegokionez. Segurtasun neurri hobeak lortzeko asmoz, 1985ean Zelaitxo aretoa hobetzeko lanak hasi ziren eta, hainbat berrikuntza eta moldaketa eginda, bertan hasi ziren topaketak ospatzen 1986an.

2001ean, ordea, Zelaitxo zinema itxi egin zuten (2002an eraikina bota zen) eta topaketek ez zuten agertoki aldaketara egokitzeko tarterik izan. Urte horretako antzerki emanaldi bakarra Soreasun egin zen. Nahiz eta antzoki honek oraindik beharrezko baldintzak ez bete, bertan ospatu ziren topaketak 2006ra arte, hain zuzen, Soreasu itxi eta honen proiektu berriaren lanketak hasi ziren arte.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
Soreasu Antzoki berria

2006an, Soreasu itxita, Izarraitz Pilotalekua hasi zen antzerki topaketen agertoki izaten. 2011 arte mantendu zen agertoki hau, izan ere, hasiera batean Soreasu berria eraikitzeko lanak bi urtetarako izatea aurreikusten baziren ere, sei urtez luzatu ziren. Aipagarria da, pilotalekua antzerki emanaldietarako egokia izateko, urtero egokitzapen lan handiak egin behar izaten zirela bertan eta denbora behar izaten zutela antolaketarako. Behin 2011an Soreasu Antzokia guztiz eraberrituta, hau da topaketen agertoki nagusia gaur egun arte.

Agertoki nagusiak horiek izan diren arren, topaketen baitan antolatutako bestelako ekintza eta antzezlan batzuk herriko beste zenbait gunetan egin dira. Hala nola, Enparan Dorretxean, Antxieta eraikinean, Loiolako Gogartetxean, udaletxean, kaleetan eta enparantza nagusian, Gaztetxean, Sanagustin Kulturgunean, Dinamoan, etab.

Sariak

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
1984ko sari banaketa

Sari banaketa izan ohi da topaketen amaiera ekitaldia hauen lehen edizioetatik gaur egunera arte. Hain zuzen, lehen edizioetan San Tomas eguerdian, udaletxean egin ohi zen sari banaketa ekitaldia eta gaur egun ere, Soreasu antzokian, ekitaldi horrekin amaitzen da egitaraua. Betidanik izan dira sariak, beraz, topaketen ezaugarri bat. Aipagarria da bi urtetan soilik ez direla banatu sariak, 1985ean eta 1986an hain zuzen, topaketei lehiaketa izaera kendu nahi izan zitzaielako.

Lehen edizioetan, 1993ra arte, epaimahai bat arduratzen zen saridunak aukeratzeaz eta epaimahai horren aukeraketak ere prozesu oso bat jarraitzen zuen. 1993az geroztik, ikusleek ere antzezlan onena saritzen hasi ziren, urte batzuetan epaimahaiaren sariarekin batera. Urte batzuetako datuak falta diren arren, 2003tik jada epaimahaiaren sariak desagertu eta Ikusleen Saria soilik banatzen da, hauek beraien botoekin aukeratuta.

Ikusi hemen Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetako saridunen zerrenda.

Kartel lehiaketa

Azpeitiko Udalak, topaketen kartela lehiaketa bidez aukeratu izan du 1983tik, egitasmo honen hasieratik alegia. Udaberrian martxan jarri ohi den lehiaketa horren asmoa, urte horretako topaketen eta horren baitako jardueren kartel irabazlea aukeratzea da. Lehiaketa irekia izan da beti, parte hartu nahi duen edozein artistari eta erabili nahi den teknikari, beti ere kartelean islatu beharreko gaia antzerkia dela kontuan hartuta.

Gainera, 1987ko dokumentuetan ikus daiteke lehiaketa honek ia betebehar bakarra zuela. Hain zuzen, Azpeitiko armarria eta topaketen ikurra (garbitokiko iturrietako aurpegia) kartelean izatea.

Covid-19 pandemia zela eta, 2020 eta 2021ean ez zen kartel lehiaketarik antolatu eta udala bera arduratu zen diseinuaz. 2022an, berriz, lan gutxi aurkeztu eta horien kalitatea 40.urteurren batetarako txikiegia zela ondorioztatuta epaimahaiak, berriro udala arduratu zen lan horretaz. Hain zuzen, urte horretako kartela ordura arteko kartel guztien bilduma batekin osatuta dago.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketako kartel guztiak eta irabazleen zerrenda.

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
Topaketetako 40 kartel irabazleak. Mural hau Soreasu Antzokiko sarreran dago ikusgai, 40.urteurrena ospatzeko egitasmoen baitan.

Omenaldiak

Antzerki Topaketa hauek beti izan dute, besteak beste, euskal kultura eta antzerkigintzari lotutako pertsonei aitortza egiteko helburua, horien ekarpena berriro gogora ekarri eta gizarteratzeko asmoarekin. Hori dela eta, 1989an hasi eta 2004ra arte, urtero omenaldi bat egin zen eta gerora ere egin izan dira omenaldi ekitaldiak.

Beste ekintza batzuen artean, omenaldi hauetan, autorearen obrak taularatu, beraiei buruzko erakusketak jendeari eskaini, irrati lehiaketak beraien baitan egin eta hauen bizitza zein obrak biltzen dituzten liburuak argitaratu dira, besteak beste.

Txalo saria

Herriko antzezle eta antzerkigileei aitortza berezia egiteko asmoz, Txalo Saria izeneko omenezko saria sortu zen 2008an. Hain zuzen, urte horretan, herriko antzezle Pilar Aizpitarteri eman zitzaion sari hau. Imanol Elias izan zen sari hau jasotzen bigarrena, 2009an, urteetan antzerkigintzari eta antzerki topaketei egindako ekarpenagatik. 2011an, Iñaki Bergara "Pio" izan zen hasi hau jasotzen azkena.

Azpeitia, antzerki sortzaile

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
Maritxu nora zoaz.. antzezlana, 2004an.

Historiak erakutsi du Azpeitiarrek antzerki sormena XX.mende erdialdetik izan dutela presente, hainbat helburu tarteko herritarrak elkartu eta antzerkigintza lantzen baitzuten afizioz. Gainera, Azpeitiko Udala 1994tik izan da euskal antzerkigintzan koproduzitzaile, urte horretako topaketetako 4 obren estreinaldia bultzatuz. Erakunde honek antzerki amateurrarekin duen konpromisoa beti presente izan du topaketetan. Hain zuzen, antzerki taldeei laguntzeak hauek beraien obrak topaketetan estreinatzea zekarrela eta honek egitasmoari balioa ematen ziela argudiatuta, Udala hainbat urtez izan zen antzerki koproduzitzaile.

Maritxu nora zoaz, Matxinada eta Herriye antzezlanak ere aipagarriak dira, izan ere, herritar ugarik parte hartutako produkzioak izan baitira.

Antzerki Sormen Egoitzak

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
Matxinada antzezlana, 2018an.

Gerora, asmo berdinarekin baina aro berri batean, Udalak eta Kulturaz Kultur Kooperatibak  elkarlanean baliabideak jarri zituzten etorkizuneko proiektu berrien bidelagun izateko eta euskal antzerki sortzaileak babesteko. Hain zuzen, egoitza edo beka hauen helburuak euskal eta batik bat euskarazko proiektu eszeniko berrien sormen prozesuak bultzatzea, sortzaile eta egituren arteko benetako hartu-emana sustatzea, elkarlan sareak osatu eta erreferentzia guneak indartzea eta sormen prozesuak balioan jarri eta herriko kultur dinamikan agertaraztea dira.

Honakoak izan dira gaur egun arteko Sormen Egoitzak:

  • 2015. Tetes des Mules konpainia (L’entresort).
  • 2016. Artedrama (Francoren bilobari gutuna).
  • 2017. Hika Teatroa (Txarriboda), Ze Onda Antzerki Taldea (Heriotza bikoitza), Itzel Antzerkia (Biziminak).
  • Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
    "Herriye" antzezlana, 2022
    2018. Benetan Be konpainia (Inondik Inora), Rubik konpainia (Babesleku arrotzak eta animalia basatien hotsak), Kamikaze Kolektiboa (Käffka), ATX Teatroa (7ak bat).
  • 2019. Garazi & Cia. (Erraia), Bonbonbeltz konpainia (Xaharretaz), Esti Curiel (35 hots).
  • 2020. Horman Poster kolektiboa (Antigone).
  • 2021. ATX Teatroa (Lubakia), Kamikaze Kolektiboa (Hiru kortse, azukra esko eta brandy gehiegi), Ze Onda Antzerki Taldea (Tempus Fugit).
  • 2022. Horman Poster kolektiboa (Souvenir, komeria estralurtarra), Metrokoadroka sormen laborategia (Zerbaitetan dabil baina ez dakit zertan), Mairu Anterki Tailerra (Intxaurra), Herriye Herri antzerkia.

Herriko antzerki taldeak

Historia atalean ikusi bezala, Azpeitiak lotura estua izan du euskal antzerkigintza amateurrarekin. Lotura estu eta konpromisoaren erakusgarri dira bertan sortu diren antzerki taldeak.

OARGI Antzerki Taldea

1956an, parrokiarekin lotura zuen OARGI (Organización Artística de Gipuzkoa) taldea sortu zen, bertan Imanol Elias partaide zela. Talde honen asmoa kultura ekimenak bultzatzea zen, hala nola, herriko festak, dantza ekitaldiak eta antzerkigintza, beti ere euskara lehentasun izanda. 1966an, diktadura garaia zela eta baimenak "Censura Teatral" sailari eskatu behar zitzaizkionez, Grupo Artístico Azpeitiano izena jarri zitzaion Oargi taldeari.

Taldearen lan nagusiak, behar zuten herritarei diruz laguntzeko asmoz antolatuak, honakoak izan ziren:

  • 1957: Damuba garaiz
  • Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
    Antxieta Antzerki Taldea
    1960: Pasioa - 100 herritar inguruk osatutako taldea. Donostiako Victoria Eugenia antzokian bi emanaldi egitera iritsi zen.

Antxieta Antzerki Taldea

Sakontzeko, irakurri: «Antxieta Antzerki Taldea»

1980an, Azpeitiko euskal antzerkiaren aintzindari diren Jacinto Arregi eta Inazi Rezabal - Potxolori antolatutako omenaldia antzerki talde honen lehen harria dela esan daiteke. Izan ere, herriko antzerkigintzaren loraldi berria ekarri zuen 1981ean "Ustegabeko poza" antzerkia taularatuz. Antzezlan hau egin zuen herritarren taldea lan horretara bakarrik mugatzea ekiditeko, Imanol Eliasek bultzatuta, Antxieta Antzerki Taldea sortzea erabaki zuten antzezleek. Talde honek 1997ra arte 15 antzezlan egin zituen.

Talde honetan herritar ugarik parte hartu bazuten ere, aktore nagusiak honakoak izan ziren: Pello Otaegi, Itziar Oiarzabal, Juanito Bikendi, Pilar Aizpitarte, Joxe Aranburu, Maritxu Unanue, Abel Izagirre, Mertxe Arregi, Xabier Arregi, Jose Mari Olaizola, Iñaki Bergara, Joxe Zabala, Iñigo Agirre, Imanol Elias eta Idoia Uranga, beste askoren artean. Imanol Elias izan zen ia hamarkada batez talde honen zuzendari.

Lakrikun Antzerki Taldea

Sakontzeko, irakurri: «Lakrikun Antzerki Taldea»
Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak 
Lakrikun Antzerki Taldea

1994an, Azpeitiko Ikasberri Ikastolaren babesean sortu zen antzerki talde hau, izan ere, hasiera batean ikastolako gurasoak ziren taldeko partaide, gerora guraso ez zirenak ere taldearen parte izatera iritsi baziren ere. Ikastolako ganbaran egiten zituzten entseguak, 2010ean, udalak, Izarraitz pilotalekuan lokal bat utzi zien arte.

Idoia Uranga izan zen ia urtero antzerki talde honen zuzendari, urte batez Inazio Tolosa izan bazen ere. Antzerki obra gehienen egilea Alaitz Olaizola izan zen. Bertan parte hartu duten aktoreak, berriz, asko izan dira: Gurutze Eizmendi, Idoia Uranga, Alaitz Olaizola, Kontxi Zinkunegi, Juanita Urdanpilleta, Jose Ramon Arsuaga, Tomas Bergara, Ana Alkorta, Jesus Maiz, Mailo Eizagirre, Iñaki Bergara, Pedro Oiartzabal, Boni Alegria, Martin Alegria, Itziar Elias, Iñaki Garate, Igor Aranbarri eta Kepa Urbieta.

Taldeak 2014an egin zuen bere azken antzezlana.

Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrak

Sakontzeko, irakurri: «Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerra»

Emakumeen Mahaiak jarri zuen martxan ekimen hau 2004ean eta gerora Azpeitiko Udaleko parekidetasun sailak kudeatzen zuen Jabetza Eskolen barruan sartu zen egitasmoa. 2015era arte izan zen martxan eta 30 emakumetik gora pasa ziren tailerretik eta urte bakoitzean, ikasturtearen bukaeran, lan berri bat estreinatzen zuten herrian. Lan hauek gero Azpeitiko Antzerki Topaketetan ere antzezten ziren.

Antzerki lanak idazteaz Alaitz Olaizola arduratu zen, taldeko dinamizatzaile edo “zirikatzailea”, aurrez taldeko emakumeekin landutako gaietatik edo bereziki landu nahi izan zituzten gaietatik abiatuz. Gai horiek, beti, emakumeekin zerikusia zutenak izan ziren eta tailerraren ikasturte osoan zehar kezka edo desio horien lanketa egiten zen antzerkigintzaren bidez.

Herriko antzezleak

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Azpeitiko Antzerki Topaketen webgunea

Tags:

Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak HistoriaAzpeitiko Euskal Antzerki Topaketak SariakAzpeitiko Euskal Antzerki Topaketak OmenaldiakAzpeitiko Euskal Antzerki Topaketak Azpeitia, antzerki sortzaileAzpeitiko Euskal Antzerki Topaketak Herriko antzerki taldeakAzpeitiko Euskal Antzerki Topaketak Herriko antzezleakAzpeitiko Euskal Antzerki Topaketak ErreferentziakAzpeitiko Euskal Antzerki Topaketak Ikus, gaineraAzpeitiko Euskal Antzerki Topaketak Kanpo estekakAzpeitiko Euskal Antzerki Topaketak1983AntzerkiAzpeitiaEuskal antzerkigintzaEuskaraGipuzkoa

🔥 Trending searches on Wiki Euskara:

GaltzagorriLandakBigarren Mundu GerraHBO MaxBordele20241947PirinioakOrgasmoGeorge SeatonMozoloStanhopea ecornutaNew YorkZakil1918Aitor Arregi GaldosErbinude arruntEnergia nuklearFelazioLiztor asiarImmigrazioa Euskal HerrianAbuztuaren 302024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeakContact (1997ko filma)Erramun MartikorenaGutun formalArrasateHernioEntretenimenduApirilaren 20Apirilaren 17Abd Allah ibn MuhammadZaragoza-Altsasu burdinbideaMarrazo1936ko Euskadiren Autonomia EstatutuaBartzelona Futbol KlubaAitor Sarriegi1974Agustin MujikaGorka PastorSoziedad AlkoholikaTaula periodikoaGarbiñe MuguruzaEguzki-loreBrad PittMaria AntonietaJuan Pedro LópezEstepan Aldamiz-EtxebarriaEider AlkortaGonzo pornografiaZornotzaJoxe Arregi IzagirreItxaso AtutxaJon AnzaLanestosaGolden Apple QuartetAzoreakTxalapartaAmy WinehouseSara Gandara1287Jabier MuguruzaNeomakTrebiñuHTML5GipuzkoaJuan Ajuriagerra OtxandianoInternational Standard Book NumberPatxi RuizGazte Koordinadora SozialistaMaddalen Iriarte🡆 More